Urriaren 1ean, argindarra %4,8 garestituko da Hego Euskal Herriko erabiltzaile gehienentzat. Azken aukerako tarifa duten herritarrei eragingo die igoerak, gehienei, alegia. Dagoeneko merkatu liberalizatura pasatzeko jauzia emana duetenek, enpresa merkaturatzailearekin hitzartutako baldintzetan jarraituko dute. Espainiako Industria Ministerioaren arabera, kontsumo maila ertaina duen familia batek hilean 1,7 euro gehiago ordaindu beharko du argindar kopuru bera kontsumitzeagatik.
Azken aukerako tarifarekin argindarra merkaturatzen duten enpresek herenegun egin zuten datozen hiru hilabeteetarako prezioak ezartzeko enkantea. Enkante horretan, duela hiru hilabete baino %11 garestiago salerosi zuten argindarra. Merkatuak ematen duen emaitza hori azken fakturaren erdia inguru izaten da; beste erdia, sarbideko tarifari dagokiona, Espainiako Industria Ministerioak erabakitzen du. Miguel Sebastianek gidatzen duen ministerioak dagoeneko aurreratua zuen berari dagokion zatia ez zuela ez igoko, ez jaitsiko. Beraz, %5 inguruko igoera espero zen.
Dena dela, badira igoerarik antzemango ez dutenak. Gizarte bonoak dituztenek, esaterako, iazko urte hasierako prezio berean kontsumitzen dute argindarra. Bonoa eska dezakete lehenengo etxebizitzan hiru kilowatteko potentzia baino txikiagoa kontratatuta dutenek, oso errenta txikiak jasotzen dituzten pentsiodunek, familia ugariek eta kide guztiak lanik gabe dituzten sendiek.
Urrian %4,8 garestituko da argindarra hego euskal herritar gehienentzat
Kontsumo ertaina duen familia batek hilean 1,7 euro gehiago ordaindu beharko du, Industria Ministerioaren arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu