Hodien zuloa hain handia al da?

Sindikatuen ustez, Tubos Reunidosek berez duen baino egoera okerragoa erakutsi nahi izan du bere azken balantzean. 118 milioi euroko galera puzturiko zifra bat dela uste dute, eta hainbat datu «arraro» salatu dituzte.

Josu Calvo Tubos Reunidoseko presidente ohia —urtarrilean eman zuen dimisioa—, enpresako akziodunen batzarrean. MIGUEL TOÑA / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko apirilaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tubos Reunidosek iaz 118 milioi euroren galerak izan zituela jakinarazi zuen ostiral arratsaldean. Enpresak ezohiko modu batean jakinarazi zuen 2025eko bere kontu balantzea: CNMVra bidalitako ohar bidez zabaldu zuen, asteburuaren atarian eta, gainera, auditoriarik gabeko zenbakiak erabiliz. Balantzeak egoera tragikoa azaleratu zuen; sindikatuek, baina, lupa jarri dute kontuetan, eta bik gutxienez, ELAk eta ESK-k, dagoeneko enpresari egotzi diote bere egoeraren argazkia nahita okertu duela, egin asmo dituen kaleratzeak justifikatzeko.

«Gure susmoa da enpresak 2024ko kontuak edertzeko makillatu zituela eta 2025ekoak okertu. Horrela, erorikoak, metro batekoa izan beharrean, 200 metrokoa dirudi», azaldu du Gorka Abascal Tubos Reunidosek Amurrion duen instalazioko langile eta ESK-ko delegatuak. Antzera mintzatu da Mikel Etxebarria, ELAren Bizkaiko industria arduraduna: «Datu arraroak daude. Fakturazioaren datua oso deigarria da, eta badakit faktore asko daudela tartean, baina desproportzioa dago galeretan». Haiek egin dute zenbakien entresaka. 

«Gure susmoa da enpresak 2024ko kontuak edertzeko makillatu zituela eta 2025ekoak okertu. Horrela, erorikoak, metro batekoa izan beharrean, 200 metrokoa dirudi»

GORKA ABASCAL Tubos Reunidoseko langilea eta ESK-ko delegatua

Zergatik desproportzioa? TRk 2024an 324 milioi euro fakturatu zituen; iaz, berriz, 365,7 milioi, %12,9 gehiago. Emaitza garbian, ordea, aldea oso handia da: 2024an, 28,6 milioi euroren irabaziak izan zituen; iaz, 118 milioiren galerak. Bi ordezkariek nabarmendu dute ondo dakitela gehiago saltzeak ez duela esan nahi gehiago irabaztea, baina 146 milioi euroko aldea dago bi emaitzen artean, eta, haien ustez, gako handietako bat galera gisa harturiko kontzeptuetan dago.

Abascalek, esaterako, galeretan azpimarratuta dauka enpresaren higiezin eta jabetzen balioaren bilakaera jasotzen duen epigrafea. «Kontabilitateetan sartzen den doikuntza subjektibo bat da, enpresaren pertzepzioaren araberakoa», azaldu du. 2025eko galeren ia heren bat hor sartzen ditu TRk, 40,8 milioi. 2024an, berriz, 4,9 milioiren irabaziak izan zituen kontzeptu horretan. «Ohikoa da TRk zifra horrekin jokatzea. 2020an, 101 milioiko galera izan genuen, eta 99 milioi hor sartu zituen». Halaber, nabarmendu du Tubos Reunidosek eskaria jaso ahala ekoizten dituela hodiak; alegia, biltegian gutxi izaten dituela.

Dirua gordetzen, zertarako?

Etxebarriaren arreta piztu duten datuetako bat diru hornidurarena da, alegia, etorkizunera begira gordetako dirua. 2025ean, 160 milioi bereizi zituen enpresak; 2024an, berriz, 118 milioi izan ziren. Bien arteko aldea galera gisa zenbatzen da, eta galdera logikoa egin du: «Zertarako gorde du diru hori enpresak? Asko da. Kontsulta epean galdetu izan dugu, eta ez digute erantzun».

Tubos Reunidoseko behargin bat, tutuak neurtzen. TUBOS REUNIDOS.
Tubos Reunidoseko behargin bat, tutuak neurtzen. TUBOS REUNIDOS.

Negozio zifraren barruan dauden beste bi datu nabarmendu ditu Etxebarriak. Lehenbizikoa pertsonal gastuak dira: 2024an, 98 milioi euro izan ziren; 2025ean, 108 milioi. «Iaz aldi baterako erregulazio egun gehiago egon ziren, alde handiz; nola da posible gastu hori handitzea?». Bigarren datua «ustiaketari dagozkion beste gastuak» dira: 108 milioitik 123 milioira igaro ziren: «Zer diren galdetu dugu. Muga zergak hor sartzen direla esaten digute, baina ez dugu desgloserik jaso».

«Enpresak 163 milioi euroko hornikuntza egin zuen iaz. Zertarako gorde du hainbeste diru? Galdetu dugu, eta ez digute argitu»

MIKEL ETXEBARRIA ELAren Bizkaiko industria arduraduna

ESKn gorriz markatuta daukaten beste kontzeptu bat geroraturiko zerga aktiboena da. Tubos Reunidosek, hor, 8,3 milioi euroren galerak aitortzen dizkio bere buruari. Abascal: «Beste amarru bat da. Aurrez espero baina jasoko ez dituzten abantaila fiskal batzuk dira. Ekoizpenarekin zerikusirik ez duten ustezko galera batzuk dira. Ezin dira argudio bezala erabili lan erregulazioa egiteko».

Balantzearen arabera, enpresak 31,8 milioi euro zituen eskudirutan iazko abenduaren 31n, eta ustiatze jardunaren kutxa fluxua positiboa izan zen (2,1 milioi euro). Abascalen ustez, datu horrek ez du bat egiten enpresak alarma pizteko erabili dituen argudioetako batekin: «Enpresak esan du likidezia premia larria duela, baina ez da egia. Diru hori desagertu egin da bestela».

AEBetako negozioa

TRk argudiatu du egungo egoera ekonomiko zailak behartu duela kaleratzeak egitera, eta AEBetako muga zergen eragina oso handia izan dela azaldu du. Datu ofizialen arabera, baina, iaz handitu egin ziren AEBetara eginiko salmentak: 132,9 milioitik 162,2 milioira (%22). «Azken hilabetean, negoziazio epean geundela, AEBetarako eskariak atera ditugu Amurriotik», azaldu du Abascalek: «Ez da desagertu den merkatu bat».

AEBetako negozioan sakondu du ESK-ko delegatuak. TRk han saltzen dituen hodiak gas eta petrolioa garraiatzeko dira. 2021ean enpresak SEPIri 112 milioi euroko mailegua eskatu zionean, eta trantsizio energetikoaren izenean, produktu horien ekoizpena murriztuko zuela hitzeman zuen. Halakorik ez da gertatu.

Mailegu horri loturiko planean, halaber, 60,3 milioiko EBITDA positiboa aurreikusi zuten 2026rako; egungo bideragarritasun planean, aldiz, 23 eta 26 milioi arteko galera ageri da. «80 milioi euroko aldea dago mailegua eskatzean aipatu zuten hartatik orain esaten duten horretara. Nora joan da diru hori?», galdetu du.

TUBOS REUNIDOS-CONDESA
Tubos Reunidos eta Condesa tutu egileen bat-egitea. Argazki atera bai, baina gero ez zen akordiorik egon. CHEMA MOYA / EFE

Zor erraldoia ulertzeko gida

Balantzearen arabera, enpresaren zorra 263 milioikoa zen iazko urte amaieran, 2024an zuena baino hamabi milioi handiagoa, baina aurreko hiru urteetakoa baino txikiagoa —2021ean, 299,7 milioikoa zen—. «Enpresa honek badaki zer den zor handiekin irautea», azaldu du Etxebarriak. Baina zein da zama horren jatorria? «SEPIz asko hitz egiten da, baina jatorria gaizki erabilitako mailegu pribatu bat da», azaldu du Abascalek. 

2008an, Tubos Reunidosek 170 milioi euro eskatu zizkien hainbat bankuri Condesa hodi enpresa erosteko —Tubacexen %18 ere bereganatuko zuen haren bitartez—. Operazioa, baina, ez zen gauzatu —Arcelor Mittalek erosi zuen— , eta enpresak, dirua itzuli beharrean, bere kontuetan sartu zuen.

Garai onak ziren: enpresaren akzioak 4,55 euroan ziren —orain 0,23 euroan daude—, eta 2014ra arte urtero banatu zituen dibidenduak.

Sindikatuen susmoa da dibidenduen jatorria mailegua zela. 30 milioiko zorra 200 milioikoa bilakatu zen, eta enpresa itotzen hasi zen. TRk emaitza gorabeheratsuak izan ditu beti, urte onak eta txarrak tartekaturik. Pandemian, baina, bizkarrekoa hartu zuen, eta 112 milioi euroko erreskatea eskatu zion SEPI Espainiako Industria Ministerioaren menpeko erakundeari.

 

Sindikatuek azaldu dute erreskateko 60 milioi bideragarritasun plana abiatzeko erabili zirela, eta beste 60en helmuga ez dagoela argi: «Agian zor pribatua zor publiko bilakatzeko?», galdetu du Abascalek. Gaur egun, enpresaren zordun nagusia SEPI da: mailegu bat zen erreskate hura, eta enpresak ez dio ezer itzuli.

BBVAri, berriz, 47 milioi euro zor dizkio. Hark bideratu zuen 2008ko mailegua. Deigarria da, halaber, banku hori dela enpresako akziodun nagusietako bat —akzioen %5 ditu—.

Eta ez dirudi zor handia epe laburrean murriztuko denik, enpresak 242 kaleratze egin asmo dituelako eta haien kalte ordainak ez direlako txikiak izango. Enpresak eskainitako baldintzetan 30 milioitik gorakoak izango dira, eta legezko baldintzetan hamasei milioi inguru.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA