Trumpen eta Xiren arteko bilera, gauzek bere hartan segi dezaten

Egonkortasuna da helburu nagusia AEBetako eta Txinako agintari gorenen hitzorduan. Nahiz eta bi herrialdeek elkarri mesfidantzaz begiratzen jarraitu, bertan goxo eginda daude merkataritza gerran duela ia urtebete iritsitako pausaldiarekin.

Xi Jinpingek eta Donald Trumpek azken aldiz Pekinen ikusi zuten elkar, maiatzean.  ETXE ZURIA / EFE
Xi Jinpingek eta Donald Trumpek azken aldiz Pekinen ikusi zuten elkar, maiatzean. ETXE ZURIA / EFE
Irune Lasa.
2026ko irailaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Xi Jinpingek bisita egingo dio Donald Trumpi Washingtonen. Txinako presidentea gaur iritsiko da AEBetara; bihar Trumpekin bilduko da, eta Etxe Zurian haren omenez egingo den galako oturuntzaren biharamunean partituko da etxera, NBEren bilkuran parte hartu gabe. Bi liderren arteko bileratik, bi herrialdeen arteko merkataritza gerran iaz lortutako su etenaren luzapen bat espero daiteke, hotsandiko adierazpenez eta argazkiez gain.

Ezaguna da Donald Trumpi zenbat gustatzen zaion hots handitan ibiltzea. Trumpek sinesten du Xi Jinpingi ongietorri militar arranditsua eginda, hari Etxe Zuri urreztatuan galako oturuntza eskainita eta historiarako argazkia aterata bera ere lider sendo, boteretsu, beldurgarrien taldean dagoela.

Edonola ere, azaroko agintaldi erdiko bozketak beste arrazoi bat dira AEBetako presidenteak ahalik eta oihartzun handiena emateko bisitari, kezka hor baitauka, inkesta batzuek atzean uzten dituzte-eta hautagai errepublikano asko.

Egonkortasuna

Pentsatzekoa da Xi Jinpingek pragmatikoago hartzen duela bisita. Hasteko, ez delako horren handi-mandia, ezta beharrik ere: Xik ez du zertan aldiro aldarrikatu boteretsua dela.

Baina Pekingo agintariari komeni zaio Trump lasai edukitzea. «Egonkortasuna» aipatu izan du behin eta berriz, eta, horretarako balio badu bisitak, balio beza. Txinak topatu ditu bideak AEBek haien produktuei ezarritako baldintzak neurri handi batean saihesteko, baina merkataritza kontuetan oraindik ere behar du bakea —su etena, kasu honetan—. 

Bitartean, Xik badaki badituela, behar izanez gero, AEBak estutzeko moduak. Eta Trumpek ere badaki Xik badituela modu horiek.

Lur arraroen esportazioak

2025eko apirileko Askapen Egunean eta hurrengo egunetan, AEBak Txinari muga zerga neurrigabeak ezarriz joan ziren —uneren batean %145etik gorakoak ere izan ziren—. Trump otzantzeko, Txinak bere esportazio jakin batzuen gaineko kontrola estutu zuen, batez ere lur arraroen esportazioena. Hala, muga zergak apaltzera eta negoziatzeko epeak zabaltzera behartu zituen AEBak.

Iazko urriaren bukaeran iritsi zen, Busanen (Hego Korea), urtebeteko su etena bi potentzien arteko merkataritza gerran. Lur arraroen ekoizpenean duen ia erabateko nagusitasuna giltzarria izan zen Txinarentzat, Trumpen handinahiak baretzeko. Orduko hartan, hainbat industriarentzako funtsezkoak diren lur arraroen esportazioen iturria berriz zabaldu zuen Pekinek.

Zenbat luzatu su etena

Berez, azaroaren 10ean iraungitzen da Busanen adostutako merkataritza gerrako urte beteko su etena, eta bi aldeek luzatu nahi dute, baina ez daude ados noiz artekoa nahi duten.
Estatubatuarrek luzapen motzagoa, sei hilabetekoa izatea bultzatu dute negoziazio mahaian; txinatarrek, berriz, Trumpen agintaldiaren amaierara arte nahi dituzte kontuak lotuta eduki; hots, bi urte gehiagorako. Besteak beste, Txinaren merkataritza superabita zelako Trumpen muga zergen argudiorik handiena, eta 2026an superabit hori 2025eko 1,2 bilioi dolarreko errekorra haustear delako.

Hala ere, esportazio horien jarioa berriz ere murriztu egin da abuztuan, hain zuzen Trumpen eta Xiren arteko bileraren aurretik. Lur arraroen esportazioetan urte honetarako hitzartutakoaren bi heren bete ditu orain arte Pekinek. Bilera aurreko indar erakustaldi bat ote?

AEBetako soja

Negoziaziorako Txinaren beste tresna eraginkor bat AEBetako sojaren erosketak izan dira. Pekinek aurten AEBei 25 milioi tona soja erosteko konpromisoa hartu zuen Busanen, eta horrekin Trumpi lorpen salgarri bat eskaini. Gorabeherekin, Txinak soja kantitate horren erdia inguru erosi du bitarte honetan, eta badirudi gai izango dela urte bukaeran konpromisoa betetzeko.

Beste konpromiso batek zalantza gehiago pizten ditu: joan den maiatzean Trumpek Pekin bisitatu zuenean, Txinak onartu zuen 2028ra arte 17.000 milioi dolarren (14.800 milioi euro inguru) erosketak egitea urtero AEBetako nekazaritza salgaietan. Ez dago argi kopuru horretan sartzen diren soja erosketak. Hala ez balitz, orain arteko martxan, Txinak zaila du esandakoa betetzea.

Muga zergak arintzea

Nekazaritza eta energia salgai batzuen merkataritza «liberalagoa» hizpide izan dute bi aldeetako negoziatzaileek Washingtongo bilera honen atarian. Maiatzeko bileran ere aritu ziren gaiaz, eta muga zerga txikiagoekin salerosteko moduko ondasun ez-sentikorren zerrenda bat osatzeko konpromisoa hartu zuten. Agian arlo horretan irits daiteke zehaztasun gehiago aste honetan.

bessent
Scott Bessent AEBetako Altxorreko idazkariak eta He Lifeng Txinako presidenteordeak negoziazio bilera izan zuten igandean, New Yorken. BESSENTEK X-N ARGITARATUTAKO IRUDIA

Txipak eta adimen artifiziala

Badago zerbait txinatarrek gustura asko erosiko luketena eta AEBek saldu nahi ez dietena: txip aurreratuenak. Horiek dira AEBen kartarik onena Txinarekin negoziatzeko, baina, era berean, bi herrialdeen arteko mesfidantza handiaren erakusgarri ere badira. Txip horien esportazio kontrolei eusten diete AEBek, eta oraindik ere halakoak fabrikatzeko makinak erostea eragozten dio Txinari.

Txipen inguruan ez da inolako akordiorik espero aste honetarako. Adimen artifizialaren arriskuei buruzko aipamenen bat, berriz, izango da agian. Igande honetan, Scott Bessent AEBetako Altxorreko idazkariak esan du Txinarekin izandako azken negoziazioetan «intzidentzietarako eta segurtasun nazionaletarako» AEBen eta Txinaren arteko abisu tresna bat proposatu dutela. Hots, gutxieneko komunikazio baterako bidea. Ikusi beharko da, Trumpen azken hitzaren zain, zenbateraino geratzen den hori asmo adierazpen hutsal batean.

Iran eta Taiwan

Arriskuez hitz egiterakoan, pentsa daiteke Trumpek eta Xik Ormuzko itsasarteko egoeraz ere hitz egingo dutela. Badirudi Trumpek nahi duela Xik presio egitea Irani, baina Txinako presidentearen borondateari zaila da antzematen.

Hori bai, Txinako hedabideen arabera, ia ziurra da Xik Trumpi Taiwan aipatuko diola. Halaxe egin zuen maiatzean Pekinen ere.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA