Europako Batzordeak aurrekontu arauen babes klausula aktibatu du astelehen honetan, zeinak onartzen duen herrialdeek zerga helburuak ez betetzea eta gastua handitzea.
Ekonomia eta Finantza ministroek onartu dute epidemiak hasieran aurreikusi baino atzeraldi handiagoa eragingo duela EBn, eta beharrezkoa ikusten dute erantzun azkar bat, gainbehera ez luzatzeko.
Europako Batzordearen arabera, osasun krisiak ekainaren amaierara arte edo harago irauten badu, baliteke ekonomia 2008ko finantza krisiaren ekitaldirik okerrenaren pare uzkurtzea; orduan, BPGa %4,1 jaitsi zen eurogunean, eta %4,2, berriz, EB osoan.
Europako zerga diziplinari buruzko arauak jasota daude Egonkortasun eta Hazkunde Itunaren erreforman (2011), eta, horien arabera, herrialdeen defizit publikoak ezin du gainditu haien BPGaren %3 eta zorraren %60.
Muga horiek gainditzen dituztenean, Bruselak murrizketa bide bat hitzartzen du herrialdeekin, urteko zuzenketa helburuak finkatzeko, eta, horiek bete ezean, zigortu egin ditzake. Baina, atzeraldi ekonomiko larria izanez gero, klausula horrek modua ematen du estatuak helburu horietatik aldi baterako desbideratzeko.
Hori onartu izana ohiz kanpoko urratsa da, zenbait herrialdek —bereziki, Alemaniak eta Holandak— zerga diziplina zorrotz betetzearen aldeko jarrera agertu baitute azken urteetan.
Estatuen zorra
Zerga arauak aldi baterako izozteaz gain, beste neurri batzuk hartzea aztertzen ari da eurotaldea. Beste bilera bat egingo dute asteartean, eta, hor, besteak beste, aztertuko dute MEDE erreskate funtsa erabiltzea, larrialdirako finantzaketa lerro berri bat sortzea eta koronabonu deiturikoak igortzea, pandemiaren aurkako borroka finantzatzeko. MEDE erreskate funtsak aukera emango lioke Europako Banku Zentralari herrialdeen zor subiranoa mugarik gabe erosteko.