Lan gatazkak

Tubacexen eskaintza baztertu dute sindikatuek: «Xantaia bat da»

Langileen ordezkariek ez dute onartu greba bertan behera uzteko baldintza. Ezbaian jarri dituzte zuzendaritzaren konpromisoak.

Tubacexeko langileen protesta bat, enpresak Derion duen egoitzaren aurrean. AIARALDE.EUS
jokin sagarzazu
2021eko maiatzaren 20a
18:51
Entzun

Tubacex enpresaren Amurrioko eta Laudioko fabriketan (Araba) ordezkaritza duten sindikatu guztiek baztertu egin dute zuzendaritzak aste hasieran eginiko eskaintza, «xantaia» bat delako. Ostiral honetan bi planta horietako langileek 100 egun egingo dituzte greba mugagabean, aldi baterako erregulazio espedienteko 129 kaleratzeen aurka. Sindikatuen arabera, proposamenak helburu bakarra du: mobilizazioa bertan behera uztea eta neurria onartzea. Hortik aurrera, eta «lerro artean» aipatzen direnak aztertu ondoren, salatu dute eskaintzan «iruzurrak» eta «mehatxuak» daudela, eta onartezina dela. Langileen batzordea osatzen duten sindikatu guztiek bat egin dute irakurketa horrekin, eta, nork bere batzarrean bozkatu behar duen arren, ziurtzat jotzen dute zuzendaritzaren proposamenari ezezkoa emango diotela. 

Enpresak lanean jarraituko duten beharginentzat egin du bere eskaintza. Kaleratzeei buruzko negoziazioak apirilaren 15ean amaitu ziren, eta espedientea EAEko Auzitegi Nagusian dago, epailearen oniritziaren zain. Gainerako beharginei, berriz, «etorkizunera begirako proposamen» bat egin die zuzendaritzak, baina baldintza batekin: greba bertan behera uztea. Proposamenak iraungitze data du: maiatzaren 31.

Lerro artekoak

Langileek protestak amaituz gero, Tubacexek konpromisoa agertu du datozen hiru urteetan Arabako plantetan dituen lanpostuei eusteko eta soldatak 2021eko mailan mantentzeko, baina, langileen batzordeko iturriek azpimarratu dutenez, iruzur bat da proposamen hori. Gogorarazi dute aurten iraungiko dela egun indarrean dagoen lan hitzarmena, eta uste dute eskaintza horrekin zuzendaritzak euren lan baldintzak hobetzeari uko egitea inposatu nahi diela langileei. Lanpostuei eusteko proposamenari buruz, berriz, gogorarazi dute azken urtean 329 langile kaleratu dituztela, 200 behin-behinekoak eta 129 finkoak, eta lantaldea jada minimoetan dagoela. 

Baina langileen batzordeko kideak gehien haserretu dituen puntua zera izan da, eskaintza greba uzteko eskaerarekin lotzea: xantaia bat da, haien iritzian. Uste dute enpresak epaiari itxaron gabe itxi nahi dituela kaleratzeak, eta auzibidea saihestu nahi duela horrela. Gainera, azpimarratu dute egindako eskaintzek ez dakartela onurarik. Azaldu dute kalte ordainak hobetzeko eta kaleratutako langile batzuk berriz hartzeko agertutako konpromisoa eta borondatea ez direla benetakoak. Adibidez, gogorarazi dute proposatutako kalte ordainak epaileek ebatz ditzaketenak baino txikiagoak direla. 

Horrekin batera, behargin batzuk berriz hartzeari buruz zuzendaritzak eginiko proposamena ere kritikatu dute: konpromisoa agertu du barne promozio bidez betetzen ez diren kontratazioen erdia kaleratuei eskaintzeko, baina langileen batzordean susmoa daukate enpresak ez duela konpromiso hori beteko, sektorearen egoera argudiatuta. Gainera, hori eginda ere, gogorarazi dute enpresak berak hautatuko lituzkeela beharginak, eta lan baldintzak banaka negoziatuko lituzkeela, lan hitzarmenetik kanpo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.