Martxoaren 4, 11, 17, 18, 24 eta 25ean greba egitera deituta daude Voitheko langileak. Langile batzordean ordezkaritza duten bi sindikatuek antolatu dute —ELAk sei ordezkari ditu, eta LABek, hiru—, eta «langileen babes zabala» jaso du.
Lanuztearen bitartez, lortu nahi dute zuzendaritzak enpresa hitzarmena betetzea, sindikatuen ustez hari izkin egiteko neurriak hartu dituelako azken urteetan. Batetik, salatu dute azpikontraten eta ABLE aldi baterako lan enpresen erabilera areagotu egin duela lan batzuk egiteko. Bestetik, saiatzen ari da lan hitzarmena ez aplikatzen «gazteei eta emakumeei», haien «kalteberatasuna baliatuta».
«Egoera ez da nobedade bat. Dagoeneko izen handiko enpresa gehiegi dira, batik bat industriaren sektorean, berdin jarduten dutenak. Lan erreformek beren eskura jarri dituzten lege trikimailuak erabiltzen dituzte, hainbeste borroka eta greba egun kostatu zaizkigun lan eskubideak baztertzeko», ziurtatu du ELAk zabaldutako agiriak.
Grebaren bidez, lan hitzarmena langile guztiei ezartzeko duela urtebete abiatutako negoziazioak desblokeatu nahi dituzte sindikatuek. «Hitzarmena errespetatzeko dago, eta guztiona da».
Ibarrako Apatta industrialdean (Gipuzkoa) dauka fabrika Voithek, eta papergintzarako makinak egiten ditu. Haren jabea Voith multinazional alemaniarra da.