Merkataritza gerra

Txinak tarifak jarri dizkie AEBetako sojaren eta autoen inportazioei

BMW eta Mercedes izan daitezke gehien kaltetuak, haiek AEBetan egindakoak doazelako Txinara.

AEBetako nekazariei kalte handia egin die Trumpen merkataritza gerrak. TANNEN MAURY / EFE
Iker Aranburu.
2019ko abuztuaren 23a
09:44
Entzun

Erasoak eta kontraerasoak, su-etenak eta gatazkak, borondatea eta itxikeria, negoziazioak eta hausturak, txioak eta agiri ofizialak... Denetik asko du AEBen eta Txinaren arteko merkataritza gerrak, eta, hainbeste gorabeherarekin, zaila da jakitea zehazki zer egoeran dagoen munduko bi potentzia ekonomiko nagusien arteko harremana. Atzoko berriak ikusita, gaizki daudela ondorioztatu beharko da. Txinako Gobernuak iragarri zuen, izan ere, muga zergak handituko dizkiela AEBetatik inportatzen dituen hainbat produkturi; besteak beste, sojari eta autoei.

Tarifetako batzuk irailaren 1ean jarriko dituzte indarrean, eta bsteak, abenduaren 15ean. Data horiek ez dira ausazkoak, egun horiexek hautatu baititu Donald Trump AEBetako presidenteak Txinako produktuen inportazioa zergapetzeko. Neurrian dago aldea: 300.000 milioi dolarren inportazioei jarriko dizkie tarifak Washingtonek, eta 75.000 milioi dolarren inportazioei, berriz, Txinak. Arrazoia bien arteko merkataritza harreman desorekatuan dago, AEBek hiru aldiz gehiago inportatzen baitute Txinatik han saltzen dutena baino.

Datorren asteburuan indarrean jarriko direnen artean daude AEBetako sojaren eta petrolioaren gainekoak. Irailaren 1etik aurrera, %5eko beste muga zerga bat ordaindu beharko dute Txinan sartzeko. Tarifa horiek nahikoak izan daitezke AEBetako produktu horien inportazioa eteteko, Txinako erosleek alternatibak aurki ditzaketelako.

Konplikatuagoa da kontua abenduko tarifen ingurukoa, AEBetako enpresei ez ezik, han fabrikatzen duten enpresa europarrei ere zuzen-zuzenean eragiten dietelako. Hiru hilabete barruko muga zergek, besteak beste, autoen eta autoen osagaiei ezarriko dizkiete. Txinan sartzen direnean, %25eko muga zerga ordaindu beharko dute, eta %10 gehiago ibilgailu zehatz batzuek. Horrek esan nahi du batzuek %50eko tarifa izango dutela.

Neurri horrek batez ere hiru autogileri eragingo die: Teslari, Mercedesi eta BMWri. Teslak AEBetan soilik ekoizten du, eta Alemaniako autogileek AEBetan egindako autoak dira herrialde haren auto esportazioen zati handi bat. Berez, Txinak AEBetatik gehien inportatzen dituen hamar modeloetatik sei dira alemaniarrek egindakoak.  

Negoziazioak, airean

Iragarpenei garrantzia kenduz erantzun du AEBetako Gobernuak. «Kopuruak txikiegiak dira hazkundeari eragiteko», ziurtatu du Peter Navarrok, merkataritza gaietarako Trumpen aholkulariak. Arrazoirik ez zaio falta, esportazioak AEBetako ekonomiaren zati txikia baitira, eta are txikiagoa Txinara saldutakoak. Baina tarifek kalte zuzen-zuzena egingo diete nekazariei eta auto enpresei. Orain arte, nekazariei diru laguntzak emanez konpondu du Trumpek bere merkataritza politikak eragindako kalteak.  

Muga zergak ez ezik, dibisak ere erabiltzen ari da Txinako Gobernua AEBen erasoei erantzuteko. Azken asteetan, dolarrarekiko balioa galtzen utzi dio bere diruari, yuanari, hartara esportazioak errazteko. Tentuz egiten ari da, ordea, kapital ihes bat ez eragiteko.

Ikusteko dago Txinaren neurriek zer eragin duten negoziazioetan. Pekingo Gobernuaren asmoa zen irailean ordezkaritza bat bidaltzea AEBetara. «Ikusiko dugu», erantzun zuen atzo Larry Kudlowek, Trumpen aholkulari ekonomikoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.