Zerbitzuak moteldu arren, hazkunde erritmoari eutsi dio EAEko ekonomiak

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordina %2,9 hazi da azken urtean, Eusko Jaurlaritzak urte osorako kalkulatutakoa

Irune Lasa.
2017ko urriaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ekonomia hazten ari da oraindik Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko herrialdeetan. Eustatek emandako datuen arabera, 2017ko hirugarren hiruhilekoan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako barne produktu gordinak %2,9 egin du gora iazko urtearekiko: hain zuzen, bigarren hiruhilekoko urtearteko hazkunde zifra bera izan da. Azken bi hiruhileko horien arteko tarteari erreparatuz, barne produktu gordina %0,7 handitu da, aurreko hiruhilekoan baino bi hamarren gutxiago.

Uda aurreko kopuruetan bezala, uztailetik irailera artean eskaintzaren aldetik lehen sektoreak, industriak eta eraikuntzak hobera egin dutela ikusi du Eustatek; ez da gauza bera gertatu, ordea, zerbitzuekin. Nahiz eta joerari eutsi, zerbitzuen sektorean hazkundea apalxeagoa izan da. Datu zehatzagoak azaroaren 29an emango ditu Eustatek, eta orduan jakingo da lurralde bakoitzaren hazkunde datua ere.

BPGaren bilakaerarekin batera, enpleguarena ere aurreratu zuen atzo estatistika erakundeak.Datu horretan ere ez da berritasunik: iazko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta, %2,2 ugaldu dira lanaldi osoko lanpostu baliokideak. Tasa bera egon zen apiriletik ekainera ere. Bigarren hiruhilekotik hirugarrenerako tarteari begira, berriz, hazkunde hori apalagoa izan da, %0,2.

Atzo Eustatek emandako datuek, neurri batean, berretsi egiten dituzte Eusko Jaurlaritzak urte bukaerarako dituen aurreikuspenak. Hain zuzen, asteartean, Iñigo Urkulluren gobernuak aurrekontuak aurkezteko tramitea baliatu du orain arteko hazkunde aurreikuspena hobetzeko. Aurten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa %2,9 haztea espero du, uda aurretik egin zuen aurreko kalkuluan baino bi hamarren gehiago.

Datorren urtean, berriz, hazkundearen erritmoa moteldu egingo dela iragarri du Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak: %2,4koa espero du orain, ekainean esandakoa baino hamarren bat handiagoa. Espainiako Gobernuak ez bezala, Azpiazuk ziurtatu du Kataluniako egoerak ez duela eraginik izango moteltze horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.