Tubacexeko langileen greba luzearen amaiera ordu gutxiko kontua izango da; urrats bakar bat falta da enpresako zuzendaritzaren eta sindikatuen arteko akordioaren aurrekoa lortzeko. Izan ere, langile batzordeak proposamen bat egin dio beren borondatez kaleratzea onartu zuten 22 langileen etorkizunari buruz, eta zuzendaritzak ontzat hartu du.
Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailaren bitartekaritzarekin aritu dira azken asteotan negoziatzen, eta hark bilera batera deitu ditu bi aldeak biharko, 16:00etatik aurrera. Litekeena da bilera horretan lotzea akordioaren aurrekoa.
Joan den astean, bazirudien bitartekaritzak arrakasta izan zezakeela, baina osteguneko bileran berriro haustura gertatu zen, langileek ez baitzuten azken eskaintza onartu, azken orduko aldaketen ondorioz.
Iragan otsailean abiatu zuten greba mugagabea Tubacexek Araban dituen bi lantegietan, Amurrioko Aceralavan eta Laudioko TTIn. Horrekin salatu nahi zuten zuzendaritzak 150 langile kaleratu nahi zituela, zailtasun ekonomikoak argudiatuta. Jesus Esmoris kontseilari ordezkariak 2020ko ekainean bertan ohartarazi zuen enpresak zailtasun handiak zituela, COVID-19ak eragindako arazoak batu zitzaizkiolako Tubacexen hidrokarburo konpainien inbertsioen jaitsierari —haiek dira Arabako enpresaren hodien bezero nagusiak—.
Apirilean gauzatu ziren kaleratzeak, eta hasieran zuzendaritzak nahi zituenak baino gutxiago izan ziren: 129.
EAEko Justizia Auzitegiak, ordea, kaleratzeak baliogabetu zituen uztailaren hasieran, Tubacexen arazoak behin-behinekoak zirela argudiatuta. Erabaki horren aurkako helegiteak trabatu egin du orduz gero gatazkaren konponketa: ezer hitzartu aurretik helegitea kentzeko eskatu dute langileen ordezkariek, eta eusteko asmoari eutsi dio enpresak.