Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Bernardo Bertolucciren Azken enperadorea filmeko irudi ezagunean bezala, zetazko oihal handi baten atzean ezkutaturik ageri da Txina. Enigmatikoa. Ezjakintasun handi horren ondorioz, produktu merkeak ekoizten dituen munduko fabrika gisa irudikatzen da maiz. Eta hala izan da iraganean. Duela 45 urte, atzerriko kapitala erakartzeko asmoz, Txinak ateak ireki zizkien Mendebaldeko enpresei. Ate hura bultzatzen lehenetarikoak Schlinder, General Motors eta Volkswagen izan ziren. Haien atzetik, lau hamarkadatan, munduko 1,2 milioi konpainia ezarri dira han, baita 160 euskal konpainia ere.
Paradoxa da eraldaketa hori guztia bere izaerari uko egin barik egin duela Txinak. Eta, orain, munduko lehen potentzia ekonomikoa bihurtzen ari diren honetan, komeni da aurreiritziak astintzea. «Txina jada ez da munduko fabrika; planetako lehen laborategi teknologiko handienetakoa ere bada, eta besteek baino lehenago ikasteko modu bat da han egotea», laburbildu du Basque Trade Investment agentziak. Eusko Jaurlaritzako Industria Saileko SPRI taldearen egitura barruan nazioartera hedatzeko aholkularitza lantzen du. Haren hitzetan, «inoiz ikusi ez bezalako aldaketa bat» izan du Txinak, eta horrek bete-betean eragin du: «Duela hogei urte ,merkeago ekoizteko joaten ziren Txinara; orain, enpresarik aurreratuenak azkarrago ikastera joaten dira hara».
157
Zenbat euskal enpresa dauden Txinan. 1995etik gaurdaino 2.140 milioi euro inbertitu dituzte Hego Euskal Herriko enpresek Txinan: 85 milioi Nafarroakoek, eta 2.055 EAEkoek. Hau da, urtero batez beste 67 milioi euro inbertitu dira. Azken bi urteetan ez da inbertsiorik izan, baina aurtengo lehen sei hilabeteetan 69 milioi euroko inbertsioa egin dute Hegoaldeko enpresek. 2010a izan zen inbertsio handieneko urtea (1.196 milioi). Gaur egun, 157 euskal enpresa daude ezarrita Txinan, eta orotara 240 instalazio ezarri dituzte hiru hamarkadatan: 123 fabrika, eta 117 egoitza edo ordezkaritza.
Duela lau hamarkada, ez zegoen euskal enpresarik Txinan. Mondragon taldeak bazuen merkataritza harremana Asia Ekialdeko herrialde harekin, baina Txinan produktuak saltzera edo osagaiak erostera mugatzen zen. 1990eko hamarkadan, nazioartera hedatzeko estrategia aldatu zuen korporazioak, eta 1995ean hainbat fabrika ezarri ziren han. Hastapen haietan, berehala nabaritu zuten lehen enpresa aitzindariek kultur diferentzia oso garrantzitsua zela txinatarrekin negoziatzeko orduan.
Han ezartzen diren euskal enpresen gabezia hori estaltzeko, 2003an Eusko Jaurlaritzaren SPRI agentziak —egun BTI— bulego bat inauguratu zuen Shanghain, eta ordutik «zubi lana» egiten du Euskal Herriaren eta Txinaren artean. Hiru hamarkada horietan, enpresen eskutik Txinan ezartzeko aholkularitza eskaini du. Enpresa batzuek nahikoa dute ordezkaritza bat irekitzea. Beste batzuek fabrika ireki dute: «Hori beste liga bat da. Finantza arloan eta giza baliabideetan inbertsio handia eskatzen du, eta enpresa nagusiaren luzarorako estrategia baten emaitza da». Alor horretan bi hautu egin behar dituzte: partaidetza sozietate bat sortu, erabaki ahalmena eta teknologia oso-osorik kontrolatuz, edo joint venture bidez egitea. «Hori jada ez da derrigorrezkoa, hautu estrategikoa baizik».

KuNshango industria parkea, mugarria
Danobat makina-erremintako kooperatiba izan zen lehena, Shanghaiko industrialdean ezarrita. Mugarririk handiena, baina, 2007an ezarri zuen Mondragon taldeak. Shanghairen mugan, Jiangsu eskualdean, Kunshanen industrialde bat inauguratu zuen. Ordutik han dira, besteak beste, Fagor Arrasate, Batz, Mondragon Assembly, Dikar, Orkli... Mondragon taldetik kanpo ere beste enpresa batzuk ezarri dira han, hala nola Ormazabal eta Gestamp.
BTIren arabera, ordutik euskal enpresen hiru olatu handi izan dira: «2000ko hamarkadan, kostuaren bila zihoazen. Txina esportatzeko plataforma eta fabrika zen, han zeuden gure Europako bezeroengandik gertu egoteko estrategia gisa; 2010etik aurrera, merkatua bilatu zuten enpresek, han ekoitzi eta han saltzeko; hirugarrenik, gaur egun jakintza bila joaten dira, han baitago munduko industria eta teknologia ekosistemarik dinamikoena».
Gaur egun, Txinara joateak gauzak argi izatea eskatzen du. «Ez da edonorentzako merkatua», argitu du SPRIren agentziak. «Gure lanaren parte da enpresa bakoitzari eskatzea erantzuteko zintzo bost galderari: ea baduten produktu edo teknologia tokiko eskaintzatik bereizteko, ea baduten negozio bolumen nahikoa inbertsioa justifikatzeko, ea aurre egin diezaioketen operazioari hasieratik errentagarritasuna eskatu gabe, ea zuzendaritzak behar duen arreta eskain diezaiokeen, eta ea jabego intelektualari buruzko estrategia ba ote duten sartu aurretik. Erantzunen bat ezezkoa bada, hobe da itxarotea».
«Duela hogei urte, merkeago ekoizteko joaten ziren Txinara; orain, enpresarik aurreratuenak azkarrago ikastera joaten dira hara»
BASQUE TRADE INVESTMENT
Txinan ekoizteak munduko hornidura katerik handienaren parte izateko bidea ematen die enpresei, baita bezeroengandik gertu egotekoa ere. Haatik, Txinaren beraren bilakaera azkarrak handitu egin du erronka. «Zailtasunak benetakoak dira, eta kasu batzuetan handitu egin dira», aitortu du BTIk. «Lehenik, lehiak eta prezioen gerrak negozio marjinak estutzen dizkie enpresei, bai eta atzerrikoei ere, eta berrikuntza finantzatzeko aukera zailtzen du». Are, Txinako Herri Batzar Nazionalak aurten onartutako XV. Bost Urteko planak, 2026tik 2030 artekoak, Txinaren autonomia estrategikoa eta industriala bultzatzen du, eta, BTIren arabera, «horrek esan nahi du tokiko hornitzailea lehenesten dela».
Zailtasun horien adierazle, enpresa batzuek atzera egin dute, eta Txinatik atera dira. Irizar kasu paradigmatikoa da. 1995ean ezarritako aitzindarietako bat izan zen, baina 2013an alde egin zuen Txinatik, merkatu errentagarria izateari utzi ziolako. Gerora, 2015ean, Onnera Group eta Orbea Kunshango industrialdetik atera ziren, antzeko arrazoiengatik. Berriki, Berriatuko Cikautxok Txinako negozio adarra saldu zuen «zailtasunen ondorioz». Arestian aipatutako arrazoiak daude atzean. Danobatek berak aitortu du «Txinatik Txinara egiteko estrategia» oztopo handi bat dela, eta, hori ikusita, Txinako bertako enpresekin aliantzak egiten saiatzen ari dira enpresa batzuk.
«Ez da edonorentzako merkatua. Gure lanaren parte da enpresa bakoitzari eskatzea erantzuteko zintzo bost galderari. Erantzunen bat ezezkoa bada, hobe da itxarotea»
BASQUE TRADE INVESTMENT
BTIk ez dio uko egiten konplexutasun horri. «Euskal presentzia sendotu egin da, eta ezarpenen kopurua egonkorra da. Azken urteetan, enpresa batzuk atera egin dira, baina konpentsatu egiten da berriekin. Batik bat ordezkaritzak irekitzen dituzte orain». Gaur egun, administrazio arloan «kontraesana diruditen bi errealitate daude», BTIren arabera: alde batetik, gaur egun ez da derrigorrezkoa tokiko bazkide bat izatea jarduera gehienetan, eta berrogei herrialdetako ordezkariei bisa eskaintzen die; bestetik, industria protekzionismoa ezarri du gobernuak. «Hala, gaur egun administrazio arloan errazagoa da Txina, baina industria arloan, zailagoa».
Beste aldaketa handi bat gertatu da azken urteetan Txinan ezarritako euskal enpresen artean, BTIk azpimarratu duenez: gero eta euskal ordezkari gehiago joaten dira hara. Eusko Jaurlaritzako agentziaren ustez, bi ondorio atera daitezke hortik: «Alde batetik, enpresak heldutasun batera ailegatu dira; kualifikazio handiko talentua dute han, eta gero eta gehiago uzten dute erantzukizuna Txinako taldeen esku. Beste ondorioa ez da hain atsegina, gero eta zailagoa baitzaie Txinan bizitza hara joaten direnei eta familiei». Arrazoiak askotarikoak dira. Hiri handietako bizimodu garestia, distantzia, nazioarteko giro nahasia...
Nafarroaren esperientzia
Nafarroan, berriz, 2017ra arte ez zen politikoki ezer egin. Manu Aierdi orduko lehendakariorde ekonomikoak oso argi zuen ikuspegia aldatu behar zela. «Hark esaten zigun munduaren grabitate zentroa aldatzen ari zela AEBetatik Asiarantz, eta zalantzarik gabe Txina lantzen hasi behar genuela. Orduan, gure ekintza estrategikoak sekulako jauzia egin zuen», azaldu du Miren Ausin gobernuko Nazioarteko Proiekzio Zerbitzuko buruak. Aierdiren garaian sartu zen zerbitzuan Ausin, eta gaur egun Txina herrialde nagusietako bat bihurtu da: «Instituzio mailan harremanak jorratu ditugu gero enpresei bidea irekitzeko. Horretarako, gu geu prestatu egin gara, eta, gero, sentsibilizazio handia egin dugu enpresen artean».
Lan horretan, Txinari buruzko jardunaldiak eta saio telematikoak antolatu zituzten 2018tik aurrera, baina «hasieran ez zen inor joaten». Ausinen arabera, Txinarekiko mesfidantza horretan «bi beldur» nagusitzen ziren. «Batetik, kopiatuko ote zieten beldur ziren. Alderantziz da, aurrea hartu baitigute. Orain guk joan behar dugu hara ikastera. Bestetik, ezezaguna denari diote beldurra. Enpresa txiki eta ertain askori gertatzen zaie: kanpora ateratzea konplexua da, esfortzu ekonomikoa eskatzen baitu, eta Txinara are gehiago».
«Manu Aierdik esaten zigun munduaren grabitate zentroa aldatzen ari zela AEBetatik Asiarantz, eta zalantzarik gabe Txina lantzen hasi behar genuela. Orduan, gure ekintza estrategikoak sekulako jauzia egin zuen»
MIREN AUSINNafarroako Gobernuko Nazioarteko Proiekzio Zerbitzuko burua
Nafarroako enpresen interesari begira, 2021etik aurrera nabaritu du aldaketa Ausinek, eta, azkenaldian, egoera geoestrategikoak zerikusia du. «Gauza asko batu dira, baina Donald Trumpek, berriro Etxe Zurira ailegatu denean, Europa oinpean jarri nahi izan du, eta horrek Txina on egin du. Jada ez da arerio, baizik eta bazkide estrategiko izan daiteke. Pedro Sanchezek ere asko bidaiatu du hara, eta bat-batean ikusten da Txina ez dagoela hain urrun, eta interesgarria dela».
2021etik aurrera, saio bereziez eta jardunaldiez gain, enpresentzako zerbitzu pertsonalizatuak antolatu dituzte: 2021ean, bost izan ziren; 2022an, hamazazpi; 2023an, berrogei; eta gaur egun ehun egiten dituzte. «Sentsibilizazioan aritzen ginen lehen, eta enpresei laguntza ematen diegu orain. Merkatu azterketak egiten ditugu, eta bezero posible batzuekin elkarrizketak antolatzen ditugu», kontatu du Ausinek. Azken bost urteetan Txinarako esportazioak egonkor mantendu badira ere (81 milioi eta 121 milioi artean), estrategia horrek luzarorako harremana eskatzen du: «Gobernu gisa, ezin duzu espero izan emaitzak berehala lortzea, Txinarekin are gutxiago. Ziurtatu behar dugu esparru instituzional egonkor bat sortzea, eta horri enpresentzako instrumentuak gehitzea, bidean laguntzeko».
Misioak Txinara
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, azken urteetan, Txinarako bidaiak eta misioak antolatu dituzte, inbertsioak Euskal Herrira erakartzeko eta enpresei Txinan ezartzen laguntzeko. «Garrantzitsua da enpresak Txinara bidaiatzea, enpresek zorua ukitzen baitute, eta tokian bertan ukitzen baitute hango merkatua», azaldu du Ausinek. Hara joan aurretik ongi prestatuta egotera behartzen ditu enpresak. «Han, topaketak antolatzen dizkiegu haien bezero bihur daitezkeen Txinako enpresaburuekin, eta aurrez aurre hitz egin behar duzu ordu erdiz. Negozioak egiteko beste modu bat, beste kultura bat...».
Ekainaren amaieran, Nafarroako Gobernuak bidaia bat antolatu zuen Txinara: Pekinen eta Shenzhenen izan ziren. Gobernuak akordio bat izenpetu du Shenzhen teknologia garapen handiko hiriko Longhua barrutiko gobernuarekin, eta, gero, lotura instituzional horrek erraztu egiten du enpresen arteko erlazioa. «Hamahiru enpresa etorri ziren gurekin, guztiak ere teknologikoki oso aurreratuak». Shenzhen hirian biltzen dira garapen teknologiko handiko enpresak, eta horrek arrisku bat du, Ausinen arabera. «Liluratuta gera zaitezke. Teknologiaren aldeko inbertsioa eta apustua hain dira handiak, Nafarroako enpresak guri begira jartzen baitira, esan nahirik bezala beraiek ere nahiko dutela halako apustua egitea».
«Gobernu gisa, ezin duzu espero izan emaitzak berehala lortzea; Txinarekin, are gutxiago. Esparru instituzional egonkor bat sortzea ziurtatu behar dugu, enpresei bidean laguntzeko»
MIREN AUSINNafarroako Gobernuko Nazioarteko Proiekzio Zerbitzuko burua
Handitasun teknologiko horretan tokia egitea da Hego Euskal Herriko enpresen erronka. Bere zailtasun guztiekin, aukerak eta abantailak eskaintzen jarraitzen du. Jada ez da soilik munduko hornidura katerik handienaren parte izan daitezkeela edo bezeroak gertu dituztela. BTI agentziak nabarmentzen duenez, gaur egun Txina ikasteko tokia da enpresentzat. «Jakintzaren joan-etorriak bi noranzko ditu gaur egun. Orain, Alemaniako enpresen herenek aitortzen dute Txinatik Alemaniara transferitzen dela jakintza, eta han ikasten dena baliagarria da gero enpresa munduan lehiatu dadin».
Beste aukera da helburu gisa hartzea Txinako enpresak Asia Ekialdera, Latinoamerikara edo Europara hedatzean haiekin batera joatea, Basque Trade Invetment agentziaren arabera: «Euskal hornitzaileak haien katearen parte bagara, zabaltzerakoan lagundu diezaiekegu eta mundu mailako hornitzaile bihurtu, baita hemen ere».