Apelazio auzitegi batek bertan behera utzi ditu Trumpek ezarritako muga zerga gehienak

Indarrean jarraituko dute urriaren 14a arte, eta AEBetako presidenteak denbora izango du helegitea jartzeko. Bien bitartean mundu osoari eragingo dion %10eko muga zerga iragarri du.

Donald Trump, apirilaren 2an, muga zerga orokorrak ezarri zituenean. KENT NISHIMURA / EFE
Donald Trump, apirilaren 2an, muga zerga orokorrak ezarri zituenean. KENT NISHIMURA / EFE
aitor biain
2025eko abuztuaren 30a
10:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nazioarteko ziurgabetasunari ziurgabetasun handiagoa erantsi dio justiziak Ameriketako Estatu Batuetan. Washingtongo Helegite Auzitegiak bertan behera utzi ditu Donald Trump presidenteak mundu guztiari ezarritako muga zerga gehienak, legez kanpokoak direla argudiatuta. Oraingoz, hala ere, indarrean jarraituko dute urriaren 14ra arte gutxienez, eta horrek aukera emango dio presidenteari Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko.

Epaileen arabera, Trumpek ezin du muga zergei buruz erabakirik hartu, eskumena Kongresuari baitagokio eta ez presidenteari. Adierazi dutenez, ez da legezkoa muga zergak ezartzeko Etxe Zuriko maizterrak erabili duen bidea, hots, 1977ko larrialdietarako legea. Izan ere, Trumpek lege hori baliatu zuen larrialdi egoera ezarri eta munduko ia herrialde guztiei muga zergak aplikatzeko.

«Legeak botere esanguratsua ematen dio presidenteari behar diren neurriak hartzeko eta hala deklaratutako larrialdi nazionalari erantzuteko, baina horietako batek ere ez du esplizituki aipatzen muga zergak edo zerga arauak ezartzeko ahalmena duenik», adierazi dute epaileek.

Joan den maiatzean AEBetako Merkataritza Auzitegiak aho batez hartutako erabakia berretsi dute epaileek. Auzitegi horrek ere ebatzi zuen Trump bere eginkizunez kanpo aritu zela muga zergak ezartzerakoan. Eta apirilaren 2an munduko ia herrialde guztiei ezarritako %10eko muga zerga orokorrak blokeatzeko agindu zuen, baita Txinari, Kanadari eta Mexikori fentaniloaren inguruan jarritakoak ere.

Ordea, Washingtongo Helegite Auzitegiak behin-behinean eten zuen agindu hori, AEBetako presidenteak jarritako helegitearen ondoren. Baina, orain, arrazoia eman dio Merkataritza Auzitegiari, eta bere egin ditu haren argudioak ere. Gaur goizeko erabakiak, bada, bertan behera utzi ditu Trumpek Askatasunaren Eguna deitutakoan iragarri zituen muga zerga orokorrak.

Erabakiak ez die eragingo altzairuari, aluminioari eta automobil inportazioei ezarritako %25eko muga zergei. Izan ere, Trumpek beste bide bat erabili zuen horiek ezartzeko: merkataritza legearen 232. atala, hain zuzen ere. Atal horrek bide ematen dio AEBetako presidenteari segurtasun arrazoiak argudiatuz sektore jakin batzuei muga zergak ezartzeko.

Gorenak du azken hitza

Ebazpenak Donald Trump haserretu du, baina AEBetako presidentea ez dago amore emateko, eta ez dien hain erraz muzin egingo bere politika ekonomikoaren ardatz diren zergei. Erabakia baloratzeko eginiko agerraldian aurka bozkatu duten epaileak iraindu ditu eta atzerriko interesen menpe aritzea leporatu die, eta gaineratu du hura «saihesteko moduak» egon daitezkeela: «Baliteke epaiak ez mugatzea presidenteak muga zergak ezartzeko duen boterea». Halaber, nabarmendu du 301 eta 232 ataleko muga zergek indarrean jarraitzen dutela —besteak beste autogintza, altzairuak eta aluminioa zergapetzen dituzte—, eta mundu osoari eragiten dion %10eko behin behineko muga zerga orokor bat iragarri du. Azken erabaki hori AEBetako Merkatu Legearen 122. atalean oinarrituta hartu du. Atal hori salbuespen lege bat da eta 150 egunez luzatu daiteke asko jota.

Edonola ere, ikusteko dago zer gertatuko den harrezkeroztik egindako akordioekin, Trumpek herrialde guztiekin banan-banan negoziatu baititu merkataritza akordioak, AEBetan inportatzen dituzten zein produktu zergapetuko dituen eta zein ez adosteko. Europako Batasunak, esaterako, soka tenkatu du, eta, azkenean, abuztuaren 1ean jarri zen indarrean %15eko muga zerga orokorra. Hala ere, tasa horretatik salgai batzuk salbuetsi gura ditu Bruselak, aste honetan iragarri duenez. Besteak beste, automobilei ezarritako zerga %27,5etik %15era murriztu nahi du, eta proposatu du trukean AEBetako salgaiei muga zergak kentzea.

Azken hitza Auzitegi Gorenak izango du, Trumpek jada iragarri baitu helegitea jarriko duela. AEBetako presidenteak berehala erantzun du, ohi duen moduan, Truth sare sozialean argitaratutako mezu baten bidez: «Muga zerga guztiek indarrean jarraitzen dute!», idatzi du, letra larriz, eta zera erantsi du: «Apelazio auzitegia, zeina nabarmen alderdikoia baita, oker dabil muga zergak bertan behera geratu beharko liratekeela esatean, eta badaki Ameriketako Estatu Batuek irabaziko dutela azkenean».  

Trumpek adierazi du muga zergak bertan behera geratzen badira «hondamendia» litzatekeela AEBentzat, finantza arloa «ahultzea» ekarriko lukeelakoan: «Eta indartsuak izan behar dugu». Azpimarratu du, halaber, apelazio auzitegiaren erabakiak aurrera egiten badu AEBak «ezereztuko» dituela. Bada, esan du Gorenaren «laguntza» baliatuko duela hori eragozteko —gehiengo kontserbadorea du Gorenak—.

Horrenbestez, epaile kontserbadoreengan jarri ditu itxaropen guztiak —ekainean jada haren dekretuak lehenetsi zituzten epaitegi federalen aurrean—; soilik haiek salba dezakete haren bigarren agintaldiko bide orria. Izan ere, AEBetako presidenteak muga zergak baliatu ditu bere politika ekonomikoaren eta atzerri politikaren zutabe gisa, eta bertan behera geratzeak ondorio izugarriak eragingo lituzke, hala politikoak nola ekonomikoak. Trumpek muga zergen bitartez lortutako milaka milioi dolarren diru sarrerak baliatu nahi baititu defizita murriztu eta AEBetako industriari bultzada bat emateko.

Baina, oraingoz, plana ez doa hark espero moduan. Finantza merkatuek jada ohartarazi zioten joan den apirilean bide arriskutsua dela kanpo merkataritza hankaz gora jartzea. Abisua jaso eta elkarrizketen bideari ekin zion orduan, bere plana alboratu gabe. Asteartera arte itxaron beharko da orain merkatuen erantzuna zer-nolakoa izango den ikusteko, ebazpena ezagutarazi zenerako Wall Street itxita baitzegoen, eta astelehena jai eguna baita AEBetan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!