Koronabirusa

'Koronabonuak' jaulkitzeko aukera aipatu du Europako Batzordeak

Egonkortasun Itunaren babes klausula ezarri du, estatukideei behar beste defizit baimentzeko. Enpresei laguntzak ematea onartu du

Milango katedralaren plaza erabat hutsik, atzo. MATTEO BAZZI / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Arma berri bat koronabirusaren kalte ekonomikoen aurkako armategian:koronabonuak. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak aipatu du EB osoaren bermea izango luketen zor bonu berezi batzuk jaulkitzeko aukera, gobernuek krisiari aurre egiteko egin behar duten gastu publikoa finantzatzeko. «Den-dena aztertuko dugu. Krisi honetan, eraginkorra izan daitekeen guztia erabiliko dugu», azaldu dio Von der Leyenek Deutschalandfunk irratian. Ildo horretan, egoera ezohikoa dela argudiatuta, Batzordeak muga guztiak kendu dizkio gastu publikoaren erabilerari, eta ez dio eragozpenik jarriko administrazioek kinka larrian dauden enpresei laguntza publikoak emateari.

Ikusteko dago koronabonuak jaulkitzeko proposamenari zer harrera egiten dioten Europa iparraldeko eta erdialdeko herrialdeetako gobernuek, oso uzkur izan baitira euroguneak azken urteetan izan dituen krisiei funts bateratuekin erantzuteari. Baina Europako Batzordeko presidentea alemaniarra —eta Angela Merkelen gertukoa— izateak irudika dezake estrategia aldatzeko prest. egon daitekeela EB, krisiak herrialde guzti-guztiei eragiten diela eta pandemia batek eragindakoa dela kontuan hartuta.

Edonola ere, Bruselan eta Frankfuren behin eta berriro nabarmendu dute estatukideei dagokiela krisiaren kalte ekonomikoak arintzeko eginbehar nagusia, haien esku dagoelako gastuaren zatirik handiena, eta haiek kontrolatzen dutelako zerga politika. Baina politika horien eraginkortasuna murriztuta izan dute azken urteetan, Egonkortasun Itunak lehentasuna eman diolako defizitak eta zorrak txikitzeari. Atzo arte, Egonkortasun Itunaren babes klausula indarrean jartzea aholkatu baitzuenEuropako Batzordeak. Klausula horrek aukera ematen die estatukideek defizit eta zor publikoaren helbururik ez bete behar izatea, betiere «shock ekonomiko bortitz bat» izanez gero. Lehen aldia da halako neurri bat hartuko dutela. Batzordeak egin du babes-klausula erabiltzeko proposamena, baina EBko kideen babesa behar du indarrean jartzeko. Luze gabe irits daiteke,

Diru publikoa enpresei

Ostegunean bilera egin zuen Europako Batzordeak, eta beste neurri bat ere hartu zuen: enpresek jaso ahal dituzten laguntza publikoen arau zorrotza malgutzea. Margrethe Vestager lehendakariordeak azaldu duenez, bost laguntza mota baimenduko ditu batzordeak, aldi baterako, eta egoera ezohikoa delako.

Horien artean inportanteena da administrazioek 800.000 euro arteko laguntza zuzenak, zerga beherapenak eta maileguak eman ahal izango dizkietela enpresei, haien likidezia beharrak betetzeko. Berme publikoak eta interes apaleko mailegu publikoak ere baimenduko ditu batzordeak, baita esportazioak aseguratzeko laguntzak ere. Bankuen kapitala indartzeko neurriak ere ontzat hartuko ditu Batzordeak, ez baititu bankuei emandako laguntza gisa hartuko, bezeroen aldeko gisa baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.