Euriborra hatz puntekin ukitzen ari da %5eko muga. Atzo hamabigarren aldiz jarraian jaitsi ondoren, %5,02ra heldu zen, eta oso liteekeena da gaur are beherago egitea, Jean Claude Trichet Europako Banku Zentraleko presidenteak iragarri baitu datorren asteko bileran «ziur aski» interes tasak jaitsiko dituztela.
Zenbat apalduko dituzten ez du esan Trichetek, baina analistek uste dute beste %0,5 jaitsiko dituela. Urriaren 8az geroztik%3,75ean dago diruaren prezio ofiziala. Egun horretan EBZk ez ezik, AEBetako Erreserba Federalak, Ingalaterrako Bankuak eta beste banku zentral batzuek ere merkatu zuten dirua; guztiek, 0,5 puntu.
AEBetako Erreserba Federala bihar bilduko da, eta denek espero dute horrek ere beste puntu erdi jaistea tasak, %1,00era. Urriaren 8ko aurrekariarekin, ez da erabat baztertu behar EBZk eta beste bankuek ere egun hori aukeratzea beren iragarpenerako, nahiz eta Trichetek atzo Madrilen iradoki zuen azaroaren 6ko bilera arte itxarongo dutela.
Deigarria da aste gutxiren buruan finantza krisiak eta ekonomia errealaren atzeraldiak goitik behera aldatu izana Tricheten mezua. Irailera arte, inflazioa zen EBZren kezka nagusia, eta ekonomiaren motelaldiari ez zion jaramon handirik egiten. Atzo, berriz, inflazioari buruzko mezu baikorra eman zuen, eta epe erdira %2an geratzeko aukera handiak daudela aipatu zuen. «Lehengaien prezioa jaisten ari denez eta eskaria ere gutxitzen ari denez, prezioek gora egiteko arriskua apaldu egin da».
Petrolioaren merkatzearekin «zorte handia» izan dutela esatera iritsi zen. Atzo berriro ere behera egin zuen petrolioaren prezioak: Brent upela 61 dolarretik behera salerosten zen iluntzean Londresko merkatuan, ostiralean baino dolar eta erdi merkeago. Lurralde Petrolio-Esportatzaileen Erakundeak ekoizpena gutxitu izanak ez du upelaren prezioaren jaitsiera geratu.
Dirua bankuentzat
Finantza merkatuak lasaitzeko iragarritako neurriak indarrean jartzen ari dira. Esaterako, aste honetan hasiko da AEBetako Gobernua banku pribatuetako akzioak erosten. Lehen epean 125.000 milioi dolar gastatuko ditu, besteak beste, JP Morgan, Bank of America, Citigroup eta Goldman Sachs banku handien kapitala indartzeko. David Nason Altxorreko idazkariordeak iragarri duenez, beste 30.000 milioi jasoko dituzte eskualde batzuetan soilik aritzen diren banku txikiagoek.
AEBetan ez ezik, Europan ere ari dira gobernuak bankuetan esku hartzen. Belgikako Gobernuak atzo iragarri zuen 3.500 milioi euro gastatuko dituela KBC bankuaren tituluak erosteko. Bakoitzeko 29,90 euro pagatuko ditu Estatuak, eta KBCk berriro erosi ahal izango ditu, baina ia 45 euroan. Fortis eta Dexia bankuak ere salbatu behar izan ditu Bruselasko gobernuak.
Espainiak ez du bankuen akzioak erosteko asmorik, baina azaroan hasiko da finantza erakundeen tituluak erosten, 5.000 milioi euroko enkanteen bidez. Madrilek ziurtatu du ez duela bono zaborrik erosiko, eta helburua ez dela bankuak salbatzea, herritarrei eta enpresei maileguak emateko modua ematea baizik.
Trichetek iragarri du azaroan interes tasak jaitsiko dituztela «ziur asko»
Prezioek gora egiteko arriskua apaldu dela eta inflazioa %2an geratuko dela ziurtatu du Europako Banku Zentraleko buruak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu