Viscofanek bi langile bota dituelako, grebara deitu dute otsailaren 4rako eta 5erako

Kasedako fabrikako beharginek bat egin dute ELA, LAB, CGT, UGT eta CCOOren deialdiarekin

joxerra senar
Iruñea
2010eko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Viscofan Kasedako fabrikan 19 eta 15 urtez lan egin duten bi behargin kaleratzea erabaki zuen zuzendaritzak joan den ostegunean, egun batetik bestera. Kaleratzeetarako arrazoi objektiboak aurkeztu ditu enpresak, eta kaleratutako bi langileek erabaki horren aurkako salaketa aurkeztu dute. Gainera, enpresak agian «beste zazpi lagun» inguru kaleratuko dituela azaldu dio langileen batzordeari. Horregatik, kaleratuak berriro ere lanera itzul daitezen eskatzeko, ELA, LAB, CGT, UGT eta CCOOk otsailaren 4rako eta 5erako grebara deitu dute, eta atzo, batzarrean, Kasedako fabrikako langileek babesa eman zioten deialdi horri.

Berriki, Kasedako fabrikan kolagenozko makina bat zelulosara eraldatzeko planak atzeratu egin ditu zuzendaritzak, eta hori dela-eta ekoizteko gehiegizko ahalmena dagoela arrazoitu du. «Mugimendu hori aitzakia baino ez da», dio ELA-Hainbateko Juan Larraiak. Haren iritziz, zuzendaritzak «nahierara» egin ditu kaleratzeak, eta gogorarazi du ez kaleratutako langileek ez mehatxatu dituztenek ez dutela makina horretan lan egiten.

Kaleratzeok ikusita, langileen batzordeak «erabateko gaitzespena» adierazi du, eta gogor salatu du ez dela errespetatu bestelako neurriak batzordearekin negoziatzeko eperik. Larraiak onartu du erabakiak ezustean harrapatu duela batzordea: «Lana Alemaniara igorri dute, eta horrek behin-behineko enpleguari eragin dio, baina ezerk ez zuen iragartzen enplegu finkoan murrizketarik egongo zela».

Langileen batzordeak gogoan hartu du 2008. urtean inoizko irabazi handienak izan zituela (51,4 milioi euro), eta iaz, berriz, marka hori gainditzeko bidean zihoala; urtarriletik irailera bitartean 47,9 milioi euro irabazi zituenez, marka hori hausteko bidean zen.

Izan ere, Viscofan talde handia da gaur egun. Batez ere, haragi produktuentzako kolageno, fribrosa, plastiko eta zelulosako bilgarriak ekoizten ditu. Kasedan du egoitza nagusia, eta han 500 langile inguruk lan egiten dute. Urdiainen, beste 60 langile inguru ditu. Dena den, mundu osoan zehar ekoizpen eta merkataritza zentroak ditu: hala nola Alemanian, Erresuma Batuan, Brasilen, Estatu Batuetan, Txinan...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.