Turismoa

Turistei ongietorria emateko kanpaina egingo du Eusko Jaurlaritzak

Alfredo Retortillo Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak azaldu duenez, kanpainaren helburua da adieraztea "Euskadik ez dituela turistak etxera bidaltzen" eta "herrialde ospitalarioa" dela.

Maider Etxeberria Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza zuzendaria eta Alfredo Retortillo Turismo, Merkataritza eta Kontsumo saiburua, gaur, 'Ongi etorri' kanpainaren aurkezpenean.
2018ko uztailaren 20a
09:28
Entzun

Kanpainari Ongi etorri izena jarri diote, eta turistei euskarazko hitz horren esanahia jakinaraziko zaie hainbat hizkuntzatan: gazteleraz, katalanez, galegoz, frantsesez, ingelesez, alemanez, italianoz eta portugesez. "Aukeratu gaituztenei lehen harrera egin nahi zaie, Euskadi toki ireki eta abegitsua den ideia indartzeko", azaldu du Retortillok.

Turismoarekiko "mezu ezkorrak" ahuldu nahi ditu kanpainak. Mezu horiei aurre egitea beharrezko jo du Retortillok, haren esanetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa agertzen dutelako turismo masifikatua duen eta adiskidetsua ez den toki gisa.

Sailburuak Maider Etxeberria Turismo eta Osteleritza zuzendariarekin batera egin du prentsaurrekoa, eta urteko lehen seihilekoan turisten gorakada izan dela nabarmendu du. Eustatek atzo jakinarazi zuenez, urtarrila eta ekaina artean, 1,45 milioi bisitari izan dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoak; iazko epe berean baino 65.000 turista gehiago.

Udara begira, aurreikuspenak neurritsuak direla azaldu du Retortillok. "Bilakaera iazkoaren oso antzekoa da, eta [urteko sasoi desberdinen arteko] deszentralizazio joera indartu egingo da, denboran iraungo duen eta kolpekoa izango ez den hazkundearekin".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.