Zerga erreforma egitea beharrezkoa da, zerbitzu sozialei eutsiko dien «finantza gaitasuna egon dadin». Hala onartu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. EAJk eta PSEk adostu ondoren, 2014an indarrean sartutako zerga erreformaren gainean lanean ari direla azaldu zuen atzo, Bilbon: «Erreforma horren berrirakurketa bat egitera beharturik gaude». Erreforma horren indarraldia aurreko legegintzaldian amaitu zen, eta eredu hura berritzeko garaia dela esan zuen Urkulluk, «oinarrizko zerbitzuen iraunkortasuna bermatzeko». Zerga erreforma berri horrek «jarduera ekonomikoa laguntzea» helburu luke, baita «enplegu sorrera» ere. Kontua da «presazko arrazoiak» daudela hura egiteko, EAEko lehendakariaren arabera.
Hilabete honetako Finantzen Euskal Kontseiluaren bezperatan, Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak hautsak harrotu zituen Enpresek ordaintzen duten sozietate zergari buruzko hitzekin; tasa igo, eta enpresak gehiago pagatzeko tartea badagoela esan zuen. Batzarraren ondoren garbi geratu da edozein erreforma diputazioen oniritzia beharko duela, eta oraindik ez dela erreformaren txanda iritsi. Lakuako Ogasunak atzera egin behar izan du, gehienbat Gipuzkoaren eta Bizkaiaren oposizio irmoa aurkitu duelako aurrez aurre sozietate zergaren ahalezko erreforma baterako.
Enpresarien alboan
Hori guztia gertatu ez balitz bezala azaldu zuen egoera Urkulluk: «Ez dut uste inork Eusko Jaurlaritza zuzendu duenik, ezta Jaurlaritzak inor zuzentzeko asmoa duenik ere». Baina erreforma egiteko «presazko arrazoiak daudela» esatean bere Ogasun sailburuari eskua ematen ari zaiola ematen du; Finantzen Euskal Kontseiluan zerga sistema «tentuz eta patxadaz» aztertzekotan geratu eta gero, lehendakariak «presa» dagoela esan baitu. Bere gobernua enpresen laguna dela behar adina argi uzteko ere presa izan zuen, «enpresarien konpromisoa» aipatu baitzuen «hemen geratzeko, baita hemengo zerga presioa Madrilgoa baino handiagoa izanda ere hainbat kasutan». «Euskadin dugun zerga politikan sinesten dut enpresariei laguntzen saiatzen delako», esan zuen.
Arazoa da edozein erreformak Sozietate zerga ukitu beharko lukeela sinesgarritasuna edukitzeko. Errenta aitorpenaren bilketa %13,5igo den epe berean %17,6 jaitsi da sozietate zergarena. Beste alde batera begiratzea zaila ematen du.
Azken erreformaren azterketa EAJk eta PSEk egingo dutela ere garbi utzi zuen Urkulluk, eta erakundeen gobernuetan kolore politiko gehiago zeuden aroko harmonizatze eskaera ez dela ahaztu: «Hiru lurraldeetan ildo berean doan ekina eskaini behar da». Erakundeen arteko orekak zaindu gabe, nekez egingo dela aurrera zerga erreforman.
Urkulluk «presazko arrazoiak» ikusten ditu zerga erreforma egiteko
«Euskadiren zerga politika enpresariei laguntzen saiatzen dela» uste du, eta haien «konpromisoa» txalotu du «hemen» geratzen direlako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu