Enplegu galera handia ekarri du abuztuak: 17.145 afiliatu gutxiago

Uztailean baino 4.000 langabe gehiago zeuden erregistratuta Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan.

Bi irakasle oposaketak prestatzeko akademia batean, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Bi irakasle oposaketak prestatzeko akademia batean, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2025eko irailaren 2a
09:58
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oso txarra izan ohi da abuztua enpleguari dagokionez, eta aurtengoa ez da salbuespena izan. Are gehiago, mende honetako abuzturik kaskarrena izan da, enplegua Gizarte Segurantzaren afiliazioaren bitartez neurtuz gero: uztailean baino 17.145 afiliatu gutxiago izan dira. Horietatik asko hezkuntza sektoreko langileak dira, udako oporrekin batera enplegua galdu ohi dutelako akademietako irakasle, jangeletako langile, kirol jardueretako monitore eta ordezko irakasle multzo handi batek.

Langile horiek udazkeneko hilabeteetan kontratatu ohi dituzte berriro, eta pentsatzekoa da aurten ere gauza bera gertatuko dela. Iaz, esaterako, 24.000 afiliatu baino gehiago galdu zituen Gizarte Segurantzak udako hilabeteetan, baina 26.000tik gora izan ziren irailean eta urrian sortutako enpleguak. Aurten ere antzeko zuloa bete beharko da (23.500), uztailean 6.384 enplegu galdu zirelako. 

Galdutakoa berreskuratzea posible dela erakusten dute datuek: uda arte enplegua sortzen ari zen, eta aurtengo abuztuan, hilean gertatutako galera gorabehera, iazkoan baino 14.770 afiliatu gehiago ditu Gizarte Segurantzak. 

Afiliatuak erregimen orokorrean gutxitu dira, hau da, batez ere soldatapekoak biltzen dituen erregimenean, baina bada beste galera bat: autonomoena. Ia-ia hilero afiliatuak galtzen ditu atal horrek, eta 211.353 dira orain, 2019ko abuztuan baino 5.000 gutxiago.

Afiliatuak galtzen ari dira beste atal batzuk ere: nekazariak 7.500 ziren 2019an, eta 6.800etik behera dira orain; etxeko langileak 3.000 gutxiago dira.

Langabe gehiago

Enplegu bulegoetan ere lana pilatzen zaie abuztuan. Iaz 3.364 langabe gehiago erregistratu ziren hilabete horretan, eta aurten 4.028 gehiago izan dira. Hori bai: iaz bezala, Nafarroa izan da salbuespena, uztailean baino 150 lagun gutxiago baitaude langabe gisa erregistratuta Nafar Lansareren zerrendetan.

Enplegu galeraren zati handi bat hezkuntzari zor zaionez, zerbitzuetako langileen artean handitu da gehien langabezia (+3.965), baina industriak ere datu kaskarrak eman ditu (+458). Beste aldean, aurretik enplegurik ez zuten 450 lagun desagertu dira langabeen zerrendatik —udako enplegu bat lortu duten gazteak, nagusiki—.

%59,3

Langabeetatik zenbat diren emakumeak. Enplegu bulegoetan langabe gisa erregistratuta dauden hamar lagunetik ia sei emakumeak dira (%59,3), nahiz eta oraindik orain gizonen artean jarduera tasa handiagoa izan emakumeen artean baino. Abuztuan 2.483 emakume batu dira langabeen zerrendetara, eta 1.945 gizon.

Langabezia sarian ere eragina du hezkuntzako lanpostuen galerak. Udan kalera joan eta langabe gisa erregistratzen diren horietako gehienek langabezia saria jasotzeko eskubidea izan ohi dute —nahiko hilabete kotizatzen dituztelako—, eta horrek dakar udan langabeen babesa handitzea. Uztailekoak dira azken datuak, eta horiek erakusten dute langabeen %36,2k jaso zutela langabezia saria; ekainean %31,1 bakarrik izan ziren. Beste %13,7k subsidioa eskuratzen dute, eta erdiek ez dute ezer jasotzen.

%20,4

Kontratu mugagabeen kopurua. Udako lan merkatuaren beste ezaugarrietako bat da handitu egin ohi dela aldi baterako kontratazioa. Aurtengo abuztuan sinatu diren kontratuen %20,4 baizik ez dira mugagabeak izan. Kopururik txikiena da azken lan erreformak aldi baterako kontratuak egiteko baldintzak pixka bat gogortu zituenetik —%23,3 izan ziren 2022ko abuztuan—.

ELA kezkatuta azaldu da datuengatik, «erregistroak daudenetik abuztuan izandako daturik txarrenak baitira». Sindikatu horren arabera, behin-behinekotasunaren gorakadak erakusten du «lan merkatuan prekaritatea sakon errotuta dagoela, eta emakumeei, migratzaileei eta gazteei gehiago eragiten diela». Gainera, nabarmendu du langabezia tasa %9,7n dagoela, Europako Batasuneko batezbestekoaren oso gainetik —uztailean %5,9koa izan zen—.

EAEko UGTren izenean, Daniel Gonzalezek azpimarratu du hiru probintzietan langabe kopurua ia %4 handitu dela eta Espainian ez dela %1era iritsi. Gonzalezen ustez, «ezinbestekoa da euskal lan-merkatu indartsu bat finkatzea, eta, horretarako, bertan errotuta dauden arazoei aurre egin behar zaie, hala nola behin-behinekotasun handiari eta langabeziak emakumeengan eta 45 urtetik gorakoengan duen eragin handiagoari».

LABek kontratu motari erreparatu dio eta ondorioztatu du horietan sexu arrakala egiturazkoa dela: «Izan ere, lau emakumetik batek jardunaldi partzialeko kontratua du, eta gizonen artean proportzioa 10etik batekoa da. Aldiz, jardunaldi osoko lan kontratuei dagokienean, kontrako joera nagusitzen da: emakumeen artean %58,7k dute jardunaldi osoa, eta gizonen artean %79,1ek.

Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak garrantzia kendu die abuztuko datuei, eta gogorarazi du gune turistikoetan izan ezik, beste eskualdeetako ostalaritzan eta merkataritzan jarduera apala izan ohi dutela udako hilabeteetan. «Iraileko datuak guztiz bestelakoak izango dira», gaineratu du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.