Indarrean daude Trumpen muga zerga orokor berriak, eta %10ekoak dira oraingoz

Neurriak ez du jaso AEBetako presidenteak larunbatean iragarritako igoera. Dauden moduan, ez lituzkete gaindituko zenbait herrialderekin egindako akordioetako muga zergak.

Edukiontziak Los Angelesko portuan. CAROLINE BREHMAN / EFE
Edukiontziak Los Angelesko portuan. CAROLINE BREHMAN / EFE
Irune Lasa.
2026ko otsailaren 24a
10:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dirudi asko iraungo duenik, Etxe Zuritik jada esan baitute ari direla muga zergak %15era igotzeko agindu formala prestatzen, baina, oraingoz, %10ekoak dira Donald Trumpen inportazio tarifa global berriak.

Maila horretan ezarri dira gaur indarrean, ostiralean AEBetako presidenteak sinatutako agindu exekutiboari jarraituz. Larunbatean etorri zen Trumpen iragarpena, muga zergak %15ekoak izango zirela, baina hori ez da oraindik paperetan gauzatu.

Horrek areagotu besterik ez du egin nahasmendua Trumpen asmoen eta haiei eman beharreko erantzunen inguruan. AEBetarako esportazioen gaineko zerga %10ekoa bada orain, ez litzateke gaindituko zenbait akordiotan jasotako muga-zerga sabaia.

Adibidez, Australiak eta Erresuma Batuak, AEBekin egindako akordioetan, %10eko muga zergak lortu zituzten, gehi Munduko Merkataritza Erakundean produktuka ezartzen diren Nazio Faboratuenen tasak. Beraz, bi herrialde horientzat, teorian, gauzak antzeko geratuko lirateke.

150 egun

Europako Batasunak, Turnberryko Akordioan, %15eko muga zergak ametitu zituen bere salgaientzat —edo Nazio Faboratuenen tasak, handiagoak balira—, eta, beraz, betiere teorian, %10eko muga zerga berriak EBren mesederako lirateke.

Baina ikusteko dago AEBek europarrei presio egingo dieten akordioarekin eta %15eko muga zergekin jarraitzeko; eta ikusteko dago, halaber, EBk jarraitu ahalko duen akordioarekin, besteak beste Europako Parlamentuak izoztu egin baitu hura berresteko prozedura.

Edonola ere, Trumpek iragarritako %15erako igoera berehala iritsi daiteke, eta kalkulu horiek guztiak alferrikako bihurtu, tasa horrekin ezbairik gabe gaindituko bailirateke herrialde gehienekin adostutako muga zergak.

Ez da ahaztu behar muga zerga horien iraupena 150 egunekoa dela, eta luzatzeko AEBetako Kongresuaren onespena beharko lukeela AEBetako presidenteak. Etxe Zuria, dena den, hasia da prestatzen epe hori bukatzen denean muga zerga berriak ezarri ahal izateko, ziurrenez aitzakia gisa hartuz segurtasun nazionalerako arriskua edo beste herrialdeen merkataritza praktika bidegabeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.