Tubos Reunidoseko (TR) zuzendaritzak egin asmo duen lan erregulazioa bertan behera gelditu dadila eskatu du langile batzordeak, eta aurreratu du ez duela kaleratzerik sinatuko. Zuzendaritzak astelehenean jakinaraziko du zenbat langile kaleratuko dituen Trapagarango (Bizkaia) eta Amurrioko (Araba) instalazioetan, eta sindikatuek argi utzi nahi izan dute zein izango den haien jarrera. Era berean, greba eta elkarretaratze deialdiak egin dituzte hurrengo asteko astelehenerako eta ostiralerako.
Bi lantegietako langile batzordeak bateratuz osaturiko batzordeak egin du iragarpena. Batzorde horretan sindikatu abertzaleek gehiengoa dute: ELAk bost kide ditu, UGTk hiru, LABek eta CCOOk bina dituzte, eta ESK-k bat. Batzordearen osaketa xehetasun garrantzitsua da, hark erabakiko baitu zein pauso emango dituzten langileek erregulazioari dagokion negoziazio epean. Egun 1.400 langile inguru dira, eta zuzendaritzak ez du jakinarazi zenbati eragingo dien neurriak.
Batzordeak aurreratu du ez duela onartuko «enplegua suntsitzea» eragingo duen erabakirik, alegia, ez dutela kaleratzerik sinatuko. Uste du enpresa bideragarria dela eta egungo egoera txarra kudeatzaileen errua dela. Salatu dute langileek bakarrik pairatuko dituztela neurriaren ondorioak, eta lantaldeak ordainduko duela enpresaren erabakia: «Enpresa zuzendu dutenek eta hari diru publikoz eutsi dietenek erantzukizunik ez balute bezala».
GREBA GEHIAGOtara DEITZEKO PREST
Tubos Reunidoseko langileak ez daude amore emateko prest, eta argi dute protesta egitea ezinbestekoa dela egoera bideratzeko. Bi grebatara deitu dituzte, baina prest daude gehiagotara deitzeko. Bestalde, astelehenean Amurrioko (Araba) lantegiaren aurrean biltzera deitu dute. Elkarretaratzea 10:00etan hasiko da, eta batzordearen eta zuzendaritzaren arteko bilerak iraun bitartean egongo dira han. 13an ere beste elkarretaratze bat egingo dute Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean.
Altzairuzko hodien enpresako zuzendaritzak AEBetako muga zergen eraginari egotzi dio enpresak egun bizi duen egoera zaila; batzordeak, baina, gezurtatu egin du. Azaldu du ez dela «ezusteko krisi» baten ondorio, baizik eta zuzendaritzak 2008. urtean eskatutako maileguarena. Izan ere, enpresak 170 milioi euro eskatu zituen, eta, ezin duenez mailegua ordaindu, zorra bi aldiz handitu da. Â
Batzordeak gogoratu du TRk ehun milioi euro baino gehiago jaso dituela diru laguntza publikoen bidez —SEPI Espainiako Industria Ministerioko agentziak enpresa erreskatatu zuen 2021ean—, hala zeharkakoak nola zuzenak, eta laguntza horiek helburu garbia zutela: «Enpresaren bideragarritasuna bermatzea eta jarduna mantentzea».
Jauregi: «250 milioi euroko zorra du»
Gauzak hala, langileen ordezkariek erakunde publikoen esku hartze «erreala» eskatu dute, dirua jarri eta beste alde batera begiratzeaz harago doana. Langile batzordea eta Eusko Jaurlaritza hilaren 13an bilduko dira, eta data horretara begira Mikel Jauregi industria sailburuak nabarmendu du TRren egoera «oso konplexua» dela.
Eusko Legebiltzarrean eman ditu azalpenak, Sumarren galdera bati erantzunez, eta aurreratu du enpresaren bideragarritasuna lortzeko akordio zabalak beharko direla. Jauregik esana du Jaurlaritza ez dela bakarrik sartuko TR sorostera, eta inbertitzaile pribatuak lortzea ezinbesteko baldintza dela pauso hori emateko.
Sailburuak bere egin du AEBetako muga zergei buruz enpresak emandako azalpena, eta esan du zerga horien eraginez enpresak orain ez daukala bere hodiak non saldu. Halaber, azaldu du gaur egun enpresaren akzioek 0,25 zentimo balio dutela —Iazko otsailean 0,71 balio zuten—, eta pilaturiko zorra 250 milioi eurokoa dela. Gauzak hala, «zuhurtzia» eskatu du, eta gogoratu enpresak edozein neurri hartzen duela ere Jaurlaritza haren «kostu soziala» murrizten saiatuko dela.