Zerga erreforma «sakona» eskatu die LABek administrazioei

Zerbitzu publikoak garatzea, langileen baldintzak hobetzea eta produkzio eredua eraldatzea du helburu LABek. Albiste ontzat jo dute Espainiako Gobernua osatzeko akordioa

LABeko Igor Arroyo eta Endika Perez. OSKAR MATXIN / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2023ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
LAB sindikatuak uste du aurrekontuei buruzko eztabaida «estrategikoa» dela, askotan «afera tekniko hutsa» balitz bezala aurkezten den arren. Horregatik, Hego Euskal Herrian aurrekontuak onartzeko epea eta horri buruzko eztabaida ireki diren honetan, sindikatuak bere proposamenak aurkeztu ditu, eta alor horretako lehentasunak finkatu.

Sindikatuko koordinatzaile nagusi Igor Arroyok atzo esan zuenez, ekoizpen eta kontsumo eredua eraldatzea, ondasunak banatzea eta zaintza eta osasun krisiei aurre egitea «erronka handiak» dira gaur egun. Horri ekin ahal izateko, «politika eta zerbitzu publikoak indartzea» funtsezkoa dela deritzo, eta, horregatik, «zerga erreforma sakona» galdegin zien Hego Euskal Herriko administrazioei: «Europako Batasuneko batezbestekoarekin parekatuko bagina, Hego Euskal Herrian 4.600 milioi euro gehiago izango genituzke zerbitzu publikoak indartu eta garatzeko».

Inbertsioen atalean, aurrekontuak «ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik berrikusteko» eskatu du LABek: «Aurrekontuak ez dira neutroak; beharrezkoa da klasearen, generoaren eta halako aldagaien arabera berrikustea», azaldu zuen Arroyok.

Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen aurrekontu proposamenean LABek ez du norabide horretarako asmorik ikusten: «Urkulluren gobernua hipotekatua dago, patronalarekin duen menpekotasunaren ondorioz. Eskari sindikal eta sozialei entzungor egiten die oraindik, eta, gainera, bere erantzukizunari muzin egin eta biktimaren rola hartzen ari da».

Babesa eta zaintza

LABeko Ekintza Sozialeko arduradun Endika Perezek zehaztu zuen sindikatuak zer hiru ardatz nagusi ezarri dituen eztabaidarako. Haren ustez, «babesari eta zaintzari» behar bezalako lekua emateko beharrezkoa da zerbitzu publikoak indartzea eta osasungintza, hezkuntza, pentsioak eta zaintza sistema komunitarioa garatzea. Ez du horretarako asmorik ikusten Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontuetan: «Osasungintzako inbertsioa Europako batezbestekotik urrun dago, hiru puntu beherago». Eskola publikoa indartzeko inbertsioa eta Europakoa baino apalagoa dela erantsi zuen, eta, pentsioen atalean, 1.080 eurora iristeko Pentsiodunen Mugimenduak egindako eskakizuna ez dela jasotzen.

Eremu publiko eta azpikontratatuetako lan baldintzak hobetzea da LABen bigarren proposamena. Anbulantzietako langileen eta «EHUko irakasle prekarioen» eskakizunak gogoratu zituen Perezek, eta esan zuen gatazka horiek konpontzeko diru sailik ez dela ageri Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontuetan.

Azkenik, «produkzio sistema aldatzeko bidezko trantsizioa» eskatu zuen LABek, eta salatu inbertsiorik ez dela egin asmo hori gauzatzeko. Perezek esan zuenez, aurrekontuetan ez da inbertsio publikorik enpresak birmoldatu eta bideragarriak direla bermatzeko, ezta bidezko trantsizio batzordeak finantzatzeko ere.

«Bloke erreakzionarioa»

Espainian Gobernua osatzekoalderdi politikoak egiten ari diren negoziazioak ere hizpide izan zituzten LABeko arduradunek. Arroyok esan zuen «albiste ona» dela «bloke erreakzionarioari ateak itxi izana», eta kezkaz hartu dute bloke horren «oldarraldia».

Espainian gobernua osatzean irekiko den fasean, «lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua bultzatzea» izango du LABek lehentasun nagusia. Sindikatuak bilerak egin ditu EAJrekin eta EH Bildurekin, eta sei eskaera aurkeztu dizkie lehentasun horrekin lotuta.

Bi alderdi politiko horiek «negoziazio estrategia desberdinak» dituztela adierazi ondoren, EAJk eta PSOEk Madrilen aurkeztutako akordioa aztertu zuen Arroyok. Esan zuenez, sei eskakizun horietatik bat —tokiko lan hitzarmenen lehentasuna— jasota gelditu da akordio horretan, eta garrantzitsutzat jo zuen hori. Beste bat ere agertzen da EAJren eta PSOEren arteko itunean, Gizarte Segurantzaren kudeaketaren transferentzia, baina «duela lau urteko hitzarmeneko terminoetan», eta horregatik «zuhurtziaz» hartu dute, «orduan ez baitzen bete».

Gainerako lau eskakizunak ez daude jasota akordio horretan, LABen esanetan: 1.400 euroko gutxieneko soldata, etxeko langileei negoziazio kolektiborako eta lan hitzarmena izateko eskubidea bermatzea, zerbitzu publikoetako murrizketak bertan behera uztea, eta pentsioak 1.080 eurokoak izan arte osatzea. «Botilaren bi herenak hutsik» daudela esan zuen Arroyok, akordioaren inguruko balorazioa laburbiltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.