Badirudi azken urteetan geroz eta handiagoa egin den adimen artifizialaren burbuila pixkanaka zulatzen ari dela, sektore horretan eginiko apustu agian handiegiaz kezkatuta; bada, aste honetako AEBetako agintaldi erdiko bozetan Alderdi Demokratak eskuratutako garaipen argiak kezka horiek areagotu ditu, eta horrek eragina izan du mundu osoko burtsa nagusietan.
Donald Trump AEBetako presidenteak zaplaztekoa hartu eta hurrengo eguna %5,5eko galerekin itxi zuen Nasdaq indizeak, konpainia teknologiko handienak hartzen dituenak, 2025eko apiriletik izan duen egunik okerrena —orduan Trumpek herrialde guztiei ezarriko zizkien muga zergak iragarri zituen—. Wall Streeten abiatutako olatua mundu osora zabaldu da gaur, eta, batez ere, Asiako burtsa nagusietan nabaritu dute gehien: Japoniako eta Hego Koreako burtsek %6ko galerekin ekin diote goizari, eta Taiwangoak %9koekin.
Ez da kasualitatea herrialde horiek kaltetuenak izatea: teknologia sektorearekin estuki lotutako herrialdeak dira, eta alor horretako enpresak gorabeherak izaten ari dira azken egunetan. Izan ere, Trumpen bigarren agintaldiko apustu indartsuenetako bat izaten ari da adimen artifiziala, besteak beste, datu zentroen instalazio handien eraikuntzarekin eta enpresek eginiko inbertsio erraldoiekin.
Aurrerantzean, ordea, Alderdi Demokratak Ordezkarien Ganberan eta Senatuan gehiengoa izango du: hori horrela, enpresa eta inbertsore asko pentsatzen hasiak dira teknologia berri horren garapena eta hedapena zorroztuko dutela AEBetan, ekoizpenari eta salmentari erregulazioak ezarrita. Ondorioz, orain arte adimen artifizialean milioiak gastatu dituzten inbertsoreak haien akzioak saltzen hasi dira, burbuila berehala lehertuko den beldurraz.
Asiako burtsa nagusienen aldean, galera txikiagoak izan dituzte Europakoek egunaren hasieran, teknologia sektorean duten garrantzia baxuagoaren seinale: besteak beste, Alemaniako Dax indizea %1,7 jaitsi da eta Frantziako Cac indizea, berriz, %1,4.
Erraldoien erorikoa
Burtsa nagusiekin batera, adimen artifizialaren industriako enpresa erraldoiak galera handiak pilatzen ari dira azken egunetan, inbertsoreek haien akzioetan duten mesfidantzak baldintzatuta. Teknologia berri horren garapenerako ezinbestekoak diren mikrotxipen munduko ekoizle handiena den TSMC taiwandarraren balioa, esaterako, %5 jaitsi da burtsan —%8,5 jaistera ere heldu da une batean—.Â
AEBetako teknologia konpainia erraldoienek antzeko jaitsierak izan zituzten atzo: Nvidiak merkatuaren %85 dauka adimen artifiziala garatzeko ezinbestekoak diren prozesadore grafikoen alorrean, eta burtsan duen balioa ia %10 jaitsi zen.Â