Sektore publikoa greban

Zerbitzu publikoak «hemen adosteko» exijitu dute sindikatuek

Grebaren erantzuna «oso zabala» izan dela azpimarratu dute. Manifestazioetan 30.000 langilek baino gehiagok hartu dute parte.

Gasteizko manifestazioa, eguerdian. RAUL BOGAJO, FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko urriaren 25a
14:35
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoan greba eguna izan dute asteazken honetan. Sindikatuen arabera, «oso zabala» izan da lanuzteari eman zaion erantzuna. «Pozik gaude erantzunarekin», nabarmendu du Igor Eizagirre ELAko zerbitzu publikoetako idazkari nagusiak, Bilboko manifestazioa hasi aurretik egindako adierazpenetan. Eizagirrek erakundeei leporatu die egoera aldatu nahi ez izatea: «Horren adibide argia da azken mahai orokorrean gertatutakoa: Madrilek erabakitzen duena aplikatzen jarraituko duela esan zuen Eusko Jaurlaritzak». Hori dela eta, esan du zerbitzu publikoen «enplegua eta soldatak hemen adostu» behar direla.

ELA, LAB, CCOO, Steilas, SATSE eta ESK sindikatuek eguerdian antolatu dituzte manifestazioak, eta 30.000 langilek baino gehiagok hartu dute parte: Donostian 10.000k, Gasteizen 6.000k, eta Bilbon 15.000 beharginek baino gehiagok. Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzan bildu dira manifestariak, eta Zerbitzu publikoak indartzeko, soldata eta enplegua hemen adostu! lelopean abiatu dute protesta. Kale Nagusian hainbat aldarri entzun ziren; besteak beste, «Zerbitzu publikoak indartu», «Hemen lan egin, hemen erabaki» eta «Borroka da bide bakarra» oihuen artean egin dute ibilbide osoa.

«Ez gara aldarri populistak egiten ari; errealitate bat da, eta hala erakutsi dute manifestazioek», esan du Eizagirrek. Eta aldaketa baten beharra nabarmendu du: «Erakundeei eskatu nahi diegu behingoz politika neoliberalak aldatzeko; zerbitzu publikoak hemen adostu behar ditugu, zerbitzu publiko unibertsalak, inpartzialak eta justuak gizartearentzat ezinbestekoak direlako».

Sektore publikoko hainbat arlotako langileek hartu dute parte Bizkaiko hiriburuko manifestazioan. Lanbide pribatizatzearen kontrako kartelak eraman dituzte behargin batzuek. Beste batzuek, berriz, hezkuntza publikoa «ez zapaltzeko» exijitu dute pankarta batekin. Osakidetzako Langileen Sareak ere protesta egin du, Osakidetzak erabiltzen dituen «iruzur hitzak» salatuz.

Manifestazioan, «Osakipresoak» zirela oihukatu dute. Osasun sistema publikoaren lehen arretak bere zutabea antolatu du. Moiua plazan, gainera, hainbat egun greban daramatzaten Correoseko garbitzaileek gainerako langileak itxaron dituzte; salatu dute bost hilabete daramatzatela kobratu gabe. Manifestazioko lagunen txaloak jaso dituzte emakumeek.

Osakidetzako langile talde bat, Bilboko manifestazioan
Osakidetzako langile batzuk, Bilboko manifestazioan.

Udaletxean amaitu dute manifestazioa. Han, sindikatuetako ordezkariek langileak zoriondu dituzte. «Milaka langile publiko bildu gara; egunero ikusten dugu nolako higadura eragiten duen lan baldintzen gainbehera honek lan egiten dugun zerbitzu publikoetan: ikusi, eta pairatu». Gogoratu dute abenduaren 19rako ere greba deialdia egin dutela: «Gaurkoa bikoiztu behar dugu; gure eskaerei erantzungo dieten erabakiak hartzen ez badituzte, kalean izango gaituzte». Eta greba feminista orokorrerako deia ere egin dute: «Azaroaren 30ean hitzordu bat daukagu».

«Kontrako norabidean»

Igor Arroyo LAB sindikatuko koordinatzaile orokorrak Iñigo Urkullu lehendakariari leporatu dio «autobidean kontrako norabidean doan gidaria» dela. Eta Eizagirrerekin bat egin du: «Norabidez aldatu dezala esan nahi diogu; eser dadila eta negoziatu dezala hemen». Hezkuntza, gizarte segurantza eta osasungintza «indartzeaz» gain, «zaintza sistema publiko komunitarioa» ezarri behar dela esan du. «Euskal Herrian badago aberastasun nahikoa hori egiteko; arazoa da patronalari eta eliteei mesede egiten dien politika fiskal bat dugula; hori aldatu ezean, ez da modurik egongo behar besteko garapena izateko».

Era berean, Iñigo Garduño EAEko CCOOren arlo publikoaren koordinatzaileak esan du erakundeek «apustu gogorra» egin behar dutela, zerbitzu publikoetan «baliabide ekonomiko eta giza baliabide nahikoak» izateko: «Kalitatezko zerbitzu publikoak nahi ditugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.