Ekonomiaren elektrifikazioaren bolada baliatu nahian, azpiegitura elektrikoen eta sare adimendunen hedapenari lotutako produktu berriak fabrikatu nahi ditu Velora Investek, eta horretarako lantegi bat eraikiko du Gasteizen, lehen Cegasarenak ziren lurretan.
Damaso Quintanaren konpainiak jakinarazi duenez, ehun milioi euroko inbertsioa egiteko asmoa jaso dute proiektuan, eta 120 lanpostu zuzen sortzekoa. Proiektuaren garapena, zehazki, Velora Investaren filial batek egingo du, ECN All Windek. Lantegia 2028rako eraiki nahi dute, eta jardun betean hasi 2029ko lehen erdian.
Quintana Jose Maria Aristrain Olaberriko (Gipuzkoa) altzairugintzako enpresaburu aberats eta ezagunaren iloba da. Madrilen jaioa da Quintana, eta hainbat enpresa ditu, tartean Cuxnet, aplikazio elektrikoetarako kobrearen eta aluminioaren transformazioan jarduten duena. Konpainia horren bitartez, Gasteizko ECN Cable Group eta Combinsa enpresen jabea da Quintana, eta Ireki eta Zulueta enpresak ditu Bizkaian.
Era berean, ECN Cablek %20ko partea du Mungiako (Bizkaia) Arteche konpainian. Artechek ere argindarraren sektorerako osagaiak eta ekipoak ekoizten ditu.
Bilboko Portuan itsasoko haize errotak egiten dituen Haizea Windeko parte hartzea da Quintanaren beste aktibo handi bat. Enpresaren %20 Ekarpen funtsarena da —Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak, Kutxabank eta Mondragon taldea—, eta enpresaburu madrildarrak %13 dauka.
Vicinay Marine estualdian da
Gasteizen lantegia zabaltzeko lanetan ari den bitartean, Quintana Sestaoko (Bizkaia) Vicinay Marine birmoldatzen ari da. Aspalditik estualdian dabil itsasorako kateak egiten dituen lantegi hori, eta hura erreskatatzeko operazio baten buru izan da madrildarra uztailean. Erreskate hori, hain zuzen, Cegasaren lurretan lantegia eraikiko duen Veloraren filial beraren bitartez egin da, ECN All Winden bitartez.
Eusko Jaurlaritzak %7,8ko partaidetza zuzena du ECN All Winden, eta Ekarpenek, %26,3koa. Gasteizen 120 enplegu sortzea aurreikusten den bitartean, Sestaoko Vicinayn 60 langile kaleratzea da asmoa.