Uztailean inoizko bidaiari gehien izan da Loiuko aireportuan

Joan den hilean 690.201 bidaiari pasatu dira Bilboko aireportutik, aurreko urtean baino %0,6 gehiago. Bidaiari kopuruak behera egin du Hondarribian eta Forondan.

Loiuko aireportua, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Loiuko aireportua, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Irune Lasa.
2025eko abuztuaren 12a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nahiz eta hegaldi kopuruek behera egin duten Bizkaiko aireportuan, joan den uztailean inoizko bidaiari gehien hartu ditu Loiuko aireportuak; hala jakinarazi du gaur AENA Espainiako Aireportuak eta Aireko Nabigazioa erakundeak. Denera 4.993 aireratze eta lurreratze operazioak izan dira Bilboko aireportuan, iazko uztailean baino %3,2 gutxiago, baina, hala ere, %0,6 bidaiari gehiago izan dira. 690.201 bidaiarik erabili dute aireportua, iazko uztailean baino 4.162 gehiagok.

Forondak ere hautsi du marka bat: uztailean egindako merkantzia garraioarena. Guztira 6.358 tona karga mugitu ziren Arabako aireportuan, iazko uztailean baino %3 gehiago. Halere, aurreko urteetako uztaileko datuekin alderatuta, bidaiari gutxiago izan dira (-%0,6). 27.450 bidaiarik erabili dute Forondako aireportua joan den hilean.

Bidaiarien kopuruak behera egin du Hondarribiko aireportuan ere. Handik 47.790 bidaiari igaro dira, iazko uztailean baino %5,4 gutxiago, nahiz eta aireratze eta lurreratze gehiago izan (%6,1) eta 682 operazio egin guztira. Hondarribiko aireportuak 50.000 pertsonatik gora hartu zituen iazko uztailean.

Noaingo aireportuan ere gora egin dute operazioek (%51,7): lurreratzeak eta aireratzeak 816 izan dira denera, baina bidaiari kopurua iazko uztailekoaren oso antzekoa izan da, eta 20.000 bidaiaritik gora zenbatu dituzte berriz ere, iaz baino %0,1 gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.