Tubos Reunidosek jarduera eten du AEBetan, muga zergak direla eta

Trumpek altzairuari eta aluminioari ezarritako %50 muga zergak zuzenean jo dute Amurrioko taldea. Salmenten %45etik gora AEBetan egiten ditu.

Tutu bat, gori-gori, Tubos Reunidosen Amurrioko lantegian. TUBOS REUNIDOS
Tutu bat, gori-gori, Tubos Reunidosen Amurrioko lantegian. TUBOS REUNIDOS
Irune Lasa.
2025eko urriaren 9a
16:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herrian egiten dituen soldadura gabeko tutuetako asko AEBetara bidali izan ditu Tubos Reunidosek, han Houstongo (Texas) lantegian haiei azken ukituak emateko. Gaur arte.

Amurrioko taldeak erabaki baitu behin-behinean etengo duela AEBetako bere jarduera, negozioa eramanezina bihurtu baitzaio Donald Trumpek altzairuari eta aluminioari ezarritako %50eko muga zergen ondorioz. Tarifa horietan ezarritako baldintzak kontuan hartuta, Tubos Reunidosen operazioak osoki esportaziotzat hartzen dira, eta, hala, bete-betean jotzen ditu Etxe Zuriaren politika protekzionistak.

Euskal Herriko beste tutu ekoizle handiak, Tubacexek, aldiz, izkin egin ahal izan die muga zergei, zazpi lantegi dituelako AEBetan.

Galerak

AEBetako jarduera etetea erabaki gogorra da Tubos Reunidosentzat, kontuan izanik bere salmenten %45etik gora hartzen dituela AEBetako merkatuak. Dagoeneko hasia zen antzematen muga zergen ondorioak: lehen urte erdian 15 milioi euroren galerak pilatu zituen —guztira 28,4 milioiren galerak jakinarazi zituen lehen sei hilekoan—.

Galerekin eta muga zergekin arrastaka, Tubos Reunidosek ekoizpena murriztu du Euskal Herrian, eta aldi baterako enplegu erregulazioan izan du Langraiz Okako lantegia, eta Amurrion beste bat abiatu du.

Muga zergak direla-eta aurten 50 milioi euro gal ditzakeela aurreikusita, taldea negozioa hedatu nahian dabil beste merkatu batzuetan, hala Saudi Arabian nola Indian. Ikusteko dago, hala ere, zer gertatuko den AEBetako merkatuarekin, batez ere gas eta petrolio putzuetan erabiltzen dituzten soldadurarik gabeko altzairuzko tutuen %60 soilik ekoizten baitira gaur egun AEBetan bertan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.