Trump eta haren muga zergak: berriz ere nahasmena

Ez dago argi zer gertatuko den AEBetako Gorenak baliogabetutako muga zergen harira egindako akordioekin. Europako Parlamentuak izoztu egin du AEBen eta EBren arteko hitzarmenaren berrespena.

Kazetariak Trumpi galdezka, joan den ostiralean, Etxe Zurian. BONNIE CASH / EFE
Kazetariak Trumpi galdezka, joan den ostiralean, Etxe Zurian. BONNIE CASH / EFE
Irune Lasa.
2026ko otsailaren 23a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken egun hauetako nahas-mahasak iazko apirilaren 5a dakarkio gogora jende askori. «Askapenaren Eguna 2.0 da hau», esan du Veda Partnerseko Henrietta Treyz analistak gaur Bloomberg-en, sentimendu orokorra bikain islatuz.

Donald Trumpek, bere ohiko arrandiaz, Askapenaren Eguna (Liberation Day) deitu zion iazko apirileko egun hari. Orduko hartan, Etxe Zuriko Arrosen Lorategian afixa bat atera eta, oinarri erreal gutxiko irizpide arbitrarioekin, munduko herrialde guztiei elkarrekiko muga zerga handiak ezarri zizkien.

Nahasmena itzelezkoa izan zen agintarien, ekonomisten eta enpresen artean. Ezin ulertu zergatik ezarri zituen hainbesteko tasak eta zergatik ezarri zizkion %50ekoak bati eta %20koak besteari. Baina kontua da Trumpek, haiek arma gisa erabilita, herrialdeak zigortu dituela bitarte honetan, eta AEBekin negoziatzera behartu dituela haietako batzuk.

Eta amen egin diote herrialde batzuek, muga zerga apalagoak lortzeko, baita muga zerga ziurragoak lortzeko ere.

Legezkoak al dira muga zerga berriak?

Baina Trumpen muga zergak baliogabetu egin zituen AEBetako Auzitegi Gorenaren ostiraleko ebazpenak, eta Trumpek orain beste muga zerga batzuk ezarri izanak berriz ere hankaz gora jarri du dena: nahasmena itzuli da.

Trumpek ostiralean %10eko muga zerga globalak iragarri zituen, eta tasa %15era handitu zuen larunbatean. Bihar asteartean dira indarrean jartzekoak, eta soilik 150 egunez egon daitezke indarrean, hala zehaztu baitute Trumpek haiek ezartzeko erabili duen legean —1974. urteko Merkataritza Legearen 122. atalak—. Eta mila galdera sortu dira.

Galderetako bat berehalakoa da. Muga zerga berriak legezkoak dira? Ikusi beharko da norbaitek auzitara eramaten dituen, baina deigarria da legea Bretton Woodsen garaiko merkataritza moldeetarako egina dela, eta atal hori ez dela erabili izan orain arte. Dena den, bost hilabetean iraungiko dira muga zerga horiek — uztailaren 24an—, eta tarte txikia geratzen da auzitegiek haiei buruz ezer ebazteko.

Zer gertatzen da orain EBk onartutako akordioarekin?

Etxe Zuriak gaur bertan esan du herrialdeek akordio horiei eustea nahi duela. Baina zalantza asko dago EBk, Hego Koreak, Japoniak hala egingo ote duten... Batzuek garbiago azaldu dituzte akordioekin jarraitzeko eragozpenak, eta besteak, modu diskretuagoan, egoera berrira egokitzeko moduak aztertzen hasi dira.

Europako Batasuna izan da Trumpen zerga berriak direla-eta zorrotzen agertu dena. Europako Batzordeak «argitasun erabatekoa» eskatu zion larunbatean Etxe Zuriari. Batzordearen ustez, «egungo egoera ez da egokia merkataritza eta inbertsio transatlantiko bidezko, orekatu eta onuragarriak izateko».

Nolanahi ere, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak iazko uztailean Turnberryn —Trumpen Eskoziako oporlekuan— ametitutako akordioren berrespena izoztuta dago oraintxe bertan. Europako Parlamentuak datozen asteetan berretsi behar zuen akordioa, baina, gaur, parlamentuko Merkataritza batzordeak prozedura geratzea erabaki du. Aurretik ere egon da prozedura hori etenda, Trumpek, Groenlandiaren harira, muga zerga gehiago ezartzeko mehatxu egin zuenean.

MUGA ZERGAK, VON DER LEYEN, TRUMP (1)
Ursula von der Leyen eta Donald Trump, iazko uztailean, Turnberryn (Eskozia). FRED GUERDIN / EFE

Bestalde, gaur bertan muga zergei buruz hitz egiteko bilera itxia egin dute EBko enbaxadoreek eta Maros Sefcovic Batzordeko Merkataritza komisarioak. AEBen eta EBren arteko Turnberryko Akordio umiliagarriak Europari hainbat eginbehar ezartzen dizkio, eta ia bat ere ez AEBei. Batetik, EBk, besteak beste, gas natural kopuru oso handia erosi behar die AEBei, eta herrialde hartako ekonomian milaka milioi euroren inbertsioak egin behar ditu. Bestetik, EBko salgaiei %15eko muga zerga orokorrak ezartzen dizkie —Europako altzairuak eta aluminioak %50 arteko muga zergak dauzkate—.

Trumpek orain ezarritako muga zerga berriak %15ekoak izanda, pentsa liteke baldintzak berdin mantenduko direla, baina ez da hala. Izan ere, aurrekoekin ez bezala, zerga berriaren %15eko tasa hori beste muga zerga batzuei gehituko zaie, MME Munduko Merkataritza Erakundeko gutxieneko aduana zerga estandar modukoak direnei —produktuka ezartzen dira—. Beraz, Trumpen azken erabakien ondorioz, EBk adostutakoak baino zerga handiagoak ordaindu beharko lituzke.

Eta beste akordioak?

Esan daiteke nahasmena orokorra dela AEBek muga zergen harira lotutako akordio guztiekin. Adibidez, Australiari eta Erresuma Batuari aurretik ezarritako %10eko muga zergei eutsiko die Trumpek, edo %15eko zerga berriak ezarriko dizkie? Ezin jakin.

Egoera berri honetan, printzipioz, ondorioztatu daiteke bi herrialde horiek galtzaile aterako direla, eta beste batzuk, irabazle: Txina —%30eko muga zergak ditu—, Brasil —Bolsonaro epaitzeagatik %50eko tarifak ditu—, eta India bera ere. Hain zuzen, oraintsu lortu zuten AEBek eta Indiak ados jartzea, Indiari Errusiako petrolioa erosteagatik ezarritako %50eko tasak %8ra murrizteko. Baina orain, AEBetako Gorenaren ebazpenaren ondoren, Indiak akordioa ixteko elkarrizketak geroratu ditu.

Eta gero zer?

Trumpen jokatzeko modua dela eta, arazo handiak daude unean bertan zer gertatzen den jakiteko, eta, beraz, are zailagoa da aurreikustea zer gerta daitekeen 150 egun barru. Etxe Zuriak, teorian, baditu beste modu batzuk muga zergak ezartzeko, baina, horrelakoetara jotzeko, derrigorrezkoa da denbora batez ikerketak egitea, segurtasun nazionala arriskuan ote dagoen aztertzeko, edota AEBak merkataritza praktika bidegabeen biktima ote diren jakiteko.

Mehatxuka jarraitzen du

Trumpek atzerri politikarako bere jostailurik gogokoena galdu du AEBetako Gorenaren ebazpenaren ondorioz. Izan ere, Trumpek nahieran ezarri, igo edo ken zitzakeen muga zerga horiek egun batetik bestera, eta, hala, edozein ekonomia eta herrialde izutu eta mehatxatu. Baina orain ez du horretarako legezko modurik, erabil ditzakeen beste muga zergak ezin direlako horrela ezarri. 

Nolanahi ere, AEBetako presidenteak ez du jarrera erasokorra apaldu, eta Truth Social sare sozialean mehatxua egin du epaiarekin «jolasten» hasten den herrialde orori aurrekoak baino muga zerga handiagoak jarriko dizkiola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.