Arabako ardo ekoizle eta mahastizainentzat urte zaila izaten ari da aurtengoa. Mahatsa biltzen hasteko egun gutxi falta diren honetan, aurreikuspenak ez dira batere onak: azken urteetako uztarik apalena espero dute. Izan ere, eguraldia ez dute alde izan; udaberriko ekaitz eta kazkabarrek eta azken egunetako bero sapek ez dute mahatsa heltzen lagundu. Mildiu onddoa garatzea ekarri du eguraldiak, eta fruituari inoiz ez bezalako kaltea egin dio hark.
Mildiu onddoak bereziki gogor erasan die mahatsondoei eremu batzuetan, eta batzuek uztaren zati handi bat galdutzat ematen dute dagoeneko. Villabuenako Candido Besa upategiaren kasua da hori. «Guk ia dena galdutzat ematen dugu. Pila bat galdu dugu onddoarengatik, eta kaltetuta ez zegoenari harriak bi edo hirutan ere jo dio gero. Ikusiko dugu zer geratzen den, baina oso gutxi bilduko dugu, seguru», aitortu du upategiaren arduradun Esti Besak.
«Guk ia dena galdutzat ematen dugu. Pila bat galdu dugu onddoarengatik, eta kaltetuta ez zegoenari harriak bi edo hirutan ere jo dio gero»
ESTI BESACandido Besa upategia
Mildiu onddoa aspaldiko ezaguna da sektorean, baina aurten nabarmen baldintzatu du ekoizpena. Mahatsondoen hostoetan orban horiak ateratzen dira, eta, tratatzen ez bada, hostoetatik mahatsetara igarotzen da, fruituak usteltzeraino. Besak azaldu duenez, aurten bat-batean agertu da onddoa, eta azkar hedatu, tratamendurako tarterik utzi gabe: «Egun batetik bestera aleak zuritzen hasi ziren, eta lizuntzen; galduta zeuden jada. Denoi gertatu zitzaigun, gainera, baina batez ere ekologikoan ari garenoi».
Izan ere, modu ekologikoan ekoizten dutenek oro har produktu gutxiago erabiltzen dituzte onddoaren kalteak arintzeko eta gaixotasunen prebentziorako, eta, beraz, ondorio larriagoak jasan dituzte beste batzuen aldean: «Guretzako latzagoa izan da. Gehienok edo ia denok uzta oso-oso txikia izango dugu. Modu konbentzionalean ari direnek eutsi egin diote pixka bat, eta gehiago bilduko dute. Hala ere, orokorrean esan daiteke uzta murritza izango dela aurtengoa».
Askotariko egoerak
Mañuetako Dominio Berzal upategian egoera ez da horren muturrekoa, nahiz eta han ere uztaren zati bat galdu duten bereziki Mildiu onddoaren ondorioz. «Normalean baino %40 gutxiago bilduko dugula uste dugu. Alegia, ez gara kalte handienak jasango dituena, ez eta kalte arinenak jasango dituena ere; batezbestekoaren barruan gaude», adierazi du upategiaren arduradun Iñigo Berzalek.

Berzalek aitortu du onddoak inoiz ez bezala erasan duela aurten: «Oso arraroa izan da; inoiz ez dugu horrelakorik ikusi». Baina zehaztu du kaltea ez dela berdina izan lurralde osoan; tokiaren arabera, mahatsondoari gehiago edo gutxiago erasan dio, eta haien kasuan lagungarri izan zaie hori, lursail denak ez baitituzte Ebro ibaiaren ertzean.
«Mendebaldean nahikotxo salbatu dugu. Aldiz, ekialdean, Eltziego eta Lapuebla de Labarca inguruan, kalteak handiagoak izan dira: uztaren erdia-edo galduko dute»
IÑIGO BERZALDominio Berzal upategia
Gainera, haiek «mahastizaintza tradizionala» egiten dute, eta, ekologikoan ekoizten dutenen aldean, onddoen aurkako produktu «teorian efizienteagoak» erabiltzen dituzte. «Beraz, Mañueta mendebaldean guk nahikotxo salbatu dugu. Aldiz, ekialdean, Eltziego eta Lapuebla de Labarca inguruan, kalteak handiagoak izan dira, eta kasu batzuetan uztaren erdia-edo galduko dute».
Errioxa sor-markako kontseilu arautzailearen datuek ere bi mutur horien isla dira, hain zuzen ere. Asteon zehaztu du hektarea bakoitzeko bildu daitekeen mahats kopurua, eta, aurreko urtearekin alderatuta nabarmen txikiagoa bada ere, muga ez da bera eskualde osoan. Lehen aldiz herriz herri egin da zehaztapena. Hala, Villabuenan eta Mañuetan 3.700 kiloko muga dute. Aldiz, Bastidan, Moredan eta Kripanen 5.200 kilokoa da.
«Ez dakit ongi nola egin duten, adimen artifizialaren bitartez egin dute, eta ikusteko dago horrek zer eragin izango duen», azpimarratu du Berzalek. Hala ere, iritzi dio sektorean dagoen desoreka leuntzen lagundu dezakeela, biltegiak beteta baitituzte askok oraindik. Besak ere azpimarratu du erabakiak «tranpak» saihesten lagunduko duela eta kanpoko mahatsa sartzea eragotziko lukeela. Hala ere, gogorarazi du neurriak bere horretan ez duela sektorearen arazoa konponduko.
Kalitateari eustea xede
«Upategi handiek izango dute mahatsa, baina txikiok ez. Guk inoiz ez dugu hartu baimendutakoa baino mahats gehiago», nabarmendu du Besak. «Gure kasuan, zertxobait erosi beharko dugu ardoa egin ahal izateko eta gure bezeroei eusteko, baina ez dakit non egingo dugun, nori eta zer preziotan, denok berdin gaude eta».
Bada, egoera arintzeko laguntzak ezinbestekoak izango dira askorentzat. Hain zuzen, Arabako Foru Aldundiak uztailean agindu zuen mahastizainei bideratutako laguntzak handitu egingo dituela, onddoak eragindako kalteak ez dituelako aseguruak ordaintzen. «Guk beti esaten dugu ez dugula diru laguntzen menpe bizi nahi, baina aurten beharko ditugu. Hala ere, ikusiko dugu zer gertatuko den horiekin ere, iaz ere ez baitzieten denei eman».
Berzalek, ordea, nahiago du txanponaren beste aldeari begiratu: «Uzta txikiago hau aukera bat ere bada Arabako Errioxako mahatsa Errioxa sor-markako gainerakoengandik bereizteko eta haien truke prezio duin bat ordaintzeko. Baita gure ardoek dagokien kategorian lehiatu ahal izateko, eta ez kalitatez erdipurdikoak diren sor-markako beste batzuekin».
Kalitateari eustea, hori baita denen xedea. Horretarako, geratzen den mahatsa heltzeko euri pixka bat egitea, zakarkeriarik gabe betiere: hori nahiko lukete bilketa hasi aurreko egun hauetarako. Ondo bidean, gehienak iraila erdi aldean hasiko dira uzta biltzen, batzuk lehenago ere bai, akaso, eguraldiak laguntzen badu behintzat.