Erantzukizuna banatu du Tubos Reunidoseko zuzendaritzak. Onartu du bera dela enpresak bizi duen egoeraren erantzule nagusia, baina langile batzordean gehiengoa duten sindikatuei leporatu die oztopoak jartzea irtenbide bat bilatzeko ahaleginean. Horregatik jo behar izan du borondatezko hartzekodunen konkurtsora, beste aukerarik ez duela izan argudiatuta.
Enpresako buruak langileen ordezkariekin bildu dira gaur goizean Amurrion (Araba), erabakiaren xehetasunak emateko —arratsaldean gauza bera egin dute Trapagarango plantakoekin (Bizkaia)—. Zuzendaritzak esan die enpresaren egoera «oso larria eta ia itzulezina» dela. Haren esanetan, ez dago inor prest Tubos Reunidosi kreditua emateko.
Zuzendaritzak oso tonu iluna erabili du sindikatuei bidali dien mezuan. Ohartarazi du hartzekodunen konkurtsoan sartu izanak enpresaren jarduera «erabat etetea eta lanpostu guztiak galtzea» ekar dezakeela.
Berak aurkeztutako bideragarritasun planaren porrotarekin lotuta, berriz, erantzukizuna banatu du. Batetik, onartu du ez dela gai izan zorraren hartzekodunekin eta inbertitzaileekin beharrezko adostasunak lortzeko. Baina sindikatuei ere leporatu die helburu hori lortu ez izanaren erantzukizunaren zati handi bat. Azaldu du planaren lehen baldintza akordio sozial bat lortzea zela, eta xede hori ez dela bete, besteak beste, langileen ordezkarien jarreragatik.
Langile batzordeak hasieratik esan zuen ez zuela kaleratzerik onartuko. Planak 301 kaleratze jasotzen zituen, 274 Amurrioko plantan. Zuzendaritzaren arabera, hortik gora hautagai aurkeztu ziren, baina sindikatuek ukatu egin zuten informazio hori. Orain, hartzekodunen konkurtsoan sartu izanak argi uzten du, haien arabera, enpresak ez zeukala kaleratze horien kostuei aurre egiteko dirurik —kaleratze baldintza oso onak eskaini zituen—.
Zuzendaritzak, berriz, azaldu du hartzekodunen konkurtsora jo izana ez dela borondate hutsez hartutako erabaki bat izan. Gogoratu du legeak berak behartzen duela horretara, aurreikusten denean enpresak ezin izango diela ohiko ordainketei eutsi hurrengo hilabeteetan, eta Tubos Reunidos egoera horretan dagoela nabarmendu du, neurri batean, langileen jarreragatik.
Enpresak dio egungo produkzioak ez duela nahikoa diru sarrera sortzen jarduerari eusteko. Eta horri gehitu dio Amurrioko plantako greba mugagabea. Zuzendaritzaren esanetan, lanuzteak kalte nabarmena egin dio hornitzaileekiko harremanari eta konfiantzari, eta horrek are gehiago zaildu du diru sarrerak bermatzea. Diruzaintzaren egoera ere oso estua dela ohartarazi du, eta aitortu du maiatzeko nominak ordaintzeko lain ere ez duela.
Administratzailearen zain
Hiru edo lau aste barru konkurtso administratzaile batek hartuko du enpresaren kontrola, epaitegiaren zaintzapean, eta hark aurkeztu beharko dio epaileari bideragarritasun plan bat eta inbertitzaile posible bat. Zuzendaritzaren saiakeran bezala, prozesu horretan enpresaren zorra —263 milioi eurokoa— eta horren finantzaketa izango da gakoa.
Sindikatuek ere administratzailearekin negoziatu beharko dute, baliteke-eta hark bere planean beste enplegu erregulazio bat proposatzea. Enpresaren likidazioa edo antzeko neurriren bat (enpresa zatikatzea, ondasunak saltzea...) ere proposa dezake, baina luze gabe behintzat langileen ordezkariek ez dute uste hori egingo duenik.
Zuzendaritzak ez du berdin pentsatzen, eta beharginei ohartarazi die oso litekeena dela kudeatzaile berriek «neurri zorrotzagoak hartu behar izatea enpresaren narriadura eragozteko». Azpimarratu du enpresaren jarduera defizitarioa dela egungo baldintzetan, eta galerak sortzeaz gain zorra handitzen ari dela etengabe. Haren iritzian, horrek «ezinezkoa» egingo luke luke irekita jarraitzea.
Zuzendaritzaren azalpenak entzun ondoren, zer egin erabakiko dute langileek. Amurrion batzarra egitekoa dute bihar, 235 langilek deituta —900 inguru dira lantegian—. Bertan greba mugagabearekin aurrera jarraitu ala ez bozkatzea erabaki beharko lukete. Langile batzordearen gehiengoak —ELA, LAB eta ESK— ez du deialdia babestu; CCOO eta UGT, berriz, lantaldearen iritzia «zuzenean jasotzearen alde» agertu dira.