Iñigo Urkullu lehendakari berriaren gobernuak aurrez aurre izango duen lehenbiziko erronka ez da nolanahikoa izango. 2013. urterako aurrekontu proiektua prestatu beharko du gobernuak, agintera iritsi eta ia berehala. Mundu guztiak onartzen du aurrekontu gogorrak izango direla. Zerga bidez diru sarrerak handitzeko egitasmo berririk gabe eta Madrildik ezarritako defizit helburuak estututa, administrazio orokorraren gastua murriztea da gaur-gaurkoz gobernuak duen alternatiba ia bakarra. Nondik kendu, ordea?
Sekulako doikuntza iragartzen dute zenbakiek. Foru aldundien ekarpenak jaitsi direnez, gastu korrontea 680 milioi euro murriztu beharko luke gobernuak. Era berean, baimendutako defizita barne produktu gordinaren %1,5 izan beharrean %0,7ra mugatu du Espainiako Gobernuak. Zenbaki borobiletan horrek esan nahi du Urkulluren gobernuak zorpetze garbia 500 milioi euro gutxitu beharko duela. Iragarpen horiek betetzen badira, gastatzeko 1.200 milioi gutxiago izango lituzke, aurten 10.500 milioi zituen aurrekontu orokor batetik abiatuta. Gainera, zorraren interes eta amortizazioen truke aurten baino 90 milioi gehiago ordaintzea aurreikusita dago.
Hiru foru aldundien proiektuek gastu murrizketaren bidea aurreratu dute. Aurrekontu propioa %9 jaitsiko da Araban, %6 Bizkaian eta %3 baino gutxiago Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzaren ahaleginak horien gainetik egon beharko luke. Kontuan hartzekoa da, gainera, azken urteotan gastuari eusteko erabili den estrategia. 2012. urteko aurrekontua 2009. urtekoaren parekoa da, eta, bitarte horretan, 500 milioi euroren balio ekonomikoa duten eskumen berriak bere gain hartu ditu gobernuak. Garrantzitsuena, enplegu politika aktiboak.
Urkulluk berak ez du ukatu aurrekontu gogorrak izango direla. Nola orekatuko dituen galdetu zaionean, ideia orokor batzuk baino ez ditu aipatu, oraingoz. Gastu korrontetik badela nondik aurreztu argudiatu, eta administrazio publikoa gehiago «argaltzea» posible dela esan du. Protokolo, publizitate eta propaganda propio aipatu du. Haatik, alor horietan administrazio orokorrak duen aurrekontua 12,3 milioi euro baino ez da, departamenduak eta erakunde autonomiadunak aintzat hartuta.
Gastu korrontearen doikuntza kontuen egiturak berak agintzen dio. Izan ere, aurrekontu publikoetan gastu korronteak ezin ditu diru sarrera arruntak gainditu. Aurrezki positiboa utzi behar du kontuen parte horrek. Alegia, ezin da zorpetzea erabili gastu korrontea estaltzeko. Beste kontu bat da ondoren praktikan zer gertatzen den. 2009, 2010 eta 2011ko kontuak aurrezki negatiboarekin itxi ditu Jaurlaritzak, likidazioek jasotzen dutenez.
Diru sarrera arrunt ia guztiak aldundien ekarpenak dira. 2012. urteko aurrekontua prestatu zenean, ekarpen horiek 8.495 milioi eurorenak izango zirela aurreikusi zen. 2013. urterako, ordea, 7.815 milioi baino ez direla izango adostu zuten Finantzen Euskal Kontseiluan, Jaurlaritzaren abstentzioarekin. Alegia, 680 milioi euro gutxiago. Urte amaiera arte posible da batzar nagusiek moldaketa fiskal batzuk onartzea, baina horiek ez dira aurrekontuetan aintzat hartuko, honezkero ekarpena hitzartuta dagoelako. 2011. urtearekin alderatuz, aldundien ekarpena 1.000 milioi txikiagoa izango da, eta zorpetzeko aukera asko mugatu zaio gobernuari.
Gastua jaisteko ahalegin orok aurrekontuaren egiturarekin egiten du topo. Funtsean, Eusko Jaurlaritza zerbitzu emaile bat da, Carlos Agirre sailburuak sarritan nabarmentzen duen modura. Eginbehar nagusia zerbitzu publikoak eskaintzea da, bi beste guztien gainetik: osasuna eta hezkuntza. Bi sail horiek aurrekontu osoaren %60 hartzen dute, baina gastu korrontearen %66. Enplegua eta segurtasuna gehituta, Jaurlaritzak gastatzen dituen lau eurotik hiru esparru horietara doaz. Hezkuntza eta osasun alorrak ukitu gabe jokalekua asko estutuko zaio gobernuari. Nominak eta gastu sozialari eusteko diru sail nagusiak 7.000 milioi baino gehiago dira, gastu korrontearen %80.
Kapitulu ezberdinetan Jaurlaritzaren gasturik handiena non dagoen aztertuta, atal funtsezkoak ukitu gabe doikuntza gauzatzeko zailtasuna argiago ikusten da. Langile gastuak 1.950 milioi euro dira. Eskumen berriak hartu baditu ere, faktura ez da handitu azken urteetan. 2010. urtean %5 murriztu ziren soldatak, eta 2010, 2011 eta 2012an ordainak ez du hazkunderik izan. Halaber, erretiroak eta gaixoaldiak ordezkatzeko muga zorrotzak ezarri dira. Gastu horrek murrizketaren tamaina nabarmentzeko balio dezake: 1.200 milioi aurrezteko, langile publiko guztiak urte erdiz baino gehiagoz kobratu gabe utzi beharko lituzke gobernuak.
Osasunaren finantzaketa
Hurrengo atala funtzionamendu gastuak dira, 3.207 milioi euro. Diru publikoari buruzko eztabaida ia guztietan artaziak sartzeko hautagai nagusiena izan ohi da. Ez da hain erraza, hala ere. Kapitulu horretan biltzen den gastuaren %83 diru sail bakar batera doa: osasun finantzaketa eta kontratazioa ordaintzea (2.668 milioi). Azken urteotan sail horrek ez du aldaketa handirik izan. Gainerako dirua (540 milioi) gobernua lanean jartzeko erabiltzen da. Laburbilduz, bulego materialetik lokomozio gastuetaraino estaltzen du. Gaur egun, gastuaren %5 da, osasuna kenduta.
Aurrekontu korrontearen hirugarren atal nagusia transferentzia eta diru laguntza arruntak dira. Guztira, ia 3.300 milioi euroren gastua hartzen dute, eta horren azpian gobernuak egiten dituen politika nagusietako batzuk finantzatzen dira. Hain zuzen ere, hezkuntzak, enpleguak eta osasunak gastu horren %80 eramaten dute. Hezkuntzan, esaterako, 1.128 milioi eurotik 607 itunpeko ikastetxeak eta Haurreskolak partzuergoa finantzatzeko erabiltzen da, 107 milioi bekak dira, eta 280 milioi EHUri ematen zaizkio. Enpleguan, 368 milioi politika aktiboak eta prestakuntza ordaintzeko dira, beste 344 milioi gizarte laguntzak dira, eta 57 milioi, familiei emandako laguntzak. Azkenik, osasun sailari dagokion zatia (588 milioi) botikak ordaintzeko erabiltzen da ia osorik.
Laugarren atal horren gastua %3,3 jaitsi du Patxi Lopezen gobernuak aurten, besteak beste gutxieneko diru sarrerak bermatzeko ordaina %7 murriztuta. Kontu sail batzuetan gastu jaitsiera aspaldi hasi zen. Botiketan, esaterako, 650 milioi gastatzen ziren 2009an, eta, orain, 84 milioi gutxiago dira.
Gastu korrontea alde batera utzita, inbertsioak eta kapital transferentziak geratzen dira. Kontuak orekatzerako tenorean krisia hasi zenetik gehien murriztu diren atalak dira. 2012. urterako 611 milioi euroren inbertsio errealak jasotzen ziren. Hor sartuta daude AHTa finantzatzeko 350 milioi euro, ondoren kupotik kentzen direnak. Hala, Jaurlaritzak propio egindako inbertsioak 261 milioi baino ez dira. 2009. urtearen aldean, gastu hori %42 jaitsi da. Doikuntzaren parte handi bat hortik ateratzea ezinezkoa litzateke, hortaz. Kapital eragiketen atalak ere jaitsiera islatzen du. 2009. eta 2012. urteen artean kapitulu horren aurrekontua %23,5 jaitsi da, 244 milioi gutxiago.
PSE-EEk gobernu egituran egin zituen aldaketek eta eskumen berriek sailez sail aurrekontuek izan duten ibilbidea aztertzea zailtzen du. Haatik, 2010. eta 2012. urteen artean gastu jaitsiera adierazgarriak dituzten departamentuak badira. Ingurumen sailarena %12 jaitsi da, Kulturarena %10 —diruaren erdia EITB finantzatzeko da, 132 milioi aurten—, eta Herrizaingoarena, %7,5.
Gobernu berriak ez du ataka erraza. Errepasoa ikusita, bistan dago pisua duten diru sail handienek gizartea gehien kezkatzen duten esparruekin dutela zerikusia, osasunarekin, hezkuntzarekin eta laguntza sozialekin batez ere. Ariketarik zailena hori izango da: zenbakiek diotena sailez sail islatu behar izatea. Izan ere, azken urteotan kontrako bidea egin behar izan du gobernuak: diru sarreren aurreikuspen oparoegi bat egin ondoren, urtearen joanean gastua atxikitzen aritu behar izan du, nola edo hala aurrekontua orekatzeko.
2009. urteko itxiera
2009. urteko aurrekontuarekin gertatu zena horren erakusle da. Urte horretan 10.487 milioi gastatuko zirela aurreikusi zuen Ibarretxeren gobernuak. Ekonomiaren eta zerga bilketaren erorketak bideraezin bihurtuko zituen kontu horiek. Urte horretako likidazioaren arabera, aurrekontu eguneratua 11.350 milioi eurora igo zen. Zuloa estaltzeko 1.000 milioi eurotan zorpetu zen Patxi Lopezen gobernua, eta urte amaieran beste 1.050 milioi utzi zituen gastatu gabe. Jaitsiera oso adierazgarria izan zen, baina orain dagoen egoera gainditzeko ez luke balio izango. Izan ere, doikuntza gehiena inbertsioen eta kapital eragiketen herena geldituta lortu zuen gobernuak (720 milioi euro). 2011. urtean, berriz, eguneratutako aurrekontutik 669 milioi ez ziren gastatu.
2012. urterako aurrekontuaren itxiera honezkero gatazka iturri bihurtu da. Botere eskualdaketaren atarian, martxan dituen adjudikazio eta gastu aginduak gelditzeko exijitu dio EAJk jarduneko gobernuari. Ustez azken Gobernu Kontseiluetan hartuko diren erabakien eragin ekonomikoa ere aipatu du: 640 milioi euro. Lopezen gobernuak hori guztia ukatu du, eta egiten ari den gastua aldez aurretik konprometitutakoa dela ziurtatu du. Aurtengo kontuak ixteko arazorik ez duela izango adierazi du Ekonomia Sailak, defizit mugak gainditu gabe. Edonola ere, aurrekontua behin betiko ixtea hurrengo gobernuaren eginbeharra izango da.
Urkulluri dagokio orain lema hartzea. Asteburuan aurreratu du bere bidea zein den: «Gobernu berriak esaten duena egingo du. Ez du esango administrazioa argaldu behar dela, argaldu egingo du. Ez du austeritatearen predikua egingo, ezarri egingo du, baina susperraldi ekonomikoarekin bateragarri egingo du».
Finantza publikoak. 2013 urterako aurrekontuak
Urkulluren sudokua
Austeritatea eta administrazioaren argaltzea agindu du lehendakarigaiak 1.200 milioi euroren doikuntza egiteko; ez du erraza izango, gastu arruntaren %80 nominak eta diru sail sozialak baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu