Welspun Group Indiako multinazionalak bertan behera utzi du Tubos Reunidosek Trapagaranen (Bizkaia) duen lantegiko langile batzordearekin hitzartutako bilera. Astelehenean biltzekoak ziren, Indiako enpresak Tubos Reunidos erosteko egindako eskaintzaren baldintzak aztertzeko. EB Europako Batasunak, baina, enpresaren salerosketa baldintzatu duen txosten bat egin du, eta hortaz, Welspun Groupek denbora gehiago eskatu du egoera aztertzeko.
Bruselak ondorioztatu du Tubos Reunidosek SEPI Espainiako enpresa publikoarekin duen 150 milioi euroko zorra ordaindu behar duela, eta hori ezin dela kitatu. SEPIk 2022an erreskatatu zuen enpresa, eta orduz geroztik zorra izan du harekin. Gainera, Europako Batzordeak ohartarazi du zorra enpresaren ekoizpen unitateen salmentara ere hedatzen dela. Horrek zalantzan jarri ditu Tubos Reunidos erosteko interesa agertu duten bost hautagaien eskaintzak, guztiek zorra kitatzeko edo salmentatik kanpo uzteko itxaropenarekin aurkeztu baitzituzten proposamenak. Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu Mikel Jauregik atzo ohartarazi zuen zor hori dela Tubos Reunidosen etorkizunerako oztopo nagusia, inbertitzaileek ez baitzuten aurreikusten beren gain hartu beharko zutenik.
Welspun Groupek azaldu duenez, egoera aztertu eta haren eragina baloratzeko denbora behar du, «gai kritiko horri» konponbide bat bilatzeko. Indiako enpresak, hala ere, jakinarazi du oraindik baduela Tubos Reunidos erosteko interesa.
Munduko hodi ekoizle handienetako bat da Welspun, eta Tubos Reunidosek Trapagaranen, Amurrion eta Langraiz Okan (Araba) dituen lantegiak bereganatzeko aukera aztertzen ari da —hautagai gehienek Trapagaraneko lantegian soilik agertu dute interesa—.
Egoera argitu bitartean, hautagaiek abenduaren lehen astean aurkeztu beharko dituzte behin betiko eskaintzak. Hala ere, langile batzordeak jakinarazi du bost eskaintzek langile kopurua murriztea eta lan baldintzak okertzea aurreikusten dutela.