Gorabehera handiko egunak dira burtsan. Orain arte gehien zigortutako sektoreak, batez ere, etxegintza, eraikuntza, banka eta aire konpainiak izan dira. Orain telekomunikazioa gehitu zaie. Atzo, Vodafone munduko telefonia mugikorreko liderrak iragarri zuen Espainiako diru sarrerek behera egin dutela eta, urte amaierari begira, joera hori izango duela iradoki du. Iragarpenak lehiakideak kutsatu ditu, eta, Telefonicaren akzioek %5,56 egin zuten behera. Telefonicak bultzatuta, gorrian amaitu du Bilboko burtsak: %1,23 egin du behera.
Vodafonek emaitzak aurkeztu zituen atzo. Apiriletik ekainera 12.325 milioi euroko diru sarrerak izan ditu, eta iazko datuarekin alderatuz gero, %1,7ko hazkunde organikoa-kanpoko faktoreak eta fusioak kenduta, berezko hazkundea- izan zuen. Bereziki, handitzeko aukera handia ematen dioten Europa Ekialdeari zein Asiari esker. Arun Sarin kontseilari ordezkariaren arabera, emaitzok Europako hirugarren merkatuan, Espainian, izandako «ahuldadea» konpentsatzeko balio die. Salmentak%2,5 behera egin dute bertan .
Sarinek Espainiako ahuldadea azpimarratu izanak, arreta piztu du. Duela bi urte Vodafonek bi digituko hazkunde tasak zituen Espainian, eta hain denbora gutxianmerkatuak beherantz egiteak telefonia mugikorreko beste lehiakide handiari eragin dio: Telefonicari, alegia.
Hainbeste ezen Europako jaitsiera handiena nozitu baitzuen atzo. Ibex-35ean salerosi ziren 1.987 milioi eurotik, erdia baino gehiago (1.100 milioi euro) Telefonicak mugitu zituen. Akzioek jipoi galanta hartu zuten, eta %5,5eko jaitsierak atzerantz bultzatu zuen Madrilgo indize nagusia: %1,88, 11.610 punturekin amaitzeko. Inbertsiogileen urduritasuna gerarazteko asmoz,hainbat inbertsio bankuk iragarri behar izan zuten Telefonica aurtengo helburuak betetzeko moduan dela: salmentak %6 eta %8 artean igoko zaizkiola, alegia.
Telefonia mugikorreko hirugarren lehiakidea den Orangeren jabeak, France Telecom taldeak, %3,64 egin zuen atzera. Hala ere, Europako beste merkatuetan galerak apalagoak izan ziren. Eurostoxx50 indizeak %0,2 baino ez zuen behera egin. CAC-40 indizeak berriz, hasi bezala amaitu zuen: 4.327 punturekin.Vodafonez gain, Ericsson telekomunikazio enpresak iragarri du aurten bigarren hiruhilekoan201milioi euro irabazi dituela, iaz 677 milioi irabazi zituen. Mozkin handiak izan arren, burtsako inbertsiogileen ikuspuntutik, albiste txarrak dira, eta merkatuen ezkortasunean eragin dute. Batez ere telekomunikazioko akzioen artean.
Vodafoneren iragarpen ezkorrek %1,23 jaitsarazi dute Bilboko burtsa
Telefonia mugikorreko taldeak Espainian diru sarrerak %2,5 jaitsi direla iragartzeak Telefonicari eragin dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu