Europako Batasunak gogortu egingo ditu Errusiaren eta hango agintarien aurkako zigorrak. Lehen aldiz, Vladimir Putin presidentearen eta Sergei Lavrov Atzerri ministroaren ondasunak izango dituzte jomugan —EBko herrialdeetan izan ditzaketen aktiboak izoztuko dituzte—, eta gehiago oztopatuko dute Errusiako bankuek eta industriek Batasuneko 27 herrialdeetan duten jarduna. Baina EBk hirugarren txanda baterako utzi du zigor ekonomikoen «botoi nuklearra» deitu izan duten neurri bat: Errusia SWIFT nazioarteko ordainketa sistematik kanpo uztea. Hori egiteak asko zailduko luke Errusiako enpresek eta finantza sistemak munduko beste herrialdeetakoekin tratuak izatea.
Orain arte, mahaitik kanpo egon da Errusia SWIFTetik kanporatzea, herrialde batzuek ohartarazi dutelako kalterik handiena ez diola egingo Errusiari, EBri baizik. Izan ere, Errusiarekinnegozioak egitea oztopatuko lieke han interesak dituzten europarrei, eta, batez ere, ukitu egingo luke Bruselak ukitu nahi ez duen arloa: Errusiaren gas eta petrolio inportazioak.
Energia zigorretik kanpo uzteko asmoak —Joe Bidenek berak onartu behar izan zuen AEBen zigorrek ez ziotela eragingo, petrolioa gehiago garestitu ez dadin— nolabait lasaitu zituen atzo merkatuak. Petrolioa berriro ehun dolarretik kanpo salerosi zen —98 dolarrean zen iluntzean—, eta gasaren megawatt-ordua berriro hurbildu zen maila horretara, bezperan 143 dolarrera iritsi ondoren.
Hidrokarburo salerosketen ugaritzeak lagundu egin zuen osteguneko izua baretzen. Izan ere, Errusiako tankeak ez ezik, Errusiako gasa ere ohi baino neurri handiagoan ari da zirkulatzen Ukrainan zehar: ostegunean bertan %38 handitu zen hornidura, eta beste %24 handitzekoa zen atzo Soiuz gasbidean. Polonia zeharkatzen duen Jamal gasbidea ere martxan hasiko da, bi hilabetez itxita izan ondoren. Nola azal daiteke gasaren iturria zabaltzea EBren eta Errusiaren arteko harremanak okerrenean daudela? Prezioa. EBko konpainiek Gazprom Errusiako hornitzailearekin dituzten kontratuen ondorioz, oraintxe merkeago ateratzen zaie Errusiari gehiago erostea, Europako hub edo merkatuetan erostea baino. Kontratuak beteko dituela agindu du Gazpromek.
Gerra Ukrainan. Zigor ekonomikoak
Vladimir Putin eta Sergei Lavrov zerrenda beltzean sartu ditu EBk
Errusiako presidenteak eta Atzerri ministroak EBn ondasunik badute, izoztu egingo dizkiete. Errusia SWIFT nazioarteko ordainketa sistematik kanporatzea aztertzen ari dira Bruselan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu