Bi ozeanok urruntzen dituzte Europa eta Ameriketako Estatu Batuak. Fisikoa da bata (Atlantikoa), eta diru politika desberdinek eragindakoa bestea. Frankfurten ekonomia suspertzeko ezohiko neurriak luzatzen jarraitzen duten bitartean, Washingtonen diru politika normalago baterantz doaz, oso poliki bada ere. Zer da normalagoa? Interes tasak ez egotea zerotik hain hurbil, eta maileguak handitzeko hartutako beste neurriak —quantitative easing programa— gutxika uztea. Datorren asteartean eta asteazkenean bilduko da AEBetako Erreserba Federala, mendebaldeko bi blokeen arteko arrakala are handiagoa egingo duen bilera batean.
ZER EGINGO DU FED-EK?
Ustekabe handirik ez badago, Fed Erreserba Federalak interes tasak igoko ditu, bigarrenez azken urtean. 2008ko irailean Lehman Brothersen porrotak ekonomiari shock historiko bat eragin ondoren, bizkor jokatu zuen Fedek, eta interes tasak %0 eta %0,25 artera jaitsi zituen 2008ko abenduan, sor zitekeen edozein jarduera ekonomiko laguntzeko. Maila horretan zazpi urte egin ondoren, iazko abenduan tasak %0,25-%0,5 artera igo zituen, ordurako Janet Yellen buru zela. Orduko horretan iragarri zuen urrats txikien bidez tasak gehiago igoko zituela, eta, urtearen joanean, behin baino gehiagotan iradoki du hurrengo urratsa egitekotan zegoela. Baina Yellen eta Fedeko beste gobernadoreak erabakia atzeratzen aritu dira, batzuetan AEBetako ekonomiaren datu kontraesanezkoen ondorioz, eta besteetan nazioarteko egoera politiko konplexuaren ondorioz.
ZERGATIK ORAIN?
Azaro hasierako bileran nahiko garbi utzi zuen Yellenek unea iritsi dela, eta orduz geroko adierazpenetan ere ez du doinua aldatu. Izan ere, AEBetako ekonomia erritmo txukun batean ari da hazten —OCDEk kalkulatu du %2,3 haziko dela aurten—, eta, are inportanteagoa, langabezia azken urteotako mailarik txikienean dago, %4,6n, tasarik txikiena 2007az geroztik. 2010. urtearen hasieran %10eko langa gainditu ondoren, 15,6 milioi lanpostu sortu dira AEBetan, horietatik 178.000 joan den azaroan. Orain tasak igoko ez balitu, ekonomia gehiegi berotu daitekeela uste dute analista batzuek, eta horrek ekar dezakeela geroago interes tasak bizkorrago igo behar izatea. Fedek ez du mugimendu arriskutsu hori egin nahi.
ZER ONDORIO IZANGO DU?
Interes tasak igotzeak kapital gehiago gorabidean diren herrialdeetatik AEBetara joatea eragin ahal du, han errentagarriagoa izango delako. Dolarra are gehiago indartuko luke. Azken urtean %13 indartu da beste dibisa nagusien aldean, eta euroarekiko parekidetasuna ez du hain urruti (atzo, 1,06).
TRUMPEN GARAIPENAK
ONDORIOAK IZANGO DITU?
Ez da baztertu behar. Hasteko, merkatuek presidentegai errepublikanoari egindako ongietorri beroak gutxitu egin ditu arrazoiak interes tasak ez igotzeko. Hondamendia izan balitz, zuhurrago jokatuko zukeen Yellenek. Baina ondorio gehienak epe erdira gerta daitezke. Kanpainaren joanean Trumpek egin dituen ezohiko gauzen artean dago oso kritiko azaldu dela Erreserba Federalaren jokaerarekin eta, bereziki, haren presidentearekin. Bankari zentralen munduan, ia-ia ezkertiartzat jo daiteke Yellen, enplegua berreskuratzeari garrantzi apartekoa eman baitio.Trumpek iragarri du banku zentralaren independentzia mugatu nahi duela, eta horrek ez du bat egiten azken 30 urteotako ortodoxia ekonomikoarekin.
NOLA HARTU DU YELLENEK
TRUMPEN GARAIPENA?
Ziur aski, begi txarrez, baina jendaurrean zuhurra izan da. 2018ko otsailean bukatzekoa da haren agintaldia, eta bete egingo duela dio. Hortik aurrera jarraitzea oso zaila du. Trumpek iragarritako politika ekonomikoari buruz ere ez du busti nahi izan —«oraindik ez dakigu zer gertatuko den»—, baina erakutsi du gauza batzuekin ez dagoela konforme. Adibidez, bankuek beren bezeroen diruarekin jokatzea trabatzen duen Dodd-Frank legea bertan behera utzi nahi duela dio Trumpek. «Noski, ez dut nahi azken urteotan egin ditugun hobekuntza guztiak bertan behera ikustea; ez dut erlojua atzeratu nahi».