Metal Groupen, 191 lanpostu galzorian

Bihar abiatuko dituzte enplegua erregulatzearen inguruko negoziazioak. Abadiñoko eta Legutioko lantegiak itxi nahi ditu enpresak, lanik gabe geratu direlako.

Metal Groupen plantetako bat. METAL GROUP
Metal Groupen plantetako bat. METAL GROUP
Iker Aranburu.
2026ko otsailaren 9a
15:14
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aste beltzenen itxura du honako honek Euskal Herriko lan merkaturako eta, zehatzago esateko, euskal industriarako. Izan ere, bihar hastekoak dira negoziatzen Metal Group taldearen bi lantegiei dagokien erregulazio espedientea. Denera, 191 lanpostu daude arriskuan, Abadiñoko Lebario auzoko (Bizkaia) eta Legutioko (Araba) lantegiak itxi nahi baitituzte. Bi lantegi horien hartzekodunen konkurtsoaren administratzaileak ere hartuko du parte bilera horretan.

Autogintzarako osagaiak egiten ditu Metal Groupek, eta aspaldian ditu arazoak. Iaz hartzekodunen konkurtsoan sartu zen, 50 milioi euroko zorrari aurre egiterik ez zuela eta. Likidazio egoeran zegoela, Suitzako Meteorix funtsak erosi zuen enpresa uztailean, euro soil baten truke.

Jabe berriak ez zuen egoera hobetu. Meteorix funtsa sartu eta hilabetera, Volkswagenek bezero izateari utziko ziola iragarri zion zuzendaritzari, eta Metal Groupi erosten zizkion piezak Txinan erosiko zituela aurrerantzean. Egoera onbideratzeko negoziazioek ez dute fruiturik eman, VWek ez baitu atzera egin. Nagusiki haren eskariak betetzen zituzten Abadiñoko eta Legutioko lantegiek —fakturazioaren %80 inguru—. 

Porrot horren ondoren, planak aldatu zituen Metal Groupek. Hasiera batean iragarri zuen Abadiñoko lantegia ixteko asmoa zuela —48 langile ditu—, eta ekoizpen lerro bat itxiko zuela Legutiokoan. Orain, ordea, bi fabrikak ixtea da asmoa.

Bileraren aurretik, ezkor azaldu dira sindikatuak. Autogintzan kontratuak egun batetik bestera lortzea oso zaila dela azaldu du CCOOk —hark du gehiengoa Lebarion—, eta horrek zaildu egiten duela plantetarako erosle bat aurkitzea. Gorka Maestro ELAko ordezkariak, berriz, adierazi du konponbidea talde osoak eman behar duela.  

Izan ere, Legutiokoa eta Abadiñokoa ez dira Metal Group taldeak dituen lantegi bakarrak. Zazpi ditu guztira, guztiak Euskal Herrian, eta 315 langile. Guztira, urtean 50.000 tona ekoizteko ahalmena du taldeak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.