Langabe kopurua 2008ko mailara itzuli da

2023. urtean Hego Euskal Herrian 52.400 enplegu sortu direla dio INEren inkestak. Lanpostu berrien %45 aldi baterakoak dira, eta emakumeek betetzen dituzte lautik hiru.

Zerbitzuak
Zerbitzari bat garagardo bat prestatzen, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Iker Aranburu.
2024ko urtarrilaren 26a
11:05
Entzun

Hamabost urteren ondoren, Hego Euskal Herria ehun mila langaberen langatik behera geratu da. INE Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, 2023. urtearen azken hiruhilekoan 98.000 lagun zeuden lanik gabe lau probintzia horietan. Halako kopururik ez zen ikusi 2008ko hirugarren hilekoaz geroztik (93.700).

Orduan lehertu zen Atzeraldi Handia —Lehman Brothersek irailean egin zuen porrot—,  langabe kopurua handitu egin zen, eta 2013 hasieran 241.000 langabe ere izan ziren Hego Euskal Herrian. Orduz gero, urrats txikietan egin du behera langabe kopuruak, 2020ko itxialdiaren aldi baterako igoera gorabehera. 

Halaber apaldu da langabezia tasa. INEren biztanleria aktiboaren inkestak dioenez, Hegoaldeko biztanle aktiboen %7 daude gaur egun lanik gabe. Azken urtean bi puntu jaitsi da tasa hori, %9koa baitzen 2022ko azken hiruhilekoan.

Eustatek ere kopuru hori bera eman du Euskal Autonomia Erkidegorako, baina hiru lurralde horietan are txikiagoa da INEren datuetan (%6,3), eta soilik Nafarroako tasa handiagoak (%9,3) igotzen du Hegoaldekoa %7ra.

%7,8

Emakumeen langabezia tasa puntu eta erdi handiagoa da gizonena baino. INEren arabera, gizon aktiboen %6,3 daude lanik gabe, eta emakumeen %7,8. Azken urtean arrakala hori handitu egin da: gizonen langabezia tasa 2,2 puntu jaitsi da, eta 1,8 puntu emakumeena.

INEk dioenez, Arabak du tasarik txikiena (%5,1), baina lurralde horri buruz INEk ematen dituen datuak tentuz hartu behar dira beti, biztanle gutxi dituenez eta inkesta batean oinarritzen denez, jauzi handiak egin ohi ditu hiruhileko batetik bestera. Eustaten arabera, berriz, %7,6koa da langabezia tasa Araban.

Arabakoa ez da arreta pizten duen datu bakarra. Gauza bera esan daiteke 2023ko hirugarren hiruhilekotik laugarrenera egon den bilakaeran: 21.100 langabe gutxiago eta 21.000 okupatu gehiago.

52.400 langile gehiago

Eustaten inkestak eta Gizarte Segurantzaren datuek ere esaten dute azken urtean enplegua sortu dela, eta hala gertatu dela dio INEren inkestak ere. Zehazki, azken urtean 52.400 landun batu dira lan merkatura.

Enplegu horiek guztiak zerbitzuetan sortu dira (+59.200), okupatu gutxiago baitaude industrian (-3.400) eta eraikuntzan (-6.000).

Horrenbestez, 2023ko azken hiruhilekoan zerbitzuetan ari ziren Hegoaldeko beharginen %71,6. Urtebete lehenago %69,6 ziren. 

Apurka gutxitzen ari da industrian ari direnen kopurua: %22,5 ziren duela urtebete, eta %21,3 orain. Hori bai, kontuan hartu behar da zerbitzuetako langile asko industriako enpresentzat ari direla lanean, mota guztietako zerbitzuak emanez (informatika, garbiketa...).

Jaitsi egin da eraikuntzan ari direnen kopurua —%6,1etik %5,4ra—, eta egonkor dago nekazariena eta arrantzaleena (%1,7).

Emakume prekarioak

Langileak sexuaren arabera banatuz gero, arrakalak oso handiak dira oraindik ere. Eraikuntzako langileen %12,4 eta industriakoen %22 baizik ez dira emakumeak. Zerbitzuetan, berriz, %59 dira emakumeak, eta azken sektore horretan daude gaizki ordaindutako lanpostu gehienak.

Beste hainbeste esan daiteke lanaldiari buruz: INEren datuek diote Hegoaldeko langileen %16,1k dutela lanaldi partziala, baina portzentaje hori %25,3ra iristen da emakumeetan, eta %7,6an geratzen da gizonezkoetan.

Hain zuzen ere, ELAk nabarmendu du iaz sortutako 52.400 enpleguetatik 23.600 lanaldi partzialekoak izan direla, eta emakumeek betetzen dituztela lautik hiru. CCOOk, berriz, azaldu du gora egin duela kontratu mugagabeak, eta lautik bat direla dagoeneko. Edonola ere, pixka bat gutxitu da kontratu mugagabea duten soldapekoen kopurua: %80,6 ziren 2022 amaieran, eta %79,9, berriz, 2023 amaieran.

Sektore publikoak enplegu gehiago sortu du

Azken urteetako joera bat da sektore publikoak, portzentualki, enplegu gehiago sortzen duela pribatuak baino. Hori gertatu da 2023an ere. INEren arabera, Hegoaldean 227.400 langile ari ziren sektore publikoan lanean 2023ko azken hiruhilekoan, urtebete lehenago baino 13.900 gehiago. Langile guztien %17,2 ziren 2022 amaieran, eta %17,6 ziren, berriz, 2023 bukaeran.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.