Tricheten ohiko mezu kriptikoek doinu aldaketa izan zuten atzo. Inflazioa kontrolatu beharrari buruzko kezka lehen lerroan jartzetik, hazkunde ekonomikoaz ohi baino gehiago hitz egitera pasa zen. Onartu egin zuen euroaren eremuko jarduera ekonomikoa «ahultzen» ari dela, eta finantzamerkatuen egoera txarrak «ekonomia errealari aurretik uste zena baino gehiago» eragiten diola. Horregatik, lehen aldiz iazko abuztuan finantza krisia lehertu zenetik, tasen jaitsieraz eztabaidatu zuten EBZko gobernu kontseiluko kideek, nahiz eta aho batez erabaki zuten %4,25ean uztea.
Petrolioaren prezioaren jaitsierari esker eta ekonomia emergenteen eskariari esker «2009an zehar» hazkundea itzultzea espero du EBZk, baina erabat baztertu gabe energiaren eta elikagaien prezioek berriro gorakada handia izatea.
Mezu aldaketa ez da harritzekoa, euroaren eremuko ekonomiak atzeraldian edo haren ertzean daudelako. Irlanda dagoeneko badago ofizialki -azken bi hiruhilekoetan ekonomia murriztu egin da-, eta litekeena da Alemaniak, Frantziak, Espainiak edo Italiak ere berdin jakinaraztea hurrengo asteotan.
Edonola ere, Trichetek ez zuen inflazioa aipatzeke utzi. Onartu egin zuen «prezioen egonkortasunaren goranzko arriskuak» apaldu egin zirela, baina ez direla «desagertu». Eta iragarri zuen «garai batean behintzat» inflazioa %2ko helburu ofizialetik gora egongo direla. Uda hasieran %4ko muga hautsi ondoren, inflazioa moteldu egin da azken bi hilabeteotan. Irailean, %3,6ra heldu zen, abuztuan baino bi hamarren gutxiago.
Ustekaberik ez
EBZren erabakiak batzuk atsekabetu ditu, baina ez du inor harritu. Batetik, krisia hasi zenetik, banku zentralak nabarmendu du interes tasak ez direla erabili behar finantza erakundeen arazoak estaltzeko -horretarako daude likidezia jaulkipenak-, egonkor- tasun makroekonomikoa bermatzeko baizik. Orain bankuak estu dabiltzalako politika osorik aldatzeak kalte egingo lioke EBZren irudi serioari.
Gainera, EBZk oso garbi utzi du ez dituela ustekabeak gustuko, eta nahiago duela bere mugimenduak aldez aurretik iradokitzea, merkatuen erreakzioak bat-batekoak izan ez daitezen.
Tricheten agerraldiaren ondoren, euroak %1,8 egin zuen behera dibisa merkatuetan dolarrarekiko. Europako Banku Zentralak 1,3903 dolarrean ezarri zuen truke tasa ofiziala, txikiena iazko irailaren 19az geroztik. Urtea hasi denetik balioaren %5,55 galdu du euroak dolarrarekiko, eta %13,05 joan den uztailaren 15ean inoizko balio handienera -1,599- iritsi zenetik. Yenarekiko ere %1,8 galdu zuen eta azken bi urteotako truke tasa txikienean geratu zen.