UPNren gobernuak ez du zehaztu nola babestuko duen autogobernua

Nafarroako Gobernua azterketa juridiko bat egiten ari da, zehazteko zeintzuk diren Madrilen neurrietatik bete beharrekoakRaxoik arrazoitu du Kongresuan «okerraren eta are okerragoaren artean» hautatu dutela

joxerra senar
Iruñea
2012ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak bere burua definitu gabe jarraitzen du. Hauteskundeak ate-joka direla ematen duen honetan, Eusko Jaurlaritzak autogobernuaren defentsaren bandera hartu eta Espainiako Gobernuak ezarri dituen neurrien aurka egin du. Katalunian, Generalitateak aurre egingo die neurriei, eta CiUk iragarri du amaitu dela Kongresuan PPrekin zuen lankidetza. Espainian, Andaluziako Gobernua oso kritiko azaldu da, eta PPren erkidegoetako batzuek ere defizitaren muga kritikatu dute. Alabaina, Nafarroako Gobernuak isil jarraitzen du. Gobernu kontseiluko bileraren ostean, Marta Vera Osasun kontseilariak iragarri du autogobernuaren alde egingo duela, baina ez du esan hori nola egingo duten.

Verak argudiatu du oso denbora gutxi pasa dela Espainiako Gobernuak dekretua onartu duenetik. UPNren gobernua azterketa juridiko bat egiten ari da jakiteko Nafarroan zein neurri bete behar diren nahitaez, eta Verak ziurtatu duenez, lehentasun osoa du azterketa horrek: «Presa handiarekin ari dira lanean. Gaur goizeko 07:00etan ari ziren txosten horietan lanean. Bizi-bizi lan egiten ari dira. Bete beharrekoak diren neurrien berri izan nahi dugu». Ez du argitu noiz amaituko duten, ordea.

Dena den, kazetariek neurrien egokitasunari buruz galdetzerakoan, berriro erantzun du lehenik eta behin jakin behar dela zein diren bete beharreko neurriak. «Edonola ere, neurriak oso gogorrak dira, eta herritar guztiei esfortzu garrantzitsua eskatuko diete. Gobernuak berak, eskura dituen baliabideak erabiliz, ezarri beharreko neurri guztiak ezarriko ditu defizitaren helburua betetzeko». Verak dio funtzionarioei Eguberriko saria oraingoz ez diela kenduko. «Autogobernuaren alde egiten jarraituko dugu». Adierazi duenez, Nafarroako Gobernuak azken neurriak ekainean hartu zituen, eta «orduanikusi zen ez zela egokia». Jakina, garai hartan Raxoik ez zuen iragarria funtzionarioen saria kentzea.

Montoro: «Ez dago dirurik»

Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak Kongresukogobernuaren kontrol saioan funtzionarioei ezarritako neurriak zuritu ditu: «Ez dago dirurik, eta dirurik ez dagoenean lanaldia luzatu behar da». Montorok azaldu duenez, funtzionarioen soldata zerga bilketaren araberakoa da, eta diru sarrerek behera egiten badute soldatak ordaindu gabe geratzeko arriskua dago. «Hori ari da gertatzen autonomia erkidegoetan eta udaletan».

Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuak ere hitz egin du kontrol saioan. Haren esanetan, gobernuak oso ezbai zaila izan du: «Gobernuak ezin du hautatu oker baten edo onura baten artean, baizik eta okerraren eta are okerragoaren artean». Raxoik dio iazko defizita 90.000 milioi euro zela eta interesetan soilik 30.000 milioi ordaindu zirela. «Ezin dugu gastatu ez dugun dirua, ez digutelako mailegatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.