Venezuelako upelak, Trumpentzat opari

Washingtonek eta Caracasek sinatutako akordioaren xehetasun gutxi azaldu dituzte, baina jakina da AEBek Venezuelako petrolioaren bostena inguru kontrolatuko dutela. Atzerriko enpresak asten honetan hasi dira Caracasekin akordioak sinatzen.

Cris Weight, AEBko energia idazkaria, eta Delsy Rodriguez, Venezuelako jarduneko presidente, Caracasen, asteazkenean. RONALD PEÑA / EFE
Cris Weight, AEBko energia idazkaria, eta Delsy Rodriguez, Venezuelako jarduneko presidente, Caracasen, asteazkenean. RONALD PEÑA / EFE
Iraia Leon Pego
2026ko irailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da harritzekoa Venezuelako baliabide aberatsak azkenean AEB Ameriketako Estatu Batuen esku geratu izana. Nicolas Maduro Venezuelako presidente ohia bahitzeko agindu zuenetik, Donald Trump presidenteak argi utzi du: petrolioa du jomuga Venezuelan. Zortzi hilabete igaro dira Caracas Washingtonen uberan dagoenetik, eta iragan ostiralean Etxe Zuriak iragarri zuen petrolioa kontrolatzeko modua ematen dion itun bat egin dutela.

Aste honetan hasi dira atzerriko petrolio enpresak AEBrekin eta Venezuelarekin negoziatzen eta hitzarmenak sinatzen; inbertsioen, ustiatzearen eta banaketaren nondik norakoak adosteko, besteak beste.

Zer sinatu dute AEBek eta Venezuelak?

Washingtonek eta Caracasek petrolioa kudeatzeko akordio estrategiko bat sinatu dute, eta, haren bidez, AEBek kontrola izango dute Venezuelako petrolio erreserben parte baten ustiapenean. Orain arte zabaldutako informazioaren arabera, AEBek petrolio erreserben %22 ingururen kontrola izango dute, eta %55eko partaidetza Caracasek eta Washingtonek sortutako enpresa bateratu batean, zeinak hamazazpi petrolio eremu ustiatuko dituen —enpresa hori munduko petrolio erreserbarik handienak dituztenen artean bigarrena izango litzateke—.


Bi gobernuek «historikotzat» jo dute hitzarmena, eta Delcy Rodriguez Venezuelako jarduneko presidenteak azaldu du akordioak 25 urte iraungo duela, luzatzeko aukerarekin. Hala ere, xehetasun asko argitzeko daude oraindik; tartean, nork egingo dituen inbertsioak, zein enpresak parte hartuko duten, zeinek izango duen jardueraren kontrola eta noiz jarriko den martxan. 

Zergatik jo dute akordioa «historikotzat»?

Aurrez inoiz egin gabea zen halako akordiorik Latinoamerikan. Venezuelak munduko petrolio erreserbarik handienak ditu —350.000 milioi upel inguru—, eta AEBei abantaila estrategiko handia emango die baliabide horien ustiapenean zuzenean parte hartzeak.


Horrez gain, baliteke hitzarmenak bi herrialdeen arteko harreman politikoak ere aldatzea. Washingtonen eta Caracasen artean, tirabirak izan dira nagusi azken urteetan, baina, Maduro atxilotu ondoren, AEBek zigor batzuk arindu dituzte, eta horrek bidea ireki du petrolio sektorean berriz inbertitzeko.

Zer irabaziko dute AEBek?

Washingtonek bermatuta eduki nahi du petrolio merkea eskuratzeko aukera, eta, akordioaren bitartez, AEBetako Estatu Departamentuak Venezuelako ekoizpenaren bostena inguru eskuratuko du, kostu prezioan; baita gainerakoa erosteko lehentasuna ere. 


Hornikuntza horri esker, AEBek petrolio erreserba estrategikoak bete ahal izango dituzte —azken lau hamarkadetako mailarik apalenean daude orain—, eta, tartean, armadaren hornikuntza bermatzeko erabili. Beraz, Trumpen esanetan, «Venezuelako herriak AEBei egindako opari bat da» ituna. 


Bestalde, Trumpen administrazioak iragarri du akordioaren bitartez eskuratutako petrolioari esker AEBetako inflazioa apaldu egingo dela. Dena den, seguruena da AEBek helburu hori ez lortzea, ez behitzat luze gabe.

Eta Venezuelak?

Urteetako gainbeheraren ondoren, akordioak herrialdeko petrolio industria suspertzen laguntzea, horixe espero du Caracasek. Rodriguezek jakinarazi du herrialdeak 19 dolar inguruko irabazia —16 euro— lortuko duela ekoitzitako upel bakoitzeko, eta guztira 209.000 milioi dolar inguruko diru sarrerak sortuko direla, upel bakoitzak 69 dolar balio dituela aurreikusita, betiere.


Bestalde, Venezuelako Gobernuak adierazi du AEBek diru laguntzak eta baliabide teknologikoak emango dituztela herrialdeko azpiegitura energetikoa berreraikitzeko. Horren harira, AEBetako estatu idazkari Marco Rubiok adierazi du itunak 100.000 milioi dolarren inbertsio pribatuak ekarriko dizkiola Venezuelari, baita AEBek herrialdeko berreraikuntza «gidatuko» dutela ere.  

Petroliontzi bat, Maracaibo hiritik gertu, larunbatean. HENRY CHIRINOS / EFE
Petroliontzi bat, Maracaibo hiritik gertu, iragan larunbatean. HENRY CHIRINOS / EFE

Bideragarria al da plana?

Hor dago zalantzarik handiena. Venezuelak ditu petrolio erreserbarik handienak, baina urteetako inbertsio faltak, ustelkeriak eta nazioarteko zigorrek oso ahulduta utzi dute sektorea. Gaur egun, herrialdeak 1,16 milioi upel ekoizten ditu egunean, duela hamar urtekoen erdiak baino gutxiago.


Adituen arabera, ekoizpena nabarmen handitzeko 100.000 milioi dolar baino gehiagoren inbertsioak beharko dira datozen urteetan, eta, horretarako, beharrezkoa da petrolio enpresa handiek Venezuelan apustu egitea. Hala ere, adituen ustez, enpresek nekez egingo dituzte halako inbertsioak;  izan ere, diru hori Venezuelan ipintzeko ezinbestekoa da egonkortasun politikoa izatea, eta batez ere, etekina izango dutela ziurtatzea. Repsoli, esaterako, 4.000 milioi dolar zor dizkio Venezuelak. Gainera, kontuan hartu behar da ez dela ziurra etorkizuneko gobernuek Caracas eta Washingtonen arteko akordioa babestuko duten —AEBek bi urte barru izango dute presidente berria, eta ez dago argi Venezuelako Gobernuak noiz arte iraungo duen—.

Nola erantzun dute enpresek?

Hitzarmena iragarri zutenean, Venezuelak azaldu zuen akordioa ez zela soilik Caracasen eta Washigtonen artekoa, eta «Chevron, Repsol, Eni, Shell eta BP bezalako enpresek» ere parte hartzea ezinbestekoa zela. Aste honetan, AEBko energia idazkari Cris Weight Venezuelan izan da, Caracasen eta petrolio enpresen arteako hitzarmenak ikuskatzen. Oraingoz, Chevron eta Eni enpresekin sinatu dituzte akordioak, baina Trumpekin lotura estua duten konpainia txikiagoekin ere negoziatzen ari da Venezuelako Gobernua. Chevronek azaldu du 7.000 milioi dolar inbertituko dituela datozen bost urteotan eta Orinoco petrolio gunean ustiatze eremu handiago bat esleitu zaiola.

Caracas LPEE-tik ateratzea aztertzen ari da

Akordioaren berri eman duten asteburu berean zabaldu da Venezuela LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea uzteko aukera aztertzen ari dela. Oraingoz, ez du erabaki ofizialik iragarri, baina aukera horren alde egiteak erakutsiko luke Caracasek gero eta lotura estuagoa izan nahi duela AEBekin, eta balitekeela nazioarteko petrolio merkatuan beste estrategia bat hartzea. Izan ere, LPEEtik ateraz gero, Venezuelak ekoizpen kuoten mendekotasun txikiagoa izango luke, eta AEBekin lerrokatzeko aukera handiagoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA