Tunela ez da amaitu

joxerra senar
2009ko urriaren 30a
00:00
Entzun
AEBetako ekonomia azken hiruhilekoan %3,5 hazi dela jakin eta berehala, «AEBek tunelari agur esan diote» moduko lerroburuak irakurri ditut. Jakina, krisia sortu zeneko herrialdean ekonomia hazten hastea albiste ona da. Ona da, kontsumoa piztu delako eta horrek Alemania eta beste herrialde esportatzaileak ere suspertuko dituelako. Denok dakigu zeharka euskal industria lagunduko duela. Hala ere, gehitxo da esatea tunela atzean utzi dela.

Baita AEBetan ere. Harrigarria da herrialde horrek duen ahalmena edozein egoera iraultzeko, baina argi dago zorra nabarmen handituta etorri dela egoera hori. Egun ekonomia osoa adinako zor publikoa du, eta zor pribatua, berriz, barne produktu gordinaren bikoitza da. Orotara, 34,3 bilioi dolarrekoa zorra dute AEBek, eta nekez jasango luke beste herrialde batek halakorik,dolarrik ez balu.

Dolarra ahul egotea uneotan komeni zaie AEBei, merkataritza eta kontu korronte defizita orekatzeko balio baitie, baina tentu handiz ibili beharko dute dolar aktiboekiko mesfidantza pizten ari baita AEBetako ekonomia finantzatzen duten asiar herrialdeen artean. Beste arriskua da ekonomia suspertu ahala eta indarrean sartutako ezohiko neurri guztiak kentzen hasi ahala beste desoreka batzuk sor daitezkeela. Inflazioa, kasu. Hain zor handia den herrialdean ondo neurtu beharko dituzte atzera eman beharreko pausoak.

Urte eta erdi ondoren, tunelean jarraitzen duena Espainia da. Okerrena igaro dela badiote ere, adreiluaren gehiegikeriak direla-eta, 2010 beroa dator behinola goraipatutako finantza sistema espainiarrarentzat. Euskal Herria hobeto dago, bai, baina zeharka adi-adi begiratu beharko zaio hegoaldeko bizilagunari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.