Beste buruko min bat nazioarteko merkatuentzat. Donald Trump AEBetako presidenteak iragarri du botikei %100eko muga zerga ezarriko diela. Ez da neurri berri bakarra izango: armairu eta bainugeletako altzariei ere %50ekoa jarriko die, altzari tapizatuei %30ekoa, eta kamioi astunei %25ekoa.
Sendagaiena da neurri nagusia. Baina salbuespen batzuk izango ditu: generikoak salbuetsita egongo dira. AEBetan saltzen diren botiken %90 dira generikoak, baina gastu osoaren %13 baino ez dira. Trumpek botika espezifikoak eta garestienak ditu jopuntuan.
Beste salbuespen bat ere iragarri du: AEBetan ekoizpen lantegiak eraikitzen dituzten enpresei edo horretan hasi direnei ez die muga zerga hori ezarriko.
Trumpen asmoa zera da: botiken prezioak jaistea AEBetan, produkzioa han lokalizatuz. Etxe Zuriko maizterraren arabera, beste inon baino garestiago ordaintzen dira han eta beste herrialde batzuk horretaz aprobetxatzen dira haien kontura sektorea errotu eta indartzeko eta I+G politikak finantzatzeko.
AEBetako presidenteak aspaldi iragarri zuen halako muga zerga bat ezartzeko asmoa, eta konpainia batzuk hasiak dira mugitzen. Besteak beste, Suitzako Roche eta Novartis, Frantziako Sanofi, Erresuma Batuko AstraZeneca eta GSK, eta Japoniako Takeda AEBetan fabrikak eraikitzeko planak iragarri dituzte: denera 300.000 milioi euroko inbertsioak aurreikusi dituzte 2030erako.
Ohi bezala, zehaztasun handirik eman gabe egin du iragarpena Trumpek, Truth Social bere sare sozialaren bidez. Adibidez, ez du jakinarazi neurriak amaitutako botikei soilik ala osagaiei ere eragingo dien, eta herrialde guztientzat berdina izango ote den.
Indarrean sartzeko zein arau baliatuko duen ere ez du zehaztu. Gogoratu behar da abuztu amaieran Washingtongo Helegite Auzitegiak bertan behera utzi zituela Trumpek ezarritako muga zerga gehienak, nahiz eta oraingoz indarrean jarraitzen duten, urriaren 14ra arte gutxienez.
Europan adi
AEBetan hartzen diren botiken %30 Irlandatik esportatzen dira —%47 EBtik—. Uztail amaieran Washingtonek eta Bruselak eginiko akordioan ez zen sendagaientzako berariazko zerga mugarik adostu, eta %15eko tasa orokorraren pean geratu zen. Baina itun orokor hori zehazteko daukate bi aldeek. Europako Batzordea, hala ere, ziur agertu da %15ean mantenduko dela.
Suitzaren pisua %9koa da. Bere kabuz negoziatzen ari da AEBekin. Washingtonek %39ko muga zerga orokorra ezarri die hango produktuei, baina zerrenda horretatik kanpo geratu ziren botikak. Ikusteko dago %100ekoa jarriko dien orain ala besteren bat adostuko duten.
Europako autogintzak ere kezka agertu du, Trumpen iragarpena dela eta. %27,5eko muga zerga %15era jaistea adostu zuten AEBek eta EBk abuztuan. Trumpek, orain, kamioi astunei %25ekoa jarri nahi die. Europan, Alemania da halako ibilgailuen esportatzaile nagusia, baina %0,7ko kuota baino ez du AEBetan —ia %80koa du Mexikok eta %15ekoa Kanadak—.