Ez da giro Wolfsburgen (Alemania), Volkswagen automobilgintza taldearen etxean. Haren autoak pisua galtzen ari dira Txinan, non merkatu garrantzitsua baitzuten; muga zergak oztopo dituzte AEBetan; Europan eskaria oso apala dute pandemiaz geroztik; eta batez ere, VWren ibilgailuek gero eta lehia handiagoa dute Txinako auto elektriko eta hibridoekin, toki guztietan, baita Europan ere.
Taldeak dagoeneko iragarri du 50.000 langile kaleratuko dituela Alemanian, eta bi lantegi itxi. Horrez gain, asmoa du auto ekoizpena gutxitzeko, eta hamar milioi ibilgailu egin beharrean bederatzi milioi egiteko. Baina zuzendaritzak murrizketak halako bi izatea eskatu zion atzo taldeko gainbegiratze batzordeari, hots, 100.000 langile kaleratzea, lau fabrika ixtea. Baina batzordeak ez zien men egin Oliver Blume VWo zuzendari exekutiboaren presioei.
Batzorde horretako kideen erdiak, ez da ahaztu behar, langileen ordezkariak dira, eta Saxonia Behereko Gobernuak ere badu eragin ahalmenik. Haien buru Daniela Cavallok «nahikoa da» esan zuen atzo, eta Blumeri galdegin zion gaur bertan langileei azalpenak ematea. 2024. urtean, sindikatuek onartu zuten 35.000 langile kaleratzea VW markaren lantegietan.
150 modelo
Besterik ezean, aurrezte estrategia batekin atera zen atzo Blume batzordearen bilkuratik. Taldearen oharrak zehaztasun gutxi ematen ditu, baina, oro har, asmoa da modelo gutxiago egitea, bere eskaintzaren «konplexutasuna» murrizteko, eta baliabideak errentagarritasun handieneko segmentuetara bideratzeko.
Ikusi gehiago
Gaur egun, Volkswagen taldeak 150 auto modelo ditu bere eskaintzan, Porsche, Audi, Skoda eta ibilgailu komertzialetan.
Euskal Herrian badu lantegi bat Volskwagenek, Iruñeko Landabengoa. Bertan, errekuntzako VW T-Cross eta VW Taigo modeloak egiten dituzte, ekainean hasi zuten Skoda Epiq auto elektrikoaren ekoizpena, eta irailerako VW-ID Cross elektrikoa egiten hastekoak dira.Â