Uda kaskarra izan da enpleguari dagokionez, abuztua bereziki, baina, ohi bezala, uztailean eta abuztuan galdutako enplegua berreskuratu egin da aurtengo irailean ere, nahiz eta beste urte batzuetan baino modu apalagoan gertatu den hori. Azken hilabetean, Hego Euskal Herrian 10.756 langile afiliatu dira Gizarte Segurantzan, eta uda beteko bi hilabeteetan 23.529 galdu ziren. Alegia, kontratuen erdiak baino baino gutxiago berreskuratu dira. Antzekoa da langabeziaren datua. Abuztuan 4.028 langabe gehiago zenbatu zituzten Lanbidek eta Nafar Lansarek, eta irailean, 2.210 gutxiago.
Irakaskuntzarekin lotuta dago udako enplegu galera eta iraileko enplegu sorrera. Ikasturte osoko ordezkapenetan aritzen diren irakasle batzuei kontratua amaitu egiten zaie uztailean eta abuztuan, baina irailean berriro kontratatzen dituzte, besteak beste gaixo dauden irakasleak eta eszedentziak hartu dituztenak ordezkatzeko. Hezkuntzarekin loturiko beste sektore eta zerbitzu batzuetan ere eten ohi dira kontratuak udan, hala nola garbiketan, jangeletan eta garraioan, eta irailean berreskuratzen dituzte. Gauza bera gertatzen da hezkuntza araututik kanpoko beste jarduera batzuetan, akademietan adibidez.
Guztira, 113.755 lan kontratu egin dira irailean. Lautik hiru (%76,6), zerbitzuetan. Hala, sektore horretan apaldu da gehien langabezia, abuztuan baino 2.278 langabe gutxiago baitaude. Beste guztietan ere behera egin du: industrian (-184), nekazaritzan (-30) — ia 1.500 kontratu gehiago egin dira irailean, besteak beste mahats bilketaren hasierarekin loturik—, eta eraikuntzan (-95). Aurretik enplegurik gabe zeudenen multzoan soilik egin du gora (+377).
%24,9Zenbat emakume ari diren lanaldi partzialean Genero arrakalak berean dirau. Lanbiden eta Nafar Lansaren erregistratuta dauden hamar langabetatik sei (%59,2) emakumeak dira. Bestetik, lau emakumetik batek du lanaldi partziala (%24,9), eta gizonen artean, hamarretik batek (%11,3). Lanaldi osoari dagokionez, proportzioak alderantzizkoak dira: gizonen %78,7k dute jardunaldi osoko kontratua, eta emakumeen artean, %57,5ek.
Â
855Zenbat langile dauden aldi baterako erregulazioan Irailaren 31n enplegua aldi baterako erregulatzeko 133 dosier zeuden indarrean Hego Euskal Herriko enpresetan. 855 langileri eragiten diete —iazko irailean baino 208 gehiago—, eta gehienek (497) lanaldi osoa dute etena. Erregulazio espediente bat zuten hiru langiletik bi (%66,2) gizonak ziren.
Horiek hala, langabezia tasak apur bat egin du behera, eta %9,55en kokatu da Hego Euskal Herrian, abuztuan baino 16 hamarren beherago. Guztira 135.349 pertsona daude enplegu zerbitzu publikoetan izena emanda.
Lan merkatua, sendo
Udako enplegu galerari buelta ematea lortu bada ere, Hego Euskal Herriko lan merkatuak sendo eusten dio. Duela urtebete baino 2.259 langabe gutxiago daude.
Lurraldeei erreparatuz gero, guztietan egin du behera langabeziak abuztutik irailera. Baina, iazko irailarekin alderatuta, Araban gehiago daude (+162). Besteetan behera egin du: Bizkaian 1.072 langabe gutxiago daude; Gipuzkoan, 117 gutxiago; eta Nafarroan, 1.232 gutxiago.
Abuztutik irailera, Bizkaian gutxitu da gehien langabeen kopurua (-1.110), eta Gipuzkoa gertu izan du (-1.006); Araban 84 langabe gutxiago zenbatu dituzte, eta Nafarroan, 10.
Kotizatzaileei dagokienez, Nafarroan bakarrik galdu dira: 719 gutxiago zenbatu dituzte irailean. Beste hiru lurraldeetan, berriz, gehiago dira: Bizkaian, 5.725; Araban, 3.397; eta Gipuzkoan, 2.354.
Guztira 1.332.635 afiliatu daude Hego Euskal Herrian: iazko irailean baino 15.198 gehiago. Ekainean ezarri zen afiliatuen marka historikoa Hego Euskal Herrian, 1.345.409 langilerena. Uztailean, nabarmen egin zuen behera (-6.384), eta abuztuan, 2008. urteaz geroztik izandako erorikorik handiena izan zuen (-17.145). Aurtengo irailean, iazkoaren antzerakoa izan da afiliazioaren datua: 10.756.
Beste joera bat ere sendotu da kontratazioan, 2023ko lan erreformagatik. Egiten diren lau kontratutik bat mugagabea da. Hala izan da irailean ere: %25,41. Lehen, %6-8 ziren.
ERREAKZIOAK
- Alfonso Gurpegi (EAEko Enplegu sailburuordea). «Emaitza hauek konfiantza ematen dute kalitatezko enplegua sortzeko eta nazioarteko egoerak dakartzan erronka ekonomikoei aurre egiteko».
- Carmen Maeztu (Nafarroako Enplegu kontseilaria). «Aurtengo irailean ez da langabezia handitu. Aurreko hiru urteetako iraileko joera hori apurtu egin da».
- ELA. «Iraileko hobekuntza txikia gorabehera, lan merkatua prekaritate eta egonkortasun faltaren dinamikan harrapatuta dago oraindik. Ez dago egiturazko aldaketarik, baizik eta geldialdi luze bat».
- LAB. «Udako epealdia lan baldintza prekarioetan sakontzeko baliatzen da, eta, horretarako, Espainian egindako lan erreformetan jasotako tresnak erabiltzen dira».
- UGT. «Lan merkatuko datu positiboak ez dira nahikoa soldatak hobetzen ez badira».