Txinan egindako txip salmenten %15 AEBei ordainduko dizkiete Nvidiak eta AMDk

Bi konpainia horiek tasa moduko bat ordaintzea ametitu dute, txip jakin batzuk esportatzeko baimenen truke. Bihar amaitzen da AEBek eta Txinak merkataritza arloan akordioa lortzeko eta hala muga zerga handiak saihesteko 90 eguneko epea.

Nvidia konpainiaren zuzendari nagusia, Jensen Huang, Donald Trumpekin Etxe Zurian, apirileko argazki batean. KEN CEDENO / EFE
Nvidia konpainiaren zuzendari nagusia, Jensen Huang, Donald Trumpekin Etxe Zurian, apirileko argazki batean. KEN CEDENO / EFE
Irune Lasa.
2025eko abuztuaren 11
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste aldaketa bat AEBak eta merkataritza globala folletoi amaigabearen gidoian: Donald Trumpen gobernuak erabaki du Nvidia eta AMD Advanced Micro Devices AEBetako txip fabrikatzaileek ordaindu egin beharko dutela txip jakin batzuk Txinara esportatzeko lizentzien truke.

Zehazki, Nvidiaren H20 txipen eta AMDren MI308 txipen salmenten gaineko %15eko tasa bat ordaindu beharko diote AEBetako Gobernuari.

Hala ere, albistearen muinean beste txip batzuk daude, adimen artifizialerako garatuenak: HBM banda zabalera handiko memoriadun txipak. Bada bolada bat AEBak HBM txipen Txinarako esportazioak oztopatzen ari direla, eta gauza bera egitera bultzatu ditu Mendebaldeko herrialdeak. AEBen erreparo edo argudio nagusia da Txinak garapen militarrerako erabil ditzakeela txip horiek.

Bada, hori bai, beste argudio bat, beharbada ez horren agerikoa. AEBetan badago kezka Nvidiaren txip aurreratuenak eskura izanda Txinako Huawei eta Smic konpainia gai izango direla AEBeko lehiakideei gailentzeko adimen artifizialaren beraren garapenean.

GERMANY USA CHINA TECHNOLOGY
Nvidiaren txip bat, artxiboko irudi batean. HANSCHKE / EFE

Batarengatik, bestearengatik edo bi arrazoiengatik, 2023an Joe Bidenen administrazioak debekatu egin zion Nvidiari Txinara HBM txipak saltzea. Eta konpainiak, irtenbide gisa, propio Txinara saltzeko H20 txipak garatu zituen, zeinak ez diren punta-puntakoak, Etxe Zuriaren orduko baldintzak bete ahal izateko.

AMD konpainiak ere berdin egin zuen MI308 txipak ekoizten hasi zenean.

Apirilean, ordea, Etxe Zuriak eten egin zituen bi txip mota horien esportazio lizentziak, argudiatuta bazitekeela bi txip kamustu horiek ere modua ematea Txinari arlo militarrean eta teknologikoan aitzindari izateko.

Lizentziak berriz

Bitarte honetan, Jensen Huang Nvidiaren zuzendariak kanpaina handia egin du H20 txipentzako baimen eske. Huangek hanka sartzetzat du haien gaineko debekua, lehia oztopatzen duen heinean txipen garapena geldotzen duelako AEBetan, eta, bestalde, txip propioak garatzeko beharra areagotu Txinan.

Huang Trumpekin bildu zen ekainean, eta Etxe Zuriak iragarri zuen atzera baimendu zituela H20 txipen esportazioak, baina, bitarte honetan, ez da esportazio lizentziarik izan.

Asteazkenean, Huang Etxe Zurian izan zen berriz ere, eta, ostiralean, AEBetako gobernuak esportazio lizentzia eman dio, Txinari H20 txipak saltzeko. Financial Times egunkariak zabaldu zuen lizentzia horien truke Nvidika eta AMDk ametitu dutela salmenten %15 ematea AEBetako Gobernuari.

1.000

AEBek zenbat bilduko duten, milioi dolarretan Apirileko debekuaren aurretik, konpainiaren datuen arabera, Nvidiak 2.600 milioi dolarren salmentak izan zituen Txinan H20 txipekin, eta ezin izan zituen txip horietan 2.500 milioi dolar gehiago saldu. Datu horietan oinarrituta, adituek diote %15eko tasa, ordainsari edo dena delako horrekin AEBetako gobernuak 1.000 milioi dolar bilduko lituzkeela hiruhileko batean.

Oraindik ez dago argi kopuru hori nola eta zertarako geratuko den AEBetako Gobernuaren esku. Baina goxoki eskasa izango da Txinari txip horiek saltzearen kontra daudenentzat. Eta ez dira nornahi AEBetan. Orain gutxi, hogei bat segurtasun adituk gutuna idatzi diote Howard Lutnick AEBetako Merkataritza idazkariari, eskatzeko eragotzi dezala H20 txipak saltzea.

Baina Trumpen gobernua erakusten ari da segurtasun eragozpenak diruarekin gainditzen direla. Eta diruarekin gainditzen dira muga zergen kalteak ere, Applek erakutsi duen moduan: AEBetan inbertsioak egingo dituela iragarrita, lortu du txip inportazioen gaineko muga zergetatik salbuetsia egotea.

Hori bai, baliteke konpainia handiak gai izatea neurri batean muga zergen ondorio okerrenei izkin egiteko, baina txikiagoek ezingo dute.

Nvidiaren eta AMDren Txinako salmenten gaineko tasa AEBetako Konstituzioaren aurkakoa dela ere ohartarazi dute aditu batzuek, artikulu batek esportazioak zergapetzea debekatzen du eta.

Baina ikusi beharko litzateke neurria auzitara eramateak zer ondorio duen, azken buruan Trumpen sokako epaileak gehiengoa baitira gaur egun AEBetako Auzitegi Gorenean.

Txipak eta soja

Hala ere Pekinek benetan nahi dituenak HBM txipak dira, punta-puntakoak. Muga zergen harira AEBek maiatzetik abian dituzten negoziazioetan, Txinak behin baino gehiagotan ekarri du gaia hizpidera. 

Eta AEBetan kezka badago Trumpek ez ote duen, Xi Jinpingekin bilera egiteko bere ageriko guraria lortzeko, HBM txipen esportazioen debekua arinduko. 

Hain zuzen, bihar beteko da epemuga AEBek eta Txinak merkataritza akordio bat iritsi eta elkarri ezarritako muga zerga handiak saihesteko modua topatzeko. Horiek horrela

, AEBetako presidenteak dei egin dio gaur Txinari, AEBetako sojaren inportazioak lau halakotu ditzan, eta horrela merkataritza superabita arindu. Apirilean, Trumpek neurrigabeko  muga zergak jarri zituen indarrean Txinako inportazioen gainean, eta Pekinek ere neurri berean erantzun zuen, munduko merkataritza harremanik handiena ia ezerezera eramanda. Maiatzean, nolabaiteko su etena abiatu zuten aldeek, eta euren buruari 90 eguneko epea ezarri, akordio bat lortzeko. Abuztuaren 12an iraungiko da epe hori, bihar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.