Mercosurreko kideek Europako Batasunarekin sinatutako merkataritza akordioa indarrean jartzeko prozesua azkartu nahi dute. Urtarrilaren 17an sinatu zuten, Asuncionen (Paraguai), baina, indarrean sartzeko, gutxienez parlamentu baten babesa behar du. Gaur bozkatu dute Uruguain eta Argentinan, eta bietan egin du aurrera.
Europako Batasunak ezin du akordioa berretsi, ituna EBko Justizia Auzitegian baitago, parlamentuak eramanda, Frantziak eta beste estatu batzuek bultzatuta eta nekazari elkarte nagusien babesarekin. Hala ere, Europako Batzordeak behin-behinean ezar dezake ituna, ebazpenaren zain geratu gabe. Oraindik ez du argitu zer egingo duen.
Uruguain, Senatarien Ganberak onartu zuen atzo, eta gaur Ordezkarien Ganberak gauza bera egin du. Atzo, Senatuan, testua aho batez onartu zuten, 31 boto posibletik 31 lortuta: gobernua dagoen Fronte Zabalaren ordezkariek eta oposizioko alderdi nagusietakoek babestu zuten. Akordioa Ordezkarien Ganberan 93 ordezkaritatik 91k eman dute alddeko botoa. .
Argentinan ere gaur egin dute azken bozketa, senatuan eta akordioak aldeko 69 boto eta aurkako hiru jaso ditu. Otsailaren 13an Diputatuen Kongresuan eginikoan, itunak aldeko 203 boto jaso zituen, aurkako 42, eta lau abstentzio.
Brasilen ere urratsa egin zuten atzo, Diputatuen Ganberak akordioa onartuta, indar politiko guztietako parlamentarien babesarekin. Senatuak berretsi beharko du aurki. Eta Paraguain martxorako espero dituzte bozketak.