Tubos Reunidosen Iruña Okako langileei ez diete ordainduko azaroko nomina

Konkurtsoaren kudeatzaileek jakinarazi die kaudimen arazoen ondorio dela. Trapagarango eta Amurrioko langileek, aldiz, jasoko dute soldata hori.

Tubos Reunidoseko langile batzuk, Amurrioko lantegiaren aurrean. LINO GONZALEZ / EFE
Tubos Reunidoseko langile batzuk, Amurrioko lantegiaren aurrean. LINO GONZALEZ / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko azaroaren 25a
11:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tubos Reunidosen likidezia arazoak azaleratzen hasiak dira, eta konpainia kudeatzen duen PFK Attest konkurtso kudeatzaileak lehen erabakia hartu du: Iruña Okako (Araba) plantako langileei ez die ordainduko azaroko soldata. Mezu elektroniko bidez jakinarazi die neurria, eta, momentuz, Trapagarango (Bizkaia) eta Amurrioko (Araba) lantegiko beharginek ez dute horrelakorik jaso.

Iruña Okako fabrikak 60 langile ditu eta konpainiak duen txikiena da. Bertan hodiei kiribila egiten diete, elkar lotu ahal izateko. Kinka larrian dago, Tubos Reunidos erosteko enkantean egin duten hautagaietako bakar batek ere ez du harekin jarraitu nahi eta kudeatzaileak langile guztiei eragingo lieken erregulazio espediente bat egiteko asmoa onartu du.

Langile batzordeak ohar bidez eman du mezuaren berri, eta salatu du ez duela ulertzen kudeatzaileak zergatik hartu duen neurri hori haiekin bakarrik. Halaber, uste du horrelako neurri «larri» batek azalpen zuzen eta zehatzagoak eskatzen dituela.

Informazio eske

Langileek azaldu dutenez, kudeatzaileak onartu du konpainiaren altxortegia asko okertu dela, eta hura hobetzen bada ordainduko dietela zintzilik gelditzen diren soldatak, «konkurtsoak aitortzen dien legezko lehentasunaren arabera». Azalpen horrek, baina, ez du batzordea asebete: «Ez da eperik zehazten eta ez dago jasoko denaren inolako bermerik».

Batzordeak, dena den, kontraesan bat ikusten du kudeatzailearen diskurtsoan. Batetik, esan zuen urrian 26 milioi euroren eskariak bete zituztela eta azaroko lehen astean 3.100 tonako eskari bat atera zutela Amurriotik; aldiz, kaudimen arazoak aipatzen ditu.

Langileek horrela azaldu dute haien kezka: «Jakin badakigu eskariak jasotzeak ez duela dirua bat-batean lortzea bermatzen, ezta nominak ordaindu ahal izatea ere, baina horrelako informazioek are beharrezkoago bihurtzen dute konpainiaren egungo kaudimen egoera gardentasun osoz azal dadila, eta nola kudeatzen ari diren taldearen ondasunak».

Ez da eskakizun bakarra. Eskatu dute langile guztien eskubide ekonomikoak errespetatu daitezkeela, talde osoaren jarduna bermatuko duten aukerak lortzeko bide guztiak agortzea eta erakunde publikoen inplikazioa. Azken horiei mezu zuzena bidali die: «Ezin dira beste alde batera begira egon hamarnaka familiari eta bailarako industriari eragiten dion egoera batean».

Bilera Trapagaranen

Bestalde, Welspunek, Tubos Reunidoseko enkantean aurrera egin duen Indiako konpainiak, bilera du gaur Trapagarango plantako langile batzordearekin (13:30). Harekin bakarrik eskatu du bilera; beraz, ondorioztatu daiteke ez duela interesik Arabako plantetan. Konkurtsoaren kudeatzaileak esana du talde osoarengan interesa duten eskaintzak lehenetsiko dituela.

 

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA