Tubos Reunidosek (TR) eman du kopurua: 301 kaleratze; horietatik 274 Amurrioko (Araba) lantegian eta 27 Trapagarangoan (Bizkaia). Enpresak CNMVra bidalitako ohar bidez jakinarazi du zifra, bi lantegietako langile batzordeekin izan duen bilera amaitu baino lehenago. Kopuruaren berri hedabideen bitartez izateak haserrea piztu du lantegiaren kanpoan protestan zeuden langileen artean. Zuzendaritzaren arabera, martxan jarri duen bideragarritasun planak hiru hanka ditu, eta horietako bat da kostuak murriztearena. Beste biak merkatuen dibertsifikazioa eta zorra berriz negoziatzea dira.
Zuzendaritzak langile batzordeari zehaztu dionez, kontratu finkoa duten 214 langile eta behin-behinean diharduten 87 sartu nahi ditu erregulazio espedientean. Hodigintza enpresak 1.300 langile ditu guztira, hortaz, lantalde osoaren ia laurden bat litzateke. Hori, baina, ez da izango kostuak murrizteko hartuko duen neurri bakarra: besteak beste, iragarri du Amurrioko altzairutegiko jarduna eten egingo duela nahikoa eskari ez dagoelako. Gainera, ekoizpen lerro batzuk lantegietatik atera nahi ditu, baita mantentze lanak eta logistika ere.
Enpresaren arabera, langile batzordeei aurkezturiko bideragarritasun plana aplikatuta, enpresak galerak izateari utziko lioke 2027an. Hori bai, horretarako 273 milioi euroko zorra berriz negoziatu beharko luke, eta zordunen oniritzia lortu. Era berean, sindikatuek erregulazioko baldintzak onartzea behar du. Halaber, enpresak hitzeman du merkatuak dibertsifikatzen saiatuko dela, eta negozio aukerak bilatuko dituela Alemanian, Italian, Espainian eta Saudi Arabian. Garu egun, ekoizpenaren erdia AEBetan saltzen du.
263 milioi euroko zor pilatua
Datuak mahai gainean dituztela bildu dira Tubos Reunidoseko zuzendaritza eta bi lantegietako langile batzorde bateratua. Eta datuak txarrak dira. Enpresak bileraren aurretik jakinarazi duenez, 2025ean 71,3 milioi euro galdu zituen. Enpresak goizean hedabideetara bidalitako ohar batean eman du datu horien berri. Zuzendaritzak zehaztu duenez, eskaria luze gabe murriztuko dela espero du, eta bere azpiegitura egokitu beharra dauka proiektua bizirik mantentzeko. Alde horretatik, langileekin akordioa «ahalik eta bizkorren» lortzen saiatuko da, eta, hala izan ezean, neurri zorrotzagoak hartu beharko lituzke. Gauzak hala, sindikatuei esan die akordioa lortzea «ezinbestekoa» dela bideragarritasuna bermatzeko.
Behin-behineko datuak direla jakinarazi du enpresak, oraindik zenbatu gabe daudelako AEBetako aktiboen balio galera. Hura da konpainiaren hodien merkatu nagusia —salmenten %50 inguru egin zituen han 2023an eta 2024an—, eta hain zuzen ere, iazko emaitza kaskarren erantzule nagusia. Donald Trumpen gobernuak %50eko muga zerga ezarri zien martxoan Europako Batasuneko altzairu eta aluminio esportazioei, eta horrek eskarien jaitsiera handia eragin zion Amurrioko konpainiari.

AEBetan galdutako negozioa Kanadan, Alemanian, Indian eta Ekialde Hurbilean konpentsatu nahi izan du Tubos Reunidosek, baina erdizka baizik ez du lortu. Batetik, Kanadak berak muga zergak igo dituelako, eta, bestetik, petrolioaren merkatzeak inbertsioak moteldu dituelako eta, hortaz, baita Tubos Reunidosen hodien eskaria ere. Egoera horrek agerian uzten du zergatik bilatu nahi dituen merkatu berriak.
Datu guzti-guztiak ez dira txarrak. Esaterako, fakturazioa %13 handitu zuen, 365,7 milioi euro saltzeraino. Baina muga zergen kaltea konpentsatzeko, prezioak jaitsi behar izan zituen, eta horrek errentagarritasuna kendu dio negozioari. Konpainiaren emaitza operatiboa bera (zorraren amortizazioa kontuan hartzen ez duena) negatiboa izan da (-22,8 milioi). Â
Ondorioz, konpainiaren zor handia are gehiago puztu da, 234,3 milioi eurotik 263,2 milioira igaro baita: enpresaren akzio guztiek duten balioa halako sei. 113 milioi Espainiako Industria ministerioaren SEPI agentziari zor dizkio. Hark 2021ean utzi zizkion, erreskate gisa, eta dagoeneko esan du ez dizkiola barkatuko. Dena den, Jordi Hereu Espainiako Industria ministroak aurreratu du lanpostu galera murrizten saiatuko direla eta erraztasunak emango dituztela. Zorraren beste zatia bankuekin du TRk, batez ere BBVArekin —enpresaren %5aren jabea ere bada—.
Protestak Amurrion
Tubos Reunidosek 1.300 langile ditu Euskal Herrian, horietatik 900 Amurrioko lantegi nagusian (Araba) eta 350 inguru Trapagaranen (Bizkaia). Amurrioko langileak grebara deituta daude gaur, eta, sindikatuek azaldu dutenez, behargin gehienek lanuztearekin bat egin dute. Ostiralean egingo dute hurrengo lanuztea, egun horretan haien ordezkariak Eusko Jaurlaritzako eta Arabako Foru Aldundiko ordezkariekin biltzekoak baitira. Horren aurretik langile batzordeko kideek bilera egingo dute, bihar goizean, eta langile guztiak bilera batera deitu dituzte 15:30ean.
«Itxura guztia du altzairutegia apurka-apurka itxi nahi dutela. Hau lehen pausoa da, eta 2027ko ekainean itxiko dute behin betiko. Lan hori kanpora atera nahi dute»
ANDRES GARCIA Amurrioko lantegiko langile batzordeko burua
Orain arteko negoziazioak bereizita egin izan dituzte Amurrion eta Trapagaranen, baina bi batzordeetako hamahiru kidek osatutako negoziazio talde bat osatu dute gaur: bost ordezkari izango ditu ELAk, hiru UGTk, bi CCOOk, beste bi LABek eta bat ESK-k. ELA izan da bere jarrera argitzen lehenbizikoa, eta haren ustez greba egun solteak ez dira asko, eta greba mugagabe bat hasi beharko litzateke, «lanpostuen defentsarako». Hurrengo bilera otsailaren 17an izango da.
Ezkor mintzatu da Andres Garcia (UGT) Amurrioko lantegiko langile batzordeko burua ere. Ez ditu bere susmoak ezkutatu: haren ustez, altzairutegia itxi egingo dute, eta hango jarduna kanpora eraman. «Jarduna bertan behera uzteko asmoa dutela esan digute, baina itxura guztia du itxi egingo dutela. Hau izango da lehen kolpea, eta apurka-apurka ixten joango dira. Azken txanda 2027ko ekainean izango da», adierazi du. Azaldu duenez, zuzendaritzak aldaketa sakonak proposatu dizkie lan egiteko moduari dagokionez, eta Garciak honela laburbildu ditu: «Lan txandak kenduko dituzte».
Jaurlaritza: Zorra berregituratu behar da
Eusko Jaurlaritza ostiralean bilduko da Tubos Reunidoseko langile batzordeekin. Bilera horretara begira, Industria sailak bere babesa adierazi die langileei. Sailak enpresaren bideragarritasun plana aztertuko du asteon, baina dagoeneko aitortu du pilaturiko zorrak asko kezkatzen duela. Hala, ezinbestekoa ikusten du zorra berregituratzea, eta uste du eredu publiko-pribatua bultzatu behar dela TRk etorkizun proiektu sendo bat izan dezan. Industria sailak aurretik esana zuen inbertitzaile pribaturik agertu ezean Jaurlaritza ez zela bakarrik sartuko. Bestalde, Mikel Torres Enplegu sailburuak nabarmendu du prozesu guztia zainduko duela «legezkoa» izan dadin, eta erregulazio hau «Trumpen politikek» euskal ekonomian eragingo duten «lehen kalte handia» dela.
Goizean goizetik berrehun langile bildu dira Amurrioko fabrikaren aurrean, «Kaleratzerik ez, erregulazio espedienterik ez» dioen pankarta batekin. Ertzainak ere agertu dira, eta elkarri bultzaka aritu dira tarte batez. Eguerdirako laurehun bat ziren han bildutakoak, eta kaleratze kopuruen berri hedabideen bitartez jakiteak mindu egin ditu. Haien arabera, kaleratze gehienak Amurrion eta altzairutegian izango dira, azken urteetan adar horretan egin dituelako zuzendaritzak aldi baterako erregulazio gehien.Â

Enpresak erregulazio espediente bat aurkeztuko zuela esan zutenean, sindikatuak aurka azaldu ziren, eta ziurtatu zuten enpresaren egoera txarra koiunturala zela, eta zuzendaritzaren erabaki okerren ondorio. Gogorarazi dutenez, 2023an eta 2024an ehun milioi euroren irabaziak izan zituen, eta zorra asko murriztea lortu zuen.
Baina horren aurretik kinka larrian izan zen enpresa. 2015etik 2021era, Amurrioko hodigileak 531 milioi euroren galerak izan zituen, hidrokarburoen prezio apalek inbertsioak geldiarazi zituztelako eta 2007an eskatutako 170 milioi euroko kreditu bati aurre egin ezinda zebilelako. Enpresa desagertzeko arriskuan egon zen, baina Espainiako Gobernuak, SEPIren bitartez, laguntza eman zion.Â