Tubos Reunidosek iragarri du kaleratzeak egingo dituela Amurrioko eta Trapagarango lantegietan

Zuzendaritzak ez du jakinarazi zenbat langileri eragingo dien neurriak. Otsailaren 9an hasiko da sindikatuekin negoziatzen. Argudiatu du enpresaren egoera «konplexua» dela AEBen muga zergak direla eta.

Tubos Reunidosen Amurrioko lantegia, taldearen egoitza nagusia. JUANAN RUIZ / FOKU
Tubos Reunidosen Amurrioko lantegia, taldearen egoitza nagusia. JUANAN RUIZ / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko urtarrilaren 30a
12:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste kolpe bat Aiaraldeko ekonomiarentzat. Tubos Reunidos taldeak iragarri du kaleratzeak egingo dituela bere planta nagusian, hau da, Amurrion (Araba), eta baita Trapagarangoan ere (Bizkaia). Bi lantegietako enpresa batzordeek oraindik ez dakite zenbat laguni eragingo dien neurriak. Otsailaren 9an hasiko dute kontsulta aldia, eta asmoa da negoziazioak mahai bakarrean egitea. CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari bidalitako ohar batean, enpresak azaldu du «egoera ekonomiko konplexuan» dagoelako hartu duela erabaki hori, «merkatuen testuinguru zailarengatik».

Bi aste barru bilera bat egingo dute Amurrioko instalazioetan, eta zuzendaritzak erabakiaren inguruko xehetasunak azalduko dizkie orduan langileen ordezkariei. Enpresak jakinarazi du neurria bere bideragarritasun planaren barruan dagoela, eta helburua dela jarduera industrialari eta enpleguari eustea, kaleratzeek «ahalik eta eragin sozial txikiena» izan dezaten. Sindikatuek ohartarazi dute ez dutela kaleratzerik onartuko. Oraindik ez dakite enpresak pizgarriak edo beste eskubide batzuk eskainiko dituen kaleratzeak egitearen truke, baina uste dute, besteak beste, errelebo kontratuak gutxitzeko asmoa duela.

Amurrioko lantegian aldi baterako enplegu erregulazioan daude urritik. Zuzendaritzak eta langile batzordeak adostu zuten neurria, eta hango langile guztiei eragiten die, 850 laguni. Astelehenean amaituko da neurri horren indarraldia.

Taldeak beste bi planta ditu Euskal Herrian. Trapagarangoa (350 langile inguru) eta Langraiz Okakoa (Araba). Bigarrenean ere aldi baterako enplegu erregulazioan egon ziren iaz, lehen seihilekoan. Hiru lantegi horiek eta Houstongoa (AEB) batuz, taldeak gutxi gorabehera 1.400 behargin ditu guztira.

Tubos Reunidos garai zailak ari da igarotzen. Kakinarazitako azken emaitzen arabera, iazko lehen seihilekoan 28,9 milioi euroren galerak izan zituen, salmentak handitu zituen arren. Lana badauka, baina, azaldu duenez, produkzio kostuak izugarri handitu dira, batez ere AEBen muga zergen eraginez. Horrez gain, aurreko urteetan pilatutako zorra zama handia da oraindik ere taldearentzat.

TUBOS REUNIDOS
Josu Calvo Tubos Reunidoseko buru zenean, 2024ko akziodunen batzarrean. MIGUEL TOÑA / EFE

Kaleratzeak egingo dituztelako iragarpena ez da egunotako bakarra, atzo izan baitzen beste bat. Josu Calvo taldeko presidenteak dimisioa eman du. Argudiatu du Tubos Reunidosek dedikazio «handia» eskatzen duela eta ez duela bere burua gai ikusten enpresak dituen erronkei aurre egiteko. Joaquin Fernandezek ordezkatuko du, Abengoa energia berriztagarrien alorreko Espainiako konpainiaren kontseilari ordezkari izandakoak.

AEBetako atea, itxita

Tubos Reunidosen krisia aspaldiko kontua da. Enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak bata bestearen atzetik lotuz joan da azken hamar urteetan. 2015etik 2021era, Amurrioko hodigileak 531 milioi euroren galerak izan zituen, hidrokarburoen prezio apalek inbertsioak geldiarazi zituztelako eta 2007an eskatutako 170 milioi euroko kreditu bati aurre egin ezinda zebilelako. Enpresa desagertzeko arriskuan egon zen, baina, Espainiako Gobernuaren erreskatearen bitartez —SEPIren laguntzarekin, 112 milioi euro sartuta—, lortu zuen salbatzea. 2022an inbertsio handiagoak egin ziren petrolio eta gas hobietan, eta horrek eskariak ugaritu zituen.

Azken urteetan, taldearen egoerak hobera egina zuen. 2023an eta 2024an 100 milioi euroren irabaziak lortu zituen, eta horien parte bat baliatuz eta berregituraketa bat eginez, zorra 293 milioitik 175 milioira murriztea lortu zuen.

Orain, beste gertakari batek bete-betean jo du. AEBak dira Tubos Reunidosen merkatu nagusia, enpresaren salmenten %45etik gora hartzen baititu. Donald Trump presidentearen politika protekzionistek —eta, zehazki, altzairuaren eta aluminioaren inportazioei ezarritako %50eko muga zergak— nabarmen ahuldu dute Amurrioko hodi ekoizlea. Horrek eragin zuzena izan du hodien prezioan eta irabazi tarteetan. Enpresak azaldu duenez, izugarri handitu dira produkzio kostuak, eta ezinezkoa da hori bezeroaren bizkar jartzea. Ondorioz, AEBetako merkatua ia erabat itxi zaio, adierazi duenez.

Etor zitekeen horri aurrea hartzeko, Tubos Reunidosek ere erabaki zuen produkzioaren zati bat AEBetara eramatea, sektoreko beste enpresa batzuek egin bezala. Euskal Herrian egiten dituen soldadurarik gabeko tutuetako asko Houstongo (Texas) lantegira eraman zituen, han azken ukituak emateko. Baina, iazko urrian, taldeak jakinarazi zuen AEBetako jarduera behin-behinean etetea erabaki zuela; beraz, lekualdaketa ez da nahikoa izan muga zergei izkin egiteko.

Oraindik ikusteko dago zer gertatuko den AEBetako merkatuarekin. Funtsezkoa da hala Tubos Reunidosentzat nola gas eta petrolio hobietan erabiltzen diren soldadurarik gabeko altzairuzko tutuen beste ekoizleentzat, AEBetan erabiltzen diren mota horretako hodien %60 baino ez baitira ekoizten han. Tubos Reunidos negozioa hedatu nahian dabil beste merkatu batzuetan, besteak beste Saudi Arabian eta Indian.

ERAKUNDEAK PROZESUAN «INPLIKATUKO» DIRA

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Amurrioko Udalak ohar bateratu bat kaleratu du euren «kezka» agertzeko. Adierazi dute «gertutik» jarraitzen ari direla enpresaren eta sektorearen egoera, eta hitzeman dute gauza bera egingo dutela enplegua erregulatzeko prozesuarekin. Zehaztu dutenez, «zuzeneko komunikazioa» izango dute zuzendaritzarekin, langileekin eta prozesuan inplikatutako eragile guztiekin.

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.