2011. urtearen amaiera iragarri bezain txarra izan da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiarentzat, eta hamarren bateko hazkundea kendu dio urteko datu orokorrari. Eustatek atzo aurreratutako datuen arabera, hiru lurraldeen barne produktu gordina %0,6 hazi zen iaz. Nafarroa, berriz, %1,5 hazi zen.
Datuak baieztatzen du Hego Euskal Herriko ekonomia osoa atzeraldiaren ertzean dagoela. Izan ere, Nafarroan ere uzkurtu egin zen ekonomia urritik abendura; %0,3, hain zuzen ere. EAEn %0,2 izan da uzkurtzea. Lehen aldia da 2009ko hirugarren hiruhilekotik hazkundea negatiboa dela. Datorren asteazkenean azalduko du Eustatek zein izan den lurralde bakoitzaren bilakaera, bai eta sektorekakoa ere, baina aurreratu du industriak eta batez ere eraikuntzak oso bilakaera txarrak izan dituztela.
Azken datuek motz utzi dituzte urtearen joanean Eusko Jaurlaritzak egindako aurreikuspen guztiak. Urrira arte %1,4koari eutsi zion, baina udan hemen ez ezik Europa osoan izandako motelaldia ikusita, %0,8ra jaitsi zuen, eta %0,7ra azaroan. Orduan kalkulatu zuen aurten barne produktu gordina %1,4 handituko zela, baina orduz gero egoerak okerrera egin du nabarmen, eta hala egin du Jaurlaritzaren iragarpenak ere: %0,7ko hazkundea iragarri zuen azaroan.
Otsailaren hasieran Ekonomia eta Ogasun Sailak kaleratutako azken buletinean aldaketarik ez dagoen arren, oso litekeena daorain kopuru hori are gehiago jaitsi behar izatea, eta zenbaki negatiboetan sartzea. Izan ere, Carlos Agirre Ekonomia sailburuak atzo Eusko Legebiltzarrean aurreratu zuenez, Espainiako Gobernuak aurreratu die %0,5eko uzkurtzea espero duela 2012rako.
Are ezkorragoak dira beste iragarle batzuk: BBVAk %1,3ko atzeraldia aurreikusi du, %1,5ekoa Espainiako Bankuak eta %1,7koa Nazioarteko Diru Funtsak. Espainiari baino datu hobeak ematen dizkiote iragarleek EAEri, baina zaila da tartea hain handia izatea. Horrela, abenduan Confebaskek %0,4ko hazkundea iragarri zuen eta %0,1eko atzera egitea, berriz, Funcasek. Iragan astean Adegik iragarri zuen Gipuzkoako ekonomiak %0,5 egingo zuela atzera.
Eztabaida gogorra
Egoera ekonomikoari buruz Jaurlaritzak eta EAJk darabilten borroka dialektikoak Eusko Legebiltzarrean jarraitu zuen atzo. Hitz gogorrekin, gainera. Ricardo Gatzagaetxebarria EAJko legebiltzarkideak egoera ekonomikoaren larritasuna eta orokorrean ekonomiaz arrastorik ez izatea aurpegiratu dio Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariari. «Zuri zer gertatzen zaizu? Ez al duzu ulertzen, eta, ezjakina zarenez, ez zara datuez jabetzen?».
Erantzunean, Lopezek aitortu du ez duela bere burua aditu gisa hartzen, eta «gehiegi dakienaren itxura» hartzea egotzi dio Gatzagaetxebarriari. Lehendakariak gogor kritikatu du EAJk Eusko Jaurlaritzaren kontuei buruz zabaldu duen porrotaren irudia. «Badirudi azken egunotan darabilten kanpainarekin Euskadi porrotean egotea nahiko lukeela, hartara gobernua kritikatu ahal izateko».
«Boterera iristearren denak ez du balio», ohartarazi dio Lopezek Iñigo Urkullu EAJko buruari, eta «arduragabekeriaz» jokatzea egotzi dio, «Euskadiren sinesgarritasunarekin jokatzeagatik». Jaurlaritza porrot egiteko zorian dagoela ukatu du, eta «Euskadi beste batzuk baino egoera hobean» dagoela nabarmendu. Aitortu egin du defizita %1,3an uzteko helburua ez dutela bete, baina ziurtatu du desbideraketa ez dela Jaurlaritzaren gastuen errua izan, zerga bilketa uste baino mila milioi txikiagoa izatearen ondorio baizik.
Urte amaierako jaitsierak %0,6ra mugatu du EAEren hazkundea
2011ko azken hiruhilekoan %0,2 txikitu da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia; lehen datu negatiboa da 2009az geroztikIndustriak eta, batez ere, eraikuntzak oso bilakaera txarra izan dutela dio Eustatek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu