Kontu publikoak

Zerga bilketaren jaitsiera pixka bat apaldu da abuztuan, -%16raino

Joan den urteko lehen zortzi hilabeteetan baino 1.610 milioi euro gutxiago bildu dituzte  aurtengoan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru ogasunek.

Gipuzkoako Ogasun bulego bat, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko irailaren 15a
17:27
Entzun

Errenta zergaren bilakaera hobeak pixka bat txukundu du zerga bilketaren jaitsiera Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan. Erorikoa oso handia da oraindik, historikoa, ez baita urteroko kontua bilketa urte batetik bestera %16,6 txikitzea. Baina uztailekoa baino hobea da datua, orduan bilketa %19,9 ari baitzen gutxitzen.

Kopuru osoetan, 8.068 milioi euro jaso dituzte zergetan hiru aldundiek, iazko lehen zortzi hilabeteetan baino 1.610 milioi gutxiago. Esan daiteke 86 milioi txikitu dutela zuloa, uztailaren amaieran erorikoa 1.696 milioi eurokoa izan baitzen.

Edonola ere, kopuru horiek txiki geratuko dira urtearen bukaeran. Esaterako, azkenean bilketa %20 jaitsiz gero, ia 3.100 milioi euro jaitsiko da bildutakoa; %15 jaitsiz gero, 2.300 milioi eurotik gora. Hau da, bilketa 2014ko kopuruetara jaitsiko dela %20 txikituz gero, eta 2016ko mailara, %15 txikitzen bada.

Iragarpenek, huts

Kopuru bat edo beste bat bada, ezerezean geratuko dira joan den urrian Finantzen Euskal Kontseiluak egindako iragarpenak, bilketa %3,6 handituko zela kalkulatu baitzuten Jaurlaritzak eta aldundiek.

Zulo horrek batez ere Eusko Jaurlaritzari egingo lioke kalte, haren kutxetara doazelako ogasunek bildutako hamar eurotik zazpi. Gasteizko gobernua hasi da prestatzen egoera horretarako. Espainiako Gobernuarekin %2,6ko defizit muga hitzartu zuen abuztuan. EAE Euskal Autonomia Erkidegoaren barne produktu gordina  80.000 milioi direnez —Eustaten 2019ko datua—, Jaurlaritzak 1.800 milioi euroren zuloa egin ahal izango du aurten, eta zor merkatuetara edo bankuetara jo beharko du diru hori lortzeko. Iazko soberakinekin eta Espainiako Gobernuak Covid funtsetik emandako diruarekin zerga bilketaren jaitsieraren zatirik handiena bete ahal izango dutela esan du Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun kontseilariak: «Zerbitzu publikoei eutsi ahal izango diegu, ez ditugu murrizketak egin beharko, eta krisi ekonomikoari behar ditugun baliabideekin egingo diogu aurre».

Handia izango da zuloa Nafarroan ere. Ekainaren 30era arte 1.300 milioi euro jaso ditu Nafarroako Ogasunak, iazko lehen urte erdian baino 235 milioi euro gutxiago (-%15,3). Maria Txibiteren gobernuak BPGaren %2,3ko defizit muga adostu du Espainiako Gobernuarekin, baina beharrezkoa bada handituko duela agindu du.

Gipuzkoan, hobeto

Zerga bilketaren hobekuntza batez ere Gipuzkoari dagokio. Uztailera arte %19,9 ari zen jaisten, baina hilabete geroago %10,6ra murriztu da jaitsiera hori. Gipuzkoako Aldundiak azaldu duenez, errenta kanpaina bukatu berri du eta emaitza «ona» izan duela azaldu du Eider Mendoza bozeramaileak, iaz baino %2,8 gehiago jaso baitute. Jaitsiera handiak izan dira sozietate zergan (-%29) ordainketa batzuk atzeratu direlako, eta BEZean ere bai (-%16), kontsumoa asko jaitsi delako. Edonola ere, Mendozak iragarri du urte bukaeran %20ko jaitsiera espero dutela.

Kopuru horren inguruan daude Araban eta Bizkaian, uztailetik abuztura arte hobekuntza apal bat izan duten arren: -%20,3tik -%19,6 Araban, eta -%19,9tik -19,4ra Bizkaian. Arabako Aldundiak nabarmendu du hilabete batetik bestera egoera txukuntzen ari dela, eta iradoki du azaroan jauzi bat egin dezakeela, errenta zergako ordainketa batzuk orduan izango direlako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.