Wall Streeten galga

Iker Aranburu.
2009ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Gipuzkoan industrialde aspergarriak inauguratzen dituzten bitartean (Irunen), Miguel Sanz datorren urtera arte bukatuta egongo ez den autoentzako zirkuitu bat bisitatzera joan zen, Los Arcosera. Azkar joatea gustuko duela argi utzi du Nafarroako lehendakariak, batez ere gobernu krisien bihurguneak aurrean dituenean. Bizkor dabil azken urtean Burtsa ere, baina Sanzek ez bezala, batzuetan galgari eman behar izaten dio. Atzo, esaterako, abiada onean zihoala, geratzeko agindua jaso zuen Wall Streetetik, eta seko geratu zen. Enpresa askoren emaitzak uste baino hobeak izan arren, asteko bihurgune nagusia AEBetako barne produktu gordinaren aurrerapena da. Etzi egin beharko diote aurre, eta aldapa behera izango dela dirudien arren -%3,3ko hazkundea aurreikusi dute Reutersek galdetutako adituek-, gainditu arte ezin jakin abiada berreskuratzeko edo motelago joateko balioko ote duen.



ING bankuak (-%18), Bruselako monopolioen aurkako legeak behartuta, aseguruen adarra salduko du 2014rako. Gainera, 7.500 milioi euroko kapital handitzea egingo du, Herbehereetako Estatuak utzitako 10.000 milioiko laguntzaren erdia pagatzeko.



Iberia. Arazoak pilatzen ari zaizkio Espainiako aire konpainiari(-%5,93). Lurreko langileen grebaren ondorioz, ehunka hegaldi bertan behera utzi zituen atzo, eta Europako Batzordeak esan dio ez duela begi onez ikusten British Airwaysekin eta America Airlinesekin egindako ituna hegaldi transatlantikoak banatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.